BFI London Zinemaldian sail zaharrenetakoen artean dago dokumentalen saila. Sail honetan filmerik onena saritzeko Grierson Award ematen da azken urteetan. Grierson Fundazioak, John Grierson (1898–1972) dokumentalista eskoziarra omentzeko sortutako Fundazioak, ematen duen saria. Aurten saria jasotzeko behar omen diren “zintzotasuna, originaltasuna, bikaintasun teknikoa eta giza edo kultural nabaritasuna” hobekien erakutsi omen du “What you gonna do when the world’s on fire?” dokumentalak. AEBn bizi den Roberto Minervini italiarrak Louisianan beltzen auzo batean poliziek tirokatu izana utzitako “orbainak” filmatu ditu. Zuribeltzean filmatu gainera. Sevillako Europako Zinemaldian Sail Ofizialean lehiatuko da.
“What you gonna do when the world’s on fire?. Zuzendaria: Roberto Minervini
Berlinaletik gogoa nituen “Teatro de Guerra“ ikusteko. Gogoa Lola Arias idazle, musiko eta zuzendariak egindako film hibridoa ikusteko. Donostiako Zinemaldian Zabaltegi-Tabakalera lehiatu zenean ere galdu nuen. Beraz Londreserako neraman etxekolaneen artean zegoen. Arias argentinarrak Malvineetako gerrako sei beterano, hiru argentinar eta hiru britaniar elkartu ditu Argentinan. Gerrak utzitako zauriak argitu nahirik, iraganari orainetik aurre egiteko elkartu ditu. Euren artean hitzegin arazten ditu edota oraingo soldaduek edota ikasleek egindako galderei erantzun behar diete. Duela 35 urte baino gehiago izan zen gerra, iraun zituen 70 egunak gogoratzeko. Soldadu ohiei tarteka antzeztea egiten die Ariasek. Antzerki horiek ohiko elkarrizketekin nahasten ditu. Esperimentu kuriosoa. Urrun geratzen den gerra bat hurbiltzeko saiakera.
Oso kuriosoa da “The Raft“ Marcus Lindeen suediarrak filmatutako dokumentala. Nik ezagutzen ez nuen 1973ko giza esperimentu bat azaltzen du. Santiago Genovés antropologo mexikarrak hegazkin bahiketa baten ondoren ikerketa antolatu zuen gizakiaren indarkeria eta hori akuilatu dezakeen sexualitatea arakatzeko. Herrialde desberdinetik etorritako bost gizon eta sei emakume txalupa baten sartuko ditu, hiru hilabetez Atlantikoa zeharkatzen. Lindeenek Genovések eta taldekideek grabatutako irudiak erabiliko ditu eta bizirik jarraitzen dituzten kideen adierazpenekin nahastu. Txalupa horren erreplika batean grabatu ditu adierazpenok. Espedizio horren nondik norakoak eta ondorioak gogoratzen dituzte. Kuriosoa batez ere gaia ez nuelako ezagutzen, teknikoki ez baitu berritasun handirik-eta.
Matthieu Bareyrek bere garaiko erretratua egin nahi zuen. “Meme les pokemons trouvent que l’époque est moche” (pokemonek ere uste dute garai zatarrak direla) dio “L’époque” (Young And Alive) deitzen den dokumentalean erakutsitako grafitiak. Zentzua eman nahiez filmari. Bareyrek tentuz egindako dokumentalean bere garaiko gazteen erretratua egin du. 2015tik, eraso terroristek eta Macron Elyseora iristeak, Pariseko gazteen artean, desoreka eta amorrua handitu izana erretratu nahi du. Batzuek Bastillen ezer ez daukatenen alde borrokatzen diren bitartean, beste batzuk klubez klube ari dira edota kaleetan noraezean mozkortzen. Bareyrek aldi berean klase desberdintasuna, gauean ere, erretatzen du. DJ-k, langabezian dauden raperoak, Afrikar jatorriko aktibista bat, SciencePO unibertsitate prestigiotsuan ikasten duten mutilak eta neskak, … agertuko dira Bareyrek berak manejatutako kamara aurrean. Zuribeltzean, ederra, poesiaz beteta, tarteka baina joaten bazaio ere.

Lehiaz kanpo, aukera izan nuen, Lux sarietara lehiatzen ari den “Stynx” film austriarra ikusteko. Non emergentzietako emakume mediku bat barku batean ontziratzen da. Dena kontrolpean, dena zehatz mehatz gordeta. Darwinen uhartera solo bidai batean doa, baina bat batean, ezustekoa gertatzen da. Errefuxiatuez betetako barkua aurkituko du. Laguntza eskatuko diote eta bere izana, medikua eta laguntzeko emandako agindua eta erreskate taldeek eskatzen dioten ez eskuhartzearen artean du erronka. Egungo errefuxiatuen krisiaren erretratu bortitza.
Please comment with your real name using good manners.