CANNESetik
Berarekin eskandalua iritsi da Cannesera. Polemika bere iraupenarekin (hasieran lau ordu), gehi programazio orduarekin polemika (zinemaldiaren hamargarren eguenean gaueko hamarretan zine aretora sartu eta hasieran goizaldeko ordubitan atera) eta polemika gaiarekin (desioaren kantua beste gauza batean bilakatu da askorentzat). Hori ekarri du Abdellatif Kechiche franko-tunisiarraren azken filmak. Bestaldean, askoren palmaresean gora jarri da Marco Bellocchio italiarra.
Duela sei urte “La Vie d’Adele” filmari esker Canneseko Urrezko Palma hartu ondoren, Abdellatif Keniche zuzendaria franko-tunisiarra itzuli da Lehiaketara. Azken orduan sartu zuten “Mektoub, My Love: Intermezzo“ filma. Eta berau sarrera polemikoa izan da. Zinemaldia martxan zegoela Keniche editaia gelan zegoen. Ekoizleek lau orduko filma laburtzea nahi zuten. Hiru ordu terdira jeitsi du gaueko hamarretan hasi behar zen gala baterako prest.
Duela urtebete Frantzian estreinatu zen film baten bigarren partea omen da hau, trilogia baten bigarren zatia. “Mektoub, My Love (Canto Uno)” lehen filmean Parisen bizi den idazle eta argazkilari bat, Amin (Shaïn Boumedine), dugu protagonista. Berau jaioterrira, Sete herrira itzuliko da udan, oporrak pasatzera. Lehengusuarekin, Tony (Salim Kechiouche) andrazalearekin joango da hondartzara eta tabernetara eta honen lagun taldearekin. Film berri honetan, uda bukatzear dago eta bukatzear Aminen oporrak. Taldeak neska berri bat, Pariseko nerabe bat, Marie (Marie Bernard) topatuko dute hondartzan. Gauean eurekin diskoterara gonbidatuko dute eta hor emango da filmaren zati handi bat.
“Mektboub, My Love (Intermezzo)“ filmaren laurden bat hondartzan garatzen da. Pertsonaiak aurkezteko erabiltzen du Kechichek eta aldi berean, filmaren tonua argi uzteko. Izan ere, desioaren inguruan dela baitio. Gizonen desio heterosexuala, gehituko nuke. Neska ederren bularretan eta ipurdian jartzen baitu kamara. Hori eta batez ere emakumeen atzeko partea da pelikularen beste hiru orduen helburua. Diskotetan ikusten baititugu gure protagonistak, kamarak behin eta berriz nesken ipurdiak hartzen dituela. Neska-mutilek duten bizi estutasunak albo batean geratzen dira, garrantzirik gabe, kamararen helburu zitalaren poderioz. Jendea erruz atera da zinetik, emakumearen erabilera desatsegina eta asperdura azpimarratuz. Batzuk pornoa dela esan dute. Askok atera gara Ophélie (Ophélie Bau)i egiten dioten 20 minutuko cunnilingus-a ikusi gabe. Ez nuen hori behar ere. Zuzendariak prentsaurrekoan esan du maite zituen bi hizketaldi moztu dituela ekoizleek laburtzeko eskatu ondoren. Eta berriz muntai berrian sartu nahi dituela. Agian beste leku batean sartu behar ditu guraiziak. Askoren ustez Lehiaketa honetako film txarrena.
Bestelako harrera izan du Marco Bellocchio italiarrak. Aurten 80 urte beteko dituen zuzendariak maisuki, sutsu filmatu du Falcone epailearen lanari esker eta batez ere Tommasso Buscetta mafiosoaren aitortzari esker Cosa Nostrari emandako kolpea. Zine oneko eszenez beteta, begi-ninian geratzen diren horietakoak – esaterako Falcone epailearen heriotza ekarri zuen bonba erasoa edota Buscettaren tortura uneak. “Il Traditore” Palmaresean egon behar du zalantzarik gabe.

Aldo Moro politikoaren bahiketa kontatzen zuen “Buongiorno, notte” filma zuzendu eta hamasei urte beranduago, Italiaren historia berriena baldintzatu duen gertakari bati eskua sartu dio Bellocchiok. Familia, gizarte klaseak, poterea, Eliza eta armada, … bere zinean politika eta gizarte presioaren aurka egiten du zinegileak. Hemen informatzaile, salatari baten istoria dakarkigu. 1980eneko hamarkadan Tommasso Buscetta (hemen Pierfrancesco Favinok ederki antzezten duena) Brasilera alde egiten du heroinaren trafikoak sorturiko mafia gerra batetik ihesi. Hegoamerikan dagoela anaia eta bi semeak galduko ditu gerra horretan. Atxiloketa baten ondorioz, Brasiletik Italiara estraditatzen dute. Eta orduan Falcone epailearekin lanean arituko da. Cosa Nostrari buruz informazio gehiena emanez.
Mafiosoen zinea, zine historikoa, … zine oneko bi ordu terdi gustagarriak. 1980eneko irudi errealak erabili ditu garai hartako metrajearen textura duten irudiekin nahastuak. Buruan torlojuz sartutako une musikalez beterik. Arreta eman die kritikoei Italiatik kanpo gutxi ezagutzen den Pierfrancesco Favino aktorearen papera eta askok jada Gizonezko Aktore Onenaren Palma eskatzen dute berarentzat.
Ostiralean Lehiaketa azken eguna. Elia Suleiman zuzendari palestinarrak eta lehian dagoen azken emakumezko zuzendariak, Justine Triet zuzendari frantziarrak itxiko dute Lehiaketa.
Please comment with your real name using good manners.