Erregeetako oparia da urtero, azken hamabi urtetan behintzat, “Dock of the Bay” musika dokumentalen zinemaldia. Donostian urtarrilaren 7tik 12ra filmak, kontzertuak eta hitzaldiak uztartuko ditu hamabigarren edizio honek. Zinemaldiko zuzendariak Eva Riverak onartu digu bi ardatz nagusi izango dituela: emakumeak eta iraultza. Izan ere “emakumeek zuzendutako film asko daude eta emakume artisten ingurukoak ere” aitortu digu. Eta Riverak gogoratzen du sail berria osatu dutela, “Children of Revolution”, iraultzaren semealabak deritzan. Ohi bezala, asteburuan Antzoki Zaharrean izango dira lehiaz kanpo dauden filmen emankizunak eta Trueba zineetan Sail Ofizialean arituko diren zortzi filmak, tartean, Euskal Herrian egindako bi.
Aurtengo FIPAn, Biarritzen aurkeztu zuten Elsa Oliarj-inèsek eta honen nebak, Oihanek Zuberoko baso kantuak jasotzen duen dokumentala. Oihan musikoa izaki Zuberoko oihanetara bidaia egingo du basa aireen bila. “Basahaideak“ dokumentalak, besteak beste, Iparraldeko abeslari ezagunak diren Niko Etxart edo Maddi Oihenart edota Hegoaldekoentzat ezezagunagoa den Arño «Belhi» Bidalun ditu protagonistak. Elsak zuzendutako lehen dokumental luzea da. Opera prima ere Usua Garinek, Andrea Lopetegik eta Izotz Barriok elkarrekin egindako “Lou”. OK Korral, Humedecidos edo Las Lagartas taldeko abeslaria izan zen Lou Olangua. Euskal rockaren emakumezko aurrenetako ahotsa izan zen 80ko urteetan. Ahots bat baino askoz ere gehiago izan zen bera: probokatzailea, bai estetikan bai jarreran, eszenarioen gainean zenean. 80ko urteetan emakumeak eszenarioetan hartzen duen lekuari buruzko dokumentala da hau, euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa.
Horiek lehiatuko dira ibilbide luzeagoa duten zinegileekin. Jake Meginskyk eta Neil Young-ek Milford Graves perkusionista famatuaren erretratua egin dute “Milford Graves: Full Mantis” filmean. “Hello, Hello, Hello: Lee Ranaldo: Electric Trim“ dokumentalean Sonic Youtheko abeslari eta kitarra jarraitu du Fred Riedel-ek. Hainbat zinemalditatik pasatako “Bixa Travesti“ filmean artista transgenero bat grabatu dute Claudia Priscilla eta Kiko Goifman brasildarrek. Sail Ofizialean ere Lois Patiño galizarrak musikalean egindako sarrera: “O espírito de Pucho Boedo“ filmean Novedades Carminhako hiru kideek abeslari mitiko baten izpirituari helduko diote grabatzeko. Edota Xixoneko Zinemaldian saritu zuten “Cantares de una Revolución“ dokumentala. Nacho Vegasen laguntzari esker, Ramón Lluís Bande astuariarrak 1934ean Asturiasen bizitako iraultzari errepasoa egiten dio.
Iraultza ardatz izango duen hiru filmeetako bat da Asturiaseko iraultza gogora ekarri nahi duen hori. Besteak “Camarón flamenco y revolución“ Alexis Morantek filmatutakoa eta Steve Loveridge zuzendatutako “Matangi / Maya / M.I.A.“ Sri Lankako gerrillatik ihesi lehen Londresen babesa hartu eta gero abeslari ezagun egin den emakumearen inguruan. Nazioarteko filmeen erakustaldia den “Perfect Day” sailean izango dira. Bertan baita aipagarri hainbat zinemaldietatik pasatako eta Michael Cainek aurkeztutako “My Generation“ Londreseko 1960eneko musika panoramaren erretratua edota 1970an New Yorkeko gaua aztoratu zuen “Studio 54“ diskotekaren inguruan. Aipatzekoa ere mutilez osatutako bandek emakumezko zaleengan izandako eragina aztertzen duen eta Jessica Leskik zuzendu duen “I Used to be Normal(The Beatles, One Direction, Take that & Backstreet Boys)“ filma.
Aurtengo berritasuna “Dock Live” sail berria. Zuzeneko musika uztartuz hainbat filmeen proiekzioak. Horrela Mursegok lagunduko du Virginia Garcia del Pinoren “Respirar, correr, mirar“ filma. Elle Belgak eta La Habitación Roja taldeak ere arituko dira sail berri honetan. Beste zuzeneko kontzertuak eta festak ez dira faltako pribatua den zinemaldi honetan. Musikarien partehartzea ere epaimahaian. Azken aldian zeresan handia ematen ari den María Arnal abeslaria, Valentziako Filmotekaren eta erkidego horietako hainbat zinemaldien programatzailea den Eduardo Guillot eta Rotterdameko eta Xixoneko zinemaldietako programatzailea den Mercedes Martínez arituko dira Sail Ofiziala azterten. Egitarau osoa hemen: http://www.dockofthebay.es/2019/eu/programa/
Please comment with your real name using good manners.