Madriletik egin den euskal zineman lan handia egin du Antton Zabala (Donostia, 1968) zuzendari laguntzaileak. Bera izan da filmaketa koordinatzailea, besteak beste, Imanol Uribe edota Julio Medemekin. Daniel Sánchez Arévalo madrildarraren lehen filmeetan ere egin du lan edota Carlos Saurarekin. Azken boladan, Euskal Herrian bertan erruz lan ari da. Huelvako Zinemaldian estreinatu berri den Soinujolearen Semea eta astelehenean filmatzen hasi zen Ventajas de Viajar En Tren filmeko laguntzailea izango dugu. Filmaketa honetaz, bere ofizioaz eta lan egindako zuzendariez hitzegin genuen azken filmaketaren atarian.
Nola prestatu duzue Aritz Morenok zuzentzen duen “Ventajas de Viajar en Tren” filma?
Orain bi astetan errodatuko dugu, gero Gabonetan geldialdia eta urtarrilean eta otsailean, geratzen zaizkigun bost asteak. Prestaketa normala izan da, ez du gauza partikularrik egon. Casting-a itxi eta dekoratuen lokalizazioen bilaketan aritu gara. Lokalizazioei dagokionez, nahiko bananduta dago; baten bat besteak baino gehiago kostatu da. Donostian dugu egoitza, baina Tolosan, Zestoan, Hernanin, Lasarten ditugu filmaketak. Iruñean ere astebete egongo da. Iparraldean ere egun bat. Madrilen eta Parisen ere pare bat egun ditugu.
Labur bilduta, zein dira zuzendari laguntzaile baten eginkizunak?
Errez esanda gidoi batean dauden eta zuzendari batek dituen beharrak ekipo guztiarekin koordinatzea. Eta horri denbora bat ematea eta nola antolatu nire ardura da. Filmaketa bateko gauza bakoitzari denbora bat eman behar diot eta horren arabera konbinazioak egin behar ditu. Hori da errodaje plana. Hori aurretiko lana. Gero aurreikusi behar da nola aurre egin filmatzen ari garen gauza berriei, izan eguraldi arazoak edo bestelakoak.
Nola hasi zinen?
Hasieran kasualitatez. Bai, zinea gustatzen zitzaidan eta joaten nintzen. Baina ni ekonomikak egiten hasi nintzen Sarrikon. Beste gauza batean ezagututako Leoneko lagun batzuk hona etorri ziren film batean muntaketan lan egitera eta horien bitartez, filman meritorio, bekadun lan egin nuen. Unibertsitatea utzi, zinean lanean hasi eta gero Andoaingo zine eskolan ikasi nuen.

Film berri honetara itzuliz, Aritz Morenoren lehen luzea da. Nola lan izaten da lana luzeetan hasiberriekin? Zuk eskarmentu handikoa izaki, konfidantza gehiago jartzen dute?
Ez daude bi zuzendari igual. Aritz nahiko lasaia eta oso langilea aldez aurretik. Gauzak nahiko argi ditu eta berarekin lan egitea oraingoz nahiko erosoa da. Galdera asko egiten ditu, jakin nahi du. Ez daude bi berdin, batzuk izan daitezke apalagoak, batzuk uste dute dena dakitela eta gero sorpresa eramaten dituzte. Ez dago patroi finkorik.
Juanma Bajo Ulloaren lehen bitan, Enrique Urbizuren pare batean lan egin duzu, baina agian gehiean Imanol Uriberekin eta Daniel Sanchez Arévalo. Zeintzuk dira lan egiterakoan euren puntu indartsuak?
Bakoitza diferente da. Imanolekin lan asko egiten dut. Beste belaunaldiko errealizadore da, formazioa handia du eta gauzak oso argi dauzkate. Inprobisizio kapazidade handia daukate. Nahiko segurua filmatzeko orduan. Danielek, adibidez, buelta asko ematen dizkio gidoiari, beste batzuk bi edo hirurekin ixten dute, honek gehiago behar ditu. Badirudi duda asko dituela baina oso argi du zer nahi duen. Saurarekin ere lan egin dut. Esperientzia handikoak diren horietakoak, segurtasuna dute eta hori ekipoari transmititzen diote. Teknika ere asko aldatu da, lehen 35 mm-tan filmatzen zenean, zenituen metroak zeneuzkan eta horrekin moldatu. Egun, bideoan filmatzen denez, ez dago mugarik eta horrek aldaketa asko ekarri.
Zein izan da filmaketa konplikatuena?
Denek daukate zerbait. Jende aldetik agian Senegalen Pedro Oleak zuzendutako “Más allá del jardín” filmean izan nuena. Aste batean 3.000 extraetik gora koordinatu behar izan nituen eta pare bat egunetan, 4.000 lagun. Jende asko mugitzeko eta dena beste hizkuntza batean. Beste herri batera ateratzen zarenean, bizitasun bat dago. Senegalen bitan egon naiz, gero Malin izan naiz, Hong-Kong-en, Suitzan, Argentinan, Finlandian, … Niri oso interesgarri gertatzen zait bizitasun hori, horrela beste herrialde eta jendea ezagutzen baditut.
Ventajas de Viajar En Tren Aritz Morenoren lehen luzea da. Antonio Orejudoren eleberrian oinarritua, Luis Tosar eta Pilar Castro ditu aktore nagusi. “Sr y Sra” ekoizetxea, Morena Filmsekin batera egiten ari da. Madrileko ekoizetxe honen azken lanak, Javier Fresserek zuzendutako “Campeones”, Icíar Bolláinen “Yuli” eta Asghar Farhadik egindako “Todos Los Saben” daude.
Please comment with your real name using good manners.