Duela pare bat urte Malagako Espainiar Zinemaldiari izena aldatu eta espainolez egindako zinemaren erakuslehioa bilakatu zen. Gaur hasi eta datorren iganderarte Malagako Zinemaldiaren 22. edizioa martxan izango da. Osotara Espainiako hamairu luzemetrai lehiatuko dira Sail Ofizialean. Horiekin batera, Hego-Amerikako bederatzi luze izango dira lehian, horiek zazpi herrietatik etorrita. Luzeen Sail Ofizial horretan Mikel Ruedaren film berria izango da. Hortaz gain, beste saileetan ere euskal ekoizpenak daude.
Zinemaldia gaur bertan hasten da eta gaur bertan Malagan ikusiko dute María Elorza gasteiztarraren “Ancora Lucciole” film laburra. Memoriaz ari den labur dokumental hau Kimuak ekimeneko aurtengo uztan hautatu dute. 1972an Pier Paolo Pasolini idazle eta zinegilearen idatzi batetik tira egin du Elorzak familia erabiltzen duen zine ekoizpen honetan. Errenterian, Zinebin eta Aguilar del Campoon saritu dute dokumentala. Hemen aukera berria du dokumental laburrean sailean lehiatzen baita.
Larunbatean Uniko animazio ekoizetxe bilbotarrak babestutak “Soy Una Tumba“ film motza emango dute. Animazine deritzan sailean lehiatzen diren beste bederatzi film laburrekin batera arituko da programa bakarrean. Bartzelonan bizi baina Galizan jaio zen Khris Cembe animatzaileak bere jaioterrian errotutako istorio bat kontatzen digu: kontrabandoarena, tabako eta drogen kontrabandoarena. Goya sarietarako izendatua egon da laburra. Uniko etxearen “Psiconautas” eta “Decorado”n ere lan egin du Cembek.
Astelehenean Jon Mikel Caballero iruindarraren lehen filma, “El Increíble Finde Menguante“ren txanda izango da. Zonazine sailean lehiatuko da berau. “Cenizo” eta “Hibernation” film laburrekin 55 sari baino gehiago lortu ondoren, urtebetzea lagunekin ospatzera doan neska baten istorioa hurbiltzen digu. Iriaren ospakizun astebetea hankaz gora aldatuko da mutilak uzten duenean. Bere asteburua behin eta berriz errepikatzen zaio. Espainiako telebistan izena egiten ari diren Iria del Río, Nadia de Santiago edota Jimmy Castrorekin batera, aurreko ekoizpenean protagonista izan duen Adam Quintero ditu Caballerok antzeztaldean.
Duela bost urte Malagako Zinemaldian “A Escondidas” estrenatu ondoren, Mikel Rueda bilbotarrak Andaluziako hiriburuko jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatzen du hirugarrena. “El Doble Más Quince“ filmean noraezean dauden bi pertsonaiak hurbildu nahi ditu. Maribel Verdú Ana da, 45 urtetik gora, etxea, semealabak eta gizona duen emakumea baino bera zein den ez dakiena. Kontaktu sexualen aplikazio bati esker, Eric (Germán Alcarazu) ezagutzen du, bizitzan zein ibilbide hartuko duen nerabea ezagutuko du. Biak Kimuen atalean egon zen “Caminan” film laburreko protagonistak dira. Film berriaren teaserra.
Eta datorren larunbatean, martxoaren 23an, estreinatuko da “Elcano, Lehen Mundu Bira“, Dibulitoon Studio enpresa oiartzuarraren proiektu handia. Itsasoari begira jaio zen Ángel Alonso Garcia pasaitarrak mundua borobila zela frogatu zuen lehen bidaiaren kronika zuzendu du. Magallanes portugaldarrak baina Juan Sebastian Elcano getariarrak bukatu zuen hura. Aurten bira hori Sevillatik hasi zutela 500 urte betetzen dira. Malagan aurkeztu ondoren, uztailaren 12an iritsiko da areto komertzialeetara.
Please comment with your real name using good manners.