Canneseko bigarren maila B-ra iritsi gara. B maila baina ez kaskarra. Urte batzutan Canneseko Zinemaldiko Lehiaketa eskasa eritzi eta prentsa eta kritikoak Quinzaine des Réalisateurs-era jotzen zuten zine onaren bila. Aurten maiatzaren 15tik 25ra aurkeztuko duten egitarauan 24 film izango dituzte lehian, horietatik 5 lehen filmak. Lehiaz kanpo, Robert Rodriguez eta Luca Guadagninoren lanak ere ikusi ahal izango dira. Eta Hamabostaldiak ematen duen Carrose d’Or saria aurten John Carpenter zinegile estatuarrari emango zaio.
Canneseko zinemaldia hasi eta hurrengo egunean ekiten diote zine zuzendarien asteko arduradunek euren programazioa erakusteari. Gaur Fant zinemaldia itxi eta Sitgeseko Zinemaldi Fantastikoko ohiko batek zabalduko du egitarau hori. Quentin Dupieux frantziarrak “Le Daim“ (Antea) ekarri du Cannesera. Bertan Jean Dujardin (“The Artist“) ohial mota horrekin obsesionatuta dagoen zinegilea da. Berarekin batera antzeztaldean Adèle Haenel (“La Chica Desconocida“). Elektronikan ere musiko ezaguna den zuzendari honen azken lan hau Frantziako aretoetan ekainaren 12an estrenatuko da.
Frantziako beste lau zuzendarien luzeak izango dira Quinzaine-n. Besteak beste, duela lau urte Cannesen eta Donostiako zinemaldietan polemika sortu zuen “Nocturama” filmaren zuzendariaren azkena. Bertrand Bonellok bere zortzigarren luzea, “Zombi Child“, aurkeztuko du, Haitiko vuduan aitzaki eta sustraia duen filma. Zinegile izan aurretik musika klasikoko jolea izan den honen film berriak jada badu estrenaldi data Frantziako zine aretotan: ekainaren 12an. Emakume zuzendari frantziar bakarra aurtengo Quinzaineko film luzeen hautaketan Rebecca Zlotowski da. Frantzian aski ezaguna ez da urrutira joan filmatzera. Bere “Une Fille Facile“ko protagonistak Cannesen bizi baitira. Cannesetik pasa ondoren, abuztuan iritsiko da zine areto frantziarretara.

Horiez gain, Donostiako zinemaldian duela hiru urte “A Lullaby to the Sorrowful Mystery” filmarekin egon eta bere filmak zinemaldi nagusietan aurkeztu duen Lav Diaz filipinarraren azkena ikusiko da hemen. “Ang Hupa“ (“Geltokia”) luzean 2034ko Manilara garamatza, non sumendien eztanda handi baten ondoren, Asia ilunpetan dago eta eroek kontrolatzen duten hiria. Eta kultuko beste zuzendari bat Takashi Miike japoniarrak ere “Hatsukoi“ (Lehen Amodioa) ekarri du Cannesera. Biolentzia eta tabu sexualak gai dituen zuzendariak boxeolari eta prostituta baten arteko istorioa dakar. Sundancen aurkeztu eta kritika ederrak jaso zuen Kirill Mikhanovsky errusiarraren “Give Me Liberty“ filma. Estatu Batuetako hiri segregatuenean girotuta dago. Canneserako bertsio definitiboa agindu du. Jantziterian eta ekoizpenean eskarmentua duen Robert Eggersek duela lau urte beldurrezko zinemaldi asko aztoratu zituen “La bruja” zuzentzen zuen lehen luzearekin. Orain Robert Pattinson eta Willem Dafoe aktore dituen “The Lighthouse” dakar Quinzainera.

Horiez gain, masterclass bana emango dituzte Luca Guadagnino zuzendari italiarrak eta Robert Rodriguez estatubatuarrak. Valentino disenatzailearen diruz Guadagninok egindako “The Staggering Girl“ film ertaina emango dute. Julianne Moore, Mia Goth eta Alba Rorhwaher daude, besteak beste, bertan. Rodriguezen eskolaren ondoren, “Red 11“ filma emango dute. Estatu Batuetan gero eta indar gehiago hartzen ari den SXSW zinemaldian estrenatu zuen beldurrezko film hau. “Mariachi” egiteko bere gorputza ospital bati saldu omen zion Rodriguezek eta kode eta kolere hori da ospitalak emandakoa.
Rodriguezek kontatzen omen du, 12 urte zituela pegatuta geratu zela John Carpenterren “1997: Rescate en Nueva York” zientzia fikziozko filma ikusterakoan. Ba garaiz iristen bada Cannesera bere maisua ikusteko aukera izango du. Quinzaine-k bere sari nagusia, “Carrose d’Or” emango baitio Carpenterri. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, Laurie Andersonen errealiteta birtualeko hiru instalazio egongo dira, media berrietan sortzen duen Hsin-Chien Huang artistarekin batera egina.
Please comment with your real name using good manners.