Azaroaren 9tik 16ra 60. edizioa ospatuko du ZINEBIk. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak estrainekoz emakume zuzendari bat (Vanesa Fernandez) du buru. Ospatzeko ere irudi berritua dakar, estrainekoz euskal zinearen eguna egingo du, umeentzako txokoa izango du eta euskal dokumentalen sortzea akuilatzeko profesionalen topaketa antolatu dute. Film laburren nazioarteko lehiaketan ohikoak ez diren Singapur, Libano, India, Serbia eta Eslovakiako filmak daude. Canneseko Urrezko Palma irabazitako Apichatpong Weerasthakul zinegile tailandarrak eta Mariano Llinás argentinarrak jasoko dituzte aurtengo Ohorezko Mikeldiak.
Hain zuzen Llinás argentinarrari saria emanez hasiko da ZINEBI 60. Datorren ostiralean arratsaldeko zortzietatik aurrera Arriagan egingo den den ekitaldi berezi batean. Bera hautatu dute “zine garaikidearen nazioarteko panoramako berritzaileenen artean dagoelako, bere lanak sorkuntzako taletua eta erradikaltasun estetikoa izaki“. Inaugurazio ekitaldian, Llinásek berak zuzendutako “La Flor antes de que fuera La Flor” lana estreinatuko da, Piel de Lava taldeak antzeztuta. Izan ere, Llinásen hamalau orduko filma, “La Flor“, estreinatuko du Espainian Zinebik. Hamarkada batez filmatuako luzea hiru emanaldietan emango du. Aurretik inaugurazio egunean ere, arratsaldeko zazpietatik Bailengo zeru-orratzeko fatxanda mapping bat egingo da.
Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasthakul zinegileak jasoko dut ohikoa denez, azaroaren 16an, zinemaldiaren amaiera ekitaldian. Canneseko zinemaldian hainbat sari jasotako zinegile tailandiarraren “sakonera poetikoa eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzeko abilezia” saritu nahi izan du Bilboko zinemaldiak. Toronton estreinatu zen “Blue“ azken laburra erakutsiko du Zinebik amaiera ekitaldi horretan. Gainera azaroaren 14ean eta 15ean jaialdiak zinegilearen 22 film laburrez eta ertainez osatutako atzerabegirakoa eskainiko dute Guggenheim Museoan. Eta azaroaren 15ean masterclass-a emango du.

Nazioarteko Lehiaketako Sekzio Ofizialean, 28 herrialdetako 52 film laburrek hartuko dute parte. Jaialdiko Sari Nagusi eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldien bila arituko dira. Hautatutakoen artean 22 fikzio dira, 18 dokumental eta 11 animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean 13 espainiarrak dira eta horietako 6 euskal zinegileek egindakoak. Gogoratu Zinebin irabazten duten lanek Oscar, Goya eta BAFTA sarietarako hautagaiak izan daitezkeela.
Zazpi egunez Bilbok gainera munduko dokumentalisten panorama ederra izango du, “Beautiful Docs” lehiaz kanpoko sailari esker. Horrela Werner Herzog zuzendari ezagunak eta André Singerrek osatutako “Meeting Gorbachev“ pantailaratuko da. Dokumental luze eta pausatuak egiten dituen Frederick Wiseman estatubatuarraren azkena,“Monrovia, Indiana“ bi ordu terdiko dokumentala ere ikusiko da. Eta Rithy Pahn kanbodiarrak erregimen hiltzailearekin duen borrokaren beste fruitua “Graves Without A Name“. Venezian estreinatu zuen luze horretan Khmer Gorriek hil zuten familiaren arrastoen bila doa. Luzeetan, nazioarteko begiratua emateko, jada hirugarren urtea duen saila, “Zinebi First Film”. 12.000 euroko sariaren bila Berlinalen, Locarnon edo Karlovy Varyn lehiatutako batzuk. Denak estreinaldiak Espainian. Hortaz gain, eta dokumentalgintzan emakumearen garrantzia azpimarratu nahirik, Irango emakumeen fokua egingo dute. Programatutako “Focus Iranian Women Filmakers. The Present is Female!” sailean, 20 film emango dituzte. Iranen 1.400 emakume inguruk egiten dute zinea egun. Informazio gehiago esteka honetan:
http://zinebi.eus/web/section/focus-iranian-women-filmmakers/
Eta etorkizuneko ikusentzuleak prestatzeko, ZINEBITXI prestatu dute estrainekoz. Charles Chaplin aktore eta zuzendari handiaren hiru film mutu emango dira, pianoren laguntzaz, “Behind the Screen” (1916), “The Inmigrant” (1917) eta “The Vagabond” (1916). Berritasun gehiago daude euskal zinemaren partehartzearekin. Horren berri hurrengo artikuluan.
Please comment with your real name using good manners.