Urtero Zinemaldi atarian egiten ohi dudan bezala, aurten Cannesen eta Berlinen ikusitako eta zinemaldira “Perlak” deitzen den sailean ekarritako batzuen nire gomendioak egingo ditu. Eta hasteko esan, pare bat ikusi gabe izanik eta baten bat maite ez dudalako, gehientsuenak gomendatuko nituzke. Beti bezala gogoratu “Perlak” jada hainbat banatzaileen iragarki plataforma bihurtu dela eta hemen behean aipatutako gehientsuenek areto komertzialetan datozen hilabeetan izango dutela estrenaldia.
Horrela Espainiako zine aretoera urriaren 25an iritsiko da Canneseko zinemaldiko azken Urrezko Palma. Bong Joon-Ho zuzendari hegokorearren “Gisaengchung“ (hemen “Parásitos” bezala ikusiko dena). Aurretik Zinemaldiko “Perlak” sailean izango da gizarte kritika egiten duen trajikomedia ederra eta azkarra. Generekoekin jokatzen duena. Zinemaldiarekin harreman handia duen zinegile baten azkena.

Soto batean bizi den familian laurak lanik gabe daude. Ikaskide baten bidez, semea (Choi Woo Shik) enpresa gizona eta honen emaztearen etxean lanean hasiko da alabari eskolak ematen. Horrela gutxinaka arreba (Park So Dam), aita (Song King Ho zuzendariaren aktore kuttuna) eta ama (Chang Hyae) sartuko ditu etxe horretan lanean. Jakin beharko dute aberatsen mesprezua sahiesten. Baina euren poza eurak baino okerrago dauden batzuk ezagutzerakoan bukatuko da. Guztiz gomendagarria Ipar Korearekin duten gerrak sortutako txiste eta egoerak trufatuta dagoen film hau. NORI GUSTATUKO: Zine politikoa eta aldi berean komedia maite duen orok.
Céline Sciammaren azkenak txundituta utzi gintuen Cannesen ikusteko aukera izan genuenoi. Filmeak irudikatzen duen pasioak eramanda Urrezko Palma eskatu genuen batek baino gehiagok “Portrait de la Jeune Fille en Feu“ honentzat. Filmearen muinoan itsatsita geratzen diren lehen amodioa eta pasio baten erretratua, non ukimenak eta maitatuaren keinuak aztertu eta gordetzen diren. Taula batean bezala amodioaren sorreraren pintzeladak jasotzen dira. Baina ez bakarrik. Ezkututako errealitatea, emakumeen artisten eta orokorrean emakumeen unibertsoaren aldarrikapena egiten den. Ederra, txundigarria, zoragarri filmatuta eta antzeztua.

Filmaren hasieran Mariannek, margolari batek, (Noémie Merlant) gogoratzen du zergatik margotu zuen koadro bat. Bretainako uharte batera heldu zen, ezkondu behar zuen neska baten, Héloïsen (Adèle Haenel) erretratua margotzera, senargaiarentzat. Valeria Golino aktore italiarrak gorpuzten duen amak eskatuta. Bizitza zer den ezagutzen ez duen neska eta arauei leial baina libre den emakume baten arteko harremana sortuko da. Zinemalditik pasa ondoren, Espainian urriaren 18an “Retrato de Una Mujer en Llamas“ izenburupean estrainatuko da film eder hau, Cannesen Gidoi Onenaren saria baino ez jaso zuena. NORI GUSTATUKO: Amodio istoriak, artearen inguruko erreflexioak eta aldarrikapen feministekin bat datozenak.
Eta Sciammaren azkenak Canneseko kritika txunditu bazuen, Wang Xiaoshuairenak Berlinekoa. Inglesesez “So Long, My Son“ izenburupean, Txinaren azken 30 urteetako erretratua egiten digu. Politikak horrela aginduta semea bakarra duen bikote baten eta haren bizilagun diren beste bikote baten begien bitartez. Flash backen bidez kontatuta. 1980 hamarkadatik gaurdaino egindako puzzlea.
Zinegile txinatarrak 2001an irabazi zuen Epaimahaiaren saria 2001ean. Sei urte beranduago bere “In Love We Trust” bere filmak gidoi onenaren saria boltsikoratu zuen. Ondorioz, itxaropena handia zegoen. Eta zuen hutsegin. Azken film honen bi aktore nagusiek, Jingchun Wang-ek eta Mei Yong-ek aktore onenen Zilarrezko Hartza Jaso zuten. Poesiaz eta irudi ederrez beteriko filma Zinemaldia bukatu bezperan estreinatuko da Espainiako zine aretoetan, “Hasta Siempre, Hijo Mío“ izenburupean. NORI GUSTATUKO: Film txinatarrak, errealitate politiko eta sozialak gaitzat dutenak maite dituztenek.
Pittin bat beranduago, azaroaren 22an, iritsiko da Espainiako areto komertzialetara “Les Miserables“, Cannesen epaimahaiaren saria jaso zuen filma. Malin sustraiak dituen Ladj Ly zuzendariak gertu ezagutzen zuen Pariseko kanpoko auzo pobreen egoera eta poliziaren gehiegikeria erretratu zuen, besteak beste, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian bezala jaialdi askotan emandako film laburra. Horri tiraka bere lehen luzea egin eta zuzenean Sail Ofizialera eta sarituta. Zine soziala, zine politikoa, edota kutsu soziala duen zine poliziakoa bizkorra. Film indartsua ikusi nahi ez den Frantziako errealitatea azalaratzeko.

Frantziako futbol taldeak, Afrikar jatorriko jokalariez osatutako taldeak, Mundu Kopa irabazi berri du. Etorkinez jotako auzoetan eromena. Giro horretan, bertako polizia taldera etorriko da Frantziako kostan lan egindako Stéphane (Damien Bonnard) poliza berria. Beste bi polizien laguntzaz auzoaren errealitatea ezagutuko du. Talde erlijiosoak eta marka faltsuen salerosketetan daudenak, gaiztakerietan dabiltzan mutikoak eta lerroak gainditzen dituzten poliziak. Bat batean, polizia operazio baten erdian, polizia bati eskua joango zaio, mutiko bati eraso egingo dio eta airean dagoen dron batek filmatuko du. Dron horren bila ekingo diote poliziek gehiegizko indarkeri hori publika ez dezaten. NORI GUSTATUKO: Film politikoak laket dituztenek.
Bigarren iruzkin batean, film musikal bat eta bi drama, bata galiziarra, best errusiarra
Please comment with your real name using good manners.