Asteazkenean Zinemaldiak koadernotxoa aterako du egitarauarekin igandean eta igandetik aurrera sarrerak erosteko. Horri aurreratuz, nik Cannesen edo Berlinen ikusi eta gehien gustatu zitzaidanen zerrenda prestatu dut. Aurreko iruzkinean lau gomendatu ondoren, hemen dituzue, maite nituen hurrengo hiruak.
Film madarikatu baten argitaratzea gertatu zen Berlinen aurten. Lau hamarkada baino gehiago “desagertuta” egon den metrajea berreskuratu eta “Amazing Grace“ zoragarria eskaini ziguten, lehiaz kanpo, zinemaldiaren bukaeran. 1972an Aretha Franklin handia Los Angelesen bi egunez, meza-kontzertuan aritu zen. Hori filmatzen egon zen Sydney Pollack zinegile ezagunak. Baina bobinak galdu omen ziren. Batzuek zioten Pollackek ez zuenez kakleta erabili muntatzen ezinezkoa zela. Ustez hil baino lehen zinegileak filma muntatzea eskatu zuen eta horri heldu zion Alan Elliot ekoizlea buru zuen talde batek.
Tartean Spike Lee izan da ko-ekoizlea. Gogo horri esker festa handia izan genuen Berlinen. Filma ikusi genuenok altxa eta dantza egiteko gura izan genuen. Filmak gainera ustekabe batzuk ditu: oso gonbidatu berezi ikusleen artean. Horiek aurkitu behar dituzue. Urriaren 4ean estreinatuko da areto komertzial espainarretan. NORK GUSTUKO: Zine musikal eta artxiboko harribitxiak gustuko dituzuenek.
Eta poesiaz bete du Parisen jaiotako baina sustraiak Galizan duen Oliver Laxe zuzendariak bere hirugarren filma. Morocon bere lehen bi pelikulak filmatu ondoren, gurasoen Galizan etxea prestatu eta bertan filmatu du “O Que Arde” (Espainian “Lo Que Arde” izenburupean estrenaituko den pelikula. Galizan oso errotuta dagoen istoria bat jaso du: suteena. Ohi duen bezala aktore ez profesionalekin filmatu du. Eta ohi bezala harribitxiak aurkitu. Amador (Amador Arias) herrira itzuliko da bi urtez gartzelan egon ondoren suak pizteagatik. Benedicta (81 urte dituen Benedicta Sánchez) amak, bere barne zigorra pasa ondoren lasaitua hartuko du eta semea laguntzen saiatuko da. Baina herria ez dago barkatzeko prest.
Sute errealak filmatu ditu <strong>Mauro Herce</strong> argazki zuzendariaren kamarak. Kamara iaioa. Benetako suteen bila joan behar izanak asko zaildu du errodajea, naturak agintzen bait zuen. Filma poesiaz beterik dago, Laxek film sinplea baina ederra, ongi kontatua burutu du, nekazal munduaren isolamendua, konplikazioak eta hika mikak kontatuaz. Nola Galiziak eukaliptoetan sustraitu du bere etorkizuna, etorkizun kutsatua eta orain turismoari bota dion begirada. “Un Certain Regard” saileko Epaimahaiaren saria jaso zuen. Urriaren 11ean izango du estreinaldia Espainiako areto komertzialetan. NORK GUSTUKO: istoria sinpleak, naturari lotutakoak.
Canneseko Zinemaldiko hasta-en ofizialeko bigarren maila horretan ere zuzendari onenaren ikurra jaso zuen Kantemir Balagov errusiarrak. Duela bi urte sail horretan gailendu bazan “Tesnota” filmarekin, “Beanpole“ bigarrena aurkeztu eta saritu dute ere. Aurrekoan erabilitako godintasunean egindako filma, Leningradon, II. Mundu Gerran kokatu du. Frontean ezagututako bi neskak elkarrekin doaz bizitzera. Mashak (Vasilisa Perelygina) Iyaren (Viktoria Mironshnichenko) esku utzi du semea. Bere altueragatik, Beanpole, ezizenez ere ezagututako neskari mutikoak hiltzen zaionean lehenak eskaera gogorra egingo dio. Masharekin maiteminduta Iyak aukera gutxi ditu.
Alexander Sukorov zuzendari handiaren ikaslea, Kantemir Balagovek atseden gutxi ematen digu filmean. Trajedia une gogor batetik bestera goaz, frontean emakume askok sufritutako testuinguru dela, eta emakume bati dagokion normaltasun baten bila jasandakoa. Argazki aberats batean filmatuta, giro beroa azpimarratuz koloreen bidez, batez ere gorri eta berdearen bidez. Espainiako banatzaileak Santomas bezperan estreinatuko du filma “Una Gran Mujer” izenburupean. NORK GUSTUKO: Film gordinak baina aldi berean bisualki aberatsak maite dituztenak, amodio eta frontez kanpoko gerra historioak
Please comment with your real name using good manners.