Duela urtebete sortu zen Donostian “Italia txiki” elkartea. Gipuzkoan dauden eta Iparralden dauden italiarren biltoki modura (Gipuzkoan 800 bat italiar erroldatuta daude, Donostian bakarrik 250). Baina ez hori bakarrik: italiar kultura eta hizkuntza zabaldu nahi dute. “Hemengo askok kultura italiarra, zine italiarra, etb. maite dute eta gero eta gehiago dira“, esan digu Marina De Franceschi idazkariak.
Ekintzen artean, urrian abiatu zen zikloa osatu zuten: musika eta literatura uztartuta, zortzi hitzaldi-emanaldi osatu dituzte. “Italiar liburu batean oinarrituta film onak pantailaratu nahi genituen. 70 inguru ikusi ditugu eta 8 erabaki“. Horrela liburua eta bere kontestu historikoaz aurkezpena egiten dute eta gero filma eman. Ondoren filmaren inguruko ezbaia piztea nahi dute. Hautaketan ere garrantzitsua: “Italiako jende eta paisai desberdinak erakusteko Italia Iparreko, Ertaineko eta Hegoaldeko filmak proiektatuko direla” dio De Franceschik. Zikloa hasteko eta bukatzeko ipuin liburuak hautatu dira eta horietan oinarritutako pelikulak. Baten batek “Il Gatopardo” faltan botako du: “hori ez dugu hartu ezagunegia zelako” argitzen digu ilusioz gaiari heldu dion elkarteko idazkariak. Emanaldi guztiak Donostiako Koldo Mitxelena Kultura Zentroan dira. Arratsaldeko 18:30tan hasi eta gaueko 21:00tan bukatzen dira saioak.
* 2018KO AZAROAK 29, OSTEGUNA
FILMA: LA CIOCIARA (“Bi emakume”) Zuzendaria: Vittorio De Sica. 1960
LIBURUA: LA CIOCIARA. Idazlea: Alberto Moravia. 1957 ERREGIOA: Lazzioa.
Bigarren Mundu Gerrako aro tragikoko freskoa da, 1943. urtean kokatua. Bertan, ama batek alabarekin hartzen du babes Ciociaria lurraldeko mendietan, Erromako aldirietan. Sofia Loren aktorearen interpretaziorik onenetako bat, emakumezko aktore onenaren Oscar saria hartzeko balio izan zion.
* 2018KO ABENDUAK 17, ASTELEHENA
FILMA: CRISTO SI È FERMATO A EBOLI (“Kristo Ebolin gelditu da”) Francesco Rosi · 1979
LIBURUA: CRISTO SI È FERMATO A EBOLI. Idazlea: Carlo Levi. 1945. ERREGIOA: Eboli, Basilicata
Eleberri autobiografiko honek idazlea jarduera antifaxistengatik deserriratu zutenekoa kontatzen du, Lucania lurraldean, erregimen faxistaren pean (1935-1936). Lurralde horretan ‒gaur egungo Basilicata lurraldean‒ denboraldi luzea igaro zuen, eta aukera izan zuen lur horietako, bertako jendearen, eta «Mezzogiorno» eskualdeko errealitatea ezagutzeko. Sari asko eskuratu zituen.

* 2019KO URTARRILAK 23, ASTEAZKENA
FILMA: UOMINI CONTRO (Gizonak aurka). Zuzendaria: Francesco Rosi. 1971
LIBURUA: UN ANNO SULL’ALTIPIANO. Idazlea: Emilio Lussu. 1937″ ERREGIOA: Veneto.
Lussuren memoria liburuan oinarrituta dago. Liburu horretan kontatu zuen idazleak lehen aldiz zein krudela eta zentzugabea izan zen gerra, kasu horretan, Lehen Mundu Gerra.
* 2019KO OTSAILAK 27, ASTEAZKENA
FILMA: LA PELLE (“Larrua”). Zuzendaria: Liliana Cavani · 1981
LIBURUA: LA PELLE. Idazlea: Curzio Malaparte. 1949 ERREGIOA: Campania, Napoli.
Aliatuek Napoli okupatu zuteneko garaian (1943-1945) dago kokatuta, eta, estatubatuarrei esker, Italia faxismotik askatu zutenekoaren ikuspegi sarkastiko eta bikaina kontatzen du. Nobela bera probokatzailea
bada, Cavaniren bertsioa, biribila erabat, ez da gutxiagorako. Cannesen estreinatu zen.
* 2019KO MARTXOAK 27, ASTEAZKENA
FILMA: IL GIARDINO DEI FINZI CONTINI (“Finzi Continitarren lorategia”). Zuzendaria: Vittorio De Sica. 1970
LIBURUA: IL GIARDINO DEI FINZI CONTINI. Idazlea: Giorgio Bassani. 1962 ERREGIOA: Emilia-Romagna, Ferrara
Ferrara hirian, 1938an, lege arrazial faxistak aldarrikatu zituzten urtean (zeinak judutarren bazterkeria ekarriko baitzuen), Finz Contini judutar familia aberatsaren lorategiak bere horretan jarraitzen du oraindik, harik eta antisemitismoak elkarbizitzarako txoko oro bere gain hartzen duen arte. Bassanik, judutarra bera, Ferrararen fresko paregabe bat eskaintzen digu, Bigarren Mundu Gerran amaituko duen zorigaiztoko hamarkadan kokatua
* 2019KO APIRILAK 30, ASTEARTEA
FILMA: IL DESERTO DEI TARTARI (“Tatariarren Basamortua”). Zuzendaria: Valerio Zurlini · 1976
LIBURUA: IL DESERTO DEI TARTARI Dino Buzzati · 1940 ·
Irudimenezko leku bat, muga bat Buzzatiren maisulantzat jotzen den lan honek nabarmen eragin dio eleberrigintza garaikideari, nola Italian hala atzerrian (ikus Coetzee idazlearen «Barbaroen zain»). Iparraldeko Erreinu fantasmagorikoan, Bastiani arerio ezohikoen kontrako defentsa gotorleku bihurtzen da. Haluzinaziozko dialektika horretan sartuta bizi dira soldadu guztiak.
* 2019KO MAIATZAK 22, ASTEAZKENA
FILM: IL RACCONTO DEI RACCONTI (“Ipuinen Ipuina”). Zuzendaria: Matteo Garrone · 2015
LIBURUA: LO CUNTO DE LI CUNTI Giambattista Basile · 1634 · ERREEGIOA: Campania, Napoli
Berrogeita hamar ipuineko literatur bilduma da, eta XVII. mendeko Napoli ilustratzen du. Garroneren filmak Napoliko tradizio barrokoa birsortzen du, irakurketa estetiko original eta surrealista baten bidez. Cannesen Sail Ofizialean lehiatu zen.
Zikloa borobiltzeko, ekainean, italiar zine musika kontzertu bat eskainiko dute Francesca Romani Di Nicola arpistak eta Itziar Lujanbio oboek. Litekeena da Italiako Enbaxadaren babesari esker, ondoren, italiar produktuen otordu bat izatea.
Please comment with your real name using good manners.