Bere hamabigarren edizioan, “Dock of the Bay” zinemaldia berritasun batekin dator. Estrainekoz “Dock Live” saila egingo du, bertan zine proposamen batekin zuzenean jotako musika uztartuko dute. Tabakalerarekin batera egin duten sail hau zinemaldia bera hasi aurretik hasi zen, pasaden ostiralean. Gaur bigarren proposamena egingo dute: Maite Arroitajauregik, Mursego eibartarrak, Virginia García del Pino katalanak egindako dibertimendua, “Respirar, collage, mirar” collage filmikoa musikatuko du zuzenean. Biekin hitzegiteko aukera izan dut.
Museo baten proposamenetik dator Virginia García del Pino zinegile eta irakaslearen 30 bat minutuko pieza. Bi pantailetan egina, pantaila bakarrera moldatu zuen Xixoneko Zinemaldirako. Bertatik hona dator “Youtubeko bideotik ateratako film bat da, pelikula famatuen zatitxoekin, hiru aditzen arabera ordenatuak” dio telefonoz. Izenburuko harnasa hartu, korrika eta begiratu aditzen arabera ordenatuak. “Hiru ekintza hauek hartu nituen, nirekin, lantzen dudan nire munduarekin erlazioa baitute“, aitortu digu. “Horrela ikusiko ditugun filmeen zatitxoak jendeak harnasa hartu, korrika egin edota begiratzen duten unetxoak dira“, borobildu digu.
“Muntaia bi pelikulak erlazioan jarriz dago egina, horrela Tarkovskiren “La infancia de Ivan” filmean dagoen ametsa Malik-en “El Arbol de la Vida”rekin lotu da, esaterako“, dio. “Beste batzutan plano eta kontraplanoaren arteko lotura hautsi dut eta horrela bere burua begiratzen duen filma da“, gogoratzen digu. García del Pinok dion bezala filma publiko askorentzat da. “Maitasunez egina“, argitu dit. Hainbat aipu ere sartu ditu. “Horrela “400 kolpe”ko protagonista ikusiko dugu eta segituan esaldi hau “haurrak izateari uzten diogunean”, eta segituan Hitchocken “Txoriak” pelikulatik umeak odoletan ikusiko dugu, haurtzarotik joan egitea indarkeria dakarrela irudikatu nahiez“, onartu dit.
Filma hori eta orduan “Dock of the Bay”ren proposamena etorri zen. “Musikari batek musika zuzenean jartzea eskaini zidatenean, ez nuen zalantzarik izan: Mursego izan behar zen“, esaten dit. “Duela urte batzuk “Punto de Vista” zinemaldian, 1950eneko etxeko film katalan batzuei musika jarri zien eta txundituta utzi ninduen“, dio. Aitortu dit askotan egon badira ere eta harreman pertsonala oso ona bada, proiektu hau entsaiatzeko aukerik ez dutela izan egunotan. “Whatsappen bidez lan egin dugu” eta sintonia osoa izan dute. “Maitek esaten dit pelikula askotan ikusi duela musika jartzeko eta ikusi ahala gehiago gustatzen zaiola. Nik berak protagonismoa izatea nahi dut. Oso umila da“, dio.
“Punto de Vista”ko saio hori gogoan du Maite Arroitajauregik. Hori aipatzen digu, “Amama”n edo Fernando Francoren “Morir” filmerako egindako soinu bandak gogoratzen diegunean. Proposamena gustura hartu zuela onartu dit “teknikoki erakartzen nau, filma gero eta gehiago ikusi, gero eta detaile gehiago aurkitzen dizkiot. Ulertzen dut zergaitik hartu dituen hainbat erabaki“, dio. Elkar lagun dutela aitortu du Arroitajauregik. Lehen aipatutako “Txoriak” filma aipatzen du berak ere “bertan blokeatu nintzen. Eszena horrek indar asko dauka eta isilunea nahi nuen baina beste isilune batetik nentorren, azkenean Virginak beste gauza bat probratzeko esan zidan“, dio.
Nola lan egin duen galdetuta zera dio “pelikula Frankenstein bat da, nik ikusi ahala gauzak apuntatzen nituen, hemen hau izan daiteke etab.“. Gero ikerketa bat egin du “zer musika zegoen film bakoitzean, esaterako “Zer gertatu zitzaion Baby Janeri?” filmeko pasartean Bette Davisek umeetan eta gero zahartzaroan kantatzen dituen kantak erabiliko ditut. Edota “Irasagarrondoaren eguzkia”n kanta bat agertzen da, berau Maneten bertsioan egingo dut nik “. Hortaz gain, oroitzapenak ekarri ditu, berari filmek batek sortutako oroitzapena. “Adibidez “El Cielo Sobre Berlin” filmean Nick Cave and The Bad Seeds ezagutu nituen. Berriro itzuli naiz gogorapen horretara eta sartzen ditut” argitu dit. Filmea musikatzeaz gain, propinan Mursegok bere kanta pare bat kanta-antzeztuko ditu. “Duela gutxi Andoainen egin nuen modura, Koldo Izagirreren poema hori antzeztu nuen modura, horrelako zerbait egingo dut” dio eta hori ikusteko irrikitan jartzen nau berriz.
Saioa gaur Tabakaleran, Kutxa Kultur aretoan izango da. Gaueko 21:00tan eta doan. Bihar berriz Mia P. Salazarrek egindako “In the Middle of Norway” filma emango dute. Urtearen erdia Norvegian bizi den “La Habitación Roja”ko kantaria, Jorge Martí, jarraitzen du dokumentalak. Hori musikatu du zuzenean Valentziako taldeak berak.
Please comment with your real name using good manners.