CANNESetik
Canneseko zinemaldiako 72. edizioak bereak eman ditu jada. Hamabi egun eta gero, gauean jakingo da zein filmek jaso duen Urrezko Palma eta zeintzuk Lehiaketa Nagusiko beste sari nagusiak. Zeremonia bukatu eta “Hors Normes“, autismoaren inguruan Éric Toledano and Olivier Nakache zuzendarien azken filmak itxiko du zinemaldia.

Aurretik atzo Lehiaketa Ofizialeko azken bi filmak ikusteko aukera izan zen. Lehiaketan beti egoten ohi den uzta frantziar oparotik azkenak itxi zuen saila. Justine Triet aktore eta zuzendariak estreinekoz parte hartu du Lehiaketa Ofizialean zuzendari modura identititate, sustraiak eta sormena arakatzen duen “Sibyl“ filmarekin. Aurreko filmetan egin zuen bezala bizitza pribatua eta profesionala artean banatuta dagoen emakumearen pertsonai bat sortuz.
Sibyl (Virginie Efira) berriz idazteari heldu nahi dion psikologoa da. Bere lana uztera doala, paziente berria helduko zaio, film baten estreinekoz protagonista lana izango duen Margot (Adèle Exarchopoulos). Honen bizitza erakargarri eta inspirazio iturburu bihurtuko zaio. Antzeztaldean Gaspar Ulliel edota Sandra Huller topatu ditzazkegu. Film sinpatikoa besterik ez, traba egiten ez duena baina zinemaren historian sartuko ez den horietakoa. Espainian banatzailea du.

Aurretik azken aurreko film bat ikusteko aukera izan genuen edo izan zuten batzuek. Neronek Elia Suleiman palestinarraren “It Must Be Heaven“ galdu egin nuen. “Desole, c’est complet” entzun nuen ilara egin ondoren eta antza zinemaldi honetako pelikuletako bat galdu nuen. Elia Sulemainek, filmean ES-ek, Palestina utziko du beste jaioterri baten bila. Baina izan Parisen edo New Yorken, herria gogoratu dion zerbait agertuko zaio, non dago jaioterria galdera piztuko diona. Filma ederra omen da, espero dut areto komertzialetan berehala ikustea.
Batzuk palmaresean ikusi nahiko lukete Sulemain. Egunotan bolo-bolo ibili da Pedro Almodovarren izena, bere “Dolor y Gloria“ film semiautobiografiko eta sendoak bere lehen Urrezko Palma eskura dakioke. Baina azken unean beste izen batzuk gehitu zaizkio lehiara. Bong Joon-Ho hegokorearraren “Parasite“ komedia sozialak lekua hartu dio kritikoen zerrendan. Marco Bellocchio italiarrak ere, 80 urterekin, zuzendari onenaren saria hartu dezake. Batzuek Quentin Tarantinoren “Once Upon A Time … In Hollywood“ kinielatan sartzen dute. Agian Leonardo Dicapriok aktore onenaren palma jaso dezake. Ladj Lyren lehen luzea “Les Misérables“ aipatzen dute askok, agian “Urrezko Kamara” lehen film bati ematen zaion saria hartu dezake edo agian sari pottoloago bat. Nire bihotzekoa Céline Sciammaren “Portrait de la Jeune Fille en Feu“ da, baina agian emakumezko aktore onenaren sariarekin bakarrik joan daiteke, Adèle Haenel eta Noémie Merlant aktoreentzat.

Please comment with your real name using good manners.