Vanesa Fernandez buru duen lehen ZINEBI-k euskal ekoizpenari inoiz baino tarte zabalagoa eskainiko dio. Jaialdiaren bigarren egunean, larunbatean euskal zinearen eguna ospatuko da. Estrainekoz edizio honetan eta orain arte ZINEBIko zuzendaria izan den Ernesto del Río, besteren artean, omenduz. Gainera euskal dokumentalgintza sustatzeko “ZINEBI Networking. Dokumentalen sorgunea” izeneko zine dokumental foro profesionala egingo da. Profesionalen topaleku ere izan nahi du eta masterclass-a eta solasaldiak izango dira egun hauetan.
Edizio honetako euskal zinearen egun hori merezi duen bezala ospatzeko, iragana eta orainaren artean zubia antolatu dute. Horrela azken urteetan Sail Ofizialean lehiatzen ohi diren euskal ekoizpenak hasierako galan erakusten baziren, aurten larunbata horretan, euskal zinearen egunean, ikusi ahal izango dira. Euskal ekoizpen horiek hauek dira:
–Azken otsoa, Iker Maguregi (fikzioa).
–Cadoul de craciun, Bogdan Muresanu (fikzioa).
–Ancora lucciole, María Elorza (dokumentala).
–Amor siempre, Maider Fernández (dokumentala).
–Il dolce far, Richard Sahagún (dokumentala).
–It is All Right Here, Teresa Sendagorta (dokumentala).
Azkuna Zentroko Auditorioan emango dira arratsaldean. Gero Zinebi Arte Ederren Museora joango da. Bertan 20:00tik egingo den ekitaldian, Gerra Ostean eta Trantsizio garaian Bilboko zinearen protagonista izan ziren batzuei Ohorezko Mikeldi Berezia emango zaie: José Antonio Sistiagak, José Ángel Rebolledok, Anton Merikaetxebarriak, Alberto López Echevarrietak, Santos Zunzuneguik, Juan Ortuostek, Ramón Bareak, Javier Rebollok eta Ernesto del Ríok jasoko dute saria. Jose Antonio Sistiagaren inguruko dokumentala, “Sistiaga, une histoire basque” estreinatuko da eta “En la luna“, animaziozko ZINEBIren ekoizpen berezia. Begoña Vicariok koordinatuta, EHU/UPVko Hauazkena animazio taldeak egin du azken lan hau. 1968an egin eta egun galduta dagoen “De La Luna a Euskadi” filmari omenaldia da. 50 urte bete ditu ere Sistiagak “Ere erera baleibu icik subua aruaren …” obra apurtzailea sortu eta Bilboko jaialdian aurkeztu zuela. Edizio horretako Zine Esperimentalaren Saria jaso zuen.
Ohi bezala euskal ekoizpenek lekua izango dute “Bertoko Begiradak. Miradas desde Euskadi” sailean. Baina aurten, euskal dokumentalen panorama izaten den horri, film laburren mostra gehitu zaio. Sail Ofizialean sartu ez diren 13 film labur ikusi ahal izango dira. Tartean, programan hautatako Pello Gutierrezen “Zain“ eta Sara Fantovaren “No me despertéis“. Beraz ZINEBIk euskal zinemagintzaren topaleku izango dugu azaroaren 9tik 17ra.
Please comment with your real name using good manners.