Cannesekoa zinemaldien zinemaldia da besteak beste zinemaldi ofizialaz gain, hainbat erakundeek sortutako zinemaldi txikiak daudelako. Duela 58 urte hasi ziren kritikoek beraien hautaketa egiten. Horrela sortu zen La Semaine de la Critique delakoa, gero zuzendariak etorri ziren, izen handia hartu duen Quinzaine des Réalisateurs-rekin eta azkenak, zinema independientearen banatzaileak, ACID izena duen proposamenarekin.
Futboleko hizkera erabiliz, Canneseko Zinemaldiak berak osatzen dituen Lehiaketa eta Un Certain Régard lehen eta bigarren maila badira, La Semaine de la Critique futboleko hirugarren maila litzateke. Hori esanda ere, kritiko eta kazetari askok eta zine indie programatzen duten askok Miramar hoteleko saloi batean sortzen duten zine aretora hurbiltzen dira areto txikietan ikusiko diren harribitxeen bila. Iaz Kritikoen aste hau zabaldu zuen Paul Danoren “Wildlife” filma adibidez Bartzelonako D’A zinemaldian izan da eta horri esker Tabakaleran. Aurtengo irekiera beste amerikar bati, Frantzian bizi eta ikasi duen Franco Lolli kolonbiarrari egokitu zaio. Duela bost urte Quinzaine-n eta Donostiako Horizontes Latinos-en aurkeztu zen “Gente de Bien” filmearen zuzendariak bere bigarren filma estreinatuko du: “Litigante“. Aktore ezezagunekin egina, ama ezkongabe baten piurak, arazo profesional eta pertsonal tarteko.

Lehian zazpi film izango dira, besteak beste, Argentinan jaio eta Costa Rican hazi den Sofía Quirós Ubedaren lehen luzea. “Ceniza Negra“n jada duela bi urteko Semaine-n aurkeztutako “Selva” film laburreko protagonista hartzen du. Luzean 13 urte ditu eta “desagertuta” dagoen aita baten alboan, hil nahi duen aiton bat lagundu beharko du. Hainbat zinemaldietan “Winter Brothers” lehen filma aurkeztu eta sariak jaso ondoren, Hlynur Palmason islandiarrak “Hvítur, hvítur dagur“ (A White, white day) izango du Astean. Eta deigarria ere Lorgan Finnegan irlandarrak zuzendu duen bigarren luzea, “Vivarium“, zientzia fikziozko beldurrezko filma Imogen Poots aktore ingelesa eta Jesse Eisenberg aktore estatubatuarrarekin.

Horiez gain, hamar film labur lehiatuko dira. Maiatzaren 15tik 23ra egingo den kritikoen astean epaimahaiburu Ciro Guerra zuzendari kolonbiarra izango da. Berarekin batera, Amira Casar aktore franko-britaniarra, Marianne Slot ekoizle franko daniarra, Djia Mambu kritiko kongolarra eta Jonas Carpignano gidoilari eta zuzendari italiarra egongo dira.
Eta 1993an sortu zen futbolean erregional mailaren parekoa. Urte horretan, Zinema Independienterako Banaketa Elkartea, ACID ingelesez, bere hautaketa erakusten hasi zen Cannesen. Urtebetete lehenago zinegileek beraiek filmak banatzeko sortutako erakundea da. Cannesen hamabost zinegileek hautatako programa erakusten dute. Egunotan bederatzi film, lau dokumental eta bost fikzio, erakutsiko dituzte. Horien artean, Pierre Trividic eta Patrick-Mario Bernard-en hirugarren luzea, “Blind Spot“. Frantzian ase ezaguna diren Isabelle Carré eta Golshifteh Farahani ditu aktore lanetan. Alain Raousten hirugarren fikzioa “As Happy As Possible“ ere emango dute.

Bederatzi horietatik zazpi lehen lanak dira eta lau emakumeek zuzenduta edo ko-zuzenduta. Izan ere, filmak hautatu dituzten hamabost zinegileen erdia emakumeak dira. ACIDen filosofiaren arabera, aurten hautatutako lanen egileak elkarteko kide bilakatzen dira eta beste zinegileei laguntzen arituko dira. Frantzian banatzailea bilatzen saiatuko dira. Horrela duela hiru urte hasitako fokoan, ACID TRIPen, aurten Argentina izango dute gaia eta herri horretako hiru film erakutsiko dituzte Cannesen euren zinemetan.
Please comment with your real name using good manners.