Azken urteetan jende gaztea gehitu zaie Kresala Zineklubeko kideei, tartean, emakume pare bat. Gazte horien indarrez edo aldatu behar zutelako, denboraldi berriari logo berritu batekin ekingo diote. Pasaden astelehenean aurkeztu zuten. Bestela berritasun gutxi. Donostiako zine areto komertzialetik urrun egon diren filmak programatuko dituzte astelehenero, 19:30tik aurrera. Tarteka, beste erakundeekin emanaldiak programatuz. Ohi bezala, jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin.
Eta aurtengo ikastaroari hasiera emateko, Georgiara egin dute salto. XXI.mendearen atarian, ohiturei lotuta dagoen gizarteari radiografia egiteko. Mendi artean dagoen herri baten jaio zen Mariam Khatchavani zuzendariak bere herritako historia bat filmatu zuen “Dede“ bere lehen luzean. Aktore ez profesionalez osatutako antzeztalde batekin, emakumeen lapurketaz eta antzinatasunarekin harreman handia duen erlijioaz kutsatutako herri baten erretratua egiten du. Historia 1992an kokatzen du. Gizonak gerratik bueltan dira. Davidek neskalagunarekin, Dinarekin ezkondu beharko du. Hitzartutako ezkontza bat da. Dinak baina ez du maite. Gegi, Davidekin gerratik datorren laguna maite du. Filmak hainbat zinemalditan ikuslegoaren saria jaso du. Aurkezpena neronek egingo dut.
Datorren astelehenean, “Gracias por la lluvía“ dokumentala jarriko dute. Norvegiako Julia Dahr zuzendariak forma eman dio Kisilu Musya Keniako nekazariak grabatutakoari. Duela bost urte, familia, herria eta horietan aldaketa klimatikoak izandako eragina grabatzen hasi zen. Ekaitz batek bere etxea suntsitu duenean, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokari ekingo dio. Saioa doan izango da, “Zero pobrezia” eta “Cristina Enea Fundazioa”ren laguntzaz.
Urriaren 22an, Fantasiazko eta Beldurrezko 29. astearekin elkarlan saioa emango dute. “78/52. La Escena Que Cambio el Cine“ dokumentala emango dute. Bertan Alexandre O. Philippek “Psycho” filmaren eszena deigarriena arakatuko du. Dutxako eszena grabatzeko 52 plano filmatu zituen, suspensearen maisuak hirurogeigarren hamarkadan. 52 plano horiek ikusentzunezko narratiban izugarrizko kolpea suposatu zuten. Dokumentalean izen handiak ikusteko eta entzuteko aukera dago: besteak beste, Jamie Lee Curtis, Elijah Wood, Guillermo del Toro eta Peter Bogdanovich. Iaz, Sitgeseko Zinemaldian, dokumental onenaren saria jaso zuen. Saioa Maialen Beloki, Zinemaldiko zuzendariordeak aurkeztuko du.
Azaroak 5ean, “Lola Pater“ film frantziarra emango dute. Aljeriar migrataileen semea da 27 urteko Zino. Parisen ama zendu dela jakiterakoan, duela 20 urte utzitako aitaren bila joango da. Aurrean baina ezustea aurkituko du. Fanny Ardantek gorpuzten duen emakumea Zinoren aita zen duela 20 urte. Farid, Lola bilakatzea erabiki zuena. Ardant zoragarri omen dago nahiko konbentzionalki errodatu duen Nadir Moknèche zuzendariaren filmean.
Azaroaren 19an, Locarnon aurkeztu eta gero Sevillako Europear Zinemaldian ikusteko aukera izan nuen, “9 Dedos“ filma emango dute. François-Jacques Ossang-ek zuribeltzean istorioa ez konbentzionala filmatu du. Gauaren erdian, Magloir (Gaspar Ulliel) zigarro bat erretzen dago abandonatutako tren geltoki batean, polizia batek identitate-txekeo bat egitera azaltzen denean. Ekipaje eta etorkizun gabe korrika hasten da, hilzorian dagoen gizon bat ezagutu eta haren dirutza oinordetzen duen arte. Magloir banda batek jarraitzen du, eta, galtzeko ezer ez duelarik, haien konplize bihurtuko da.
Saioa “El Contraplano” webguneko Iñaki Ortizek aukeztuko du.
Eta bi hilabete hauek amaitzeko, azaroarean 26an, Australiako arrazakeria agerian jarri zuen filma. “Sweet Country“ filmak 1929an Australian gertatutako istorio bat du oinarri. Sam aborigenak bere ugazaba den Harry March bidezko defentsan hiltzen duenean, Sam eta emazteak ihes egiten dute. Baina agintariek bikotea gelditu gabe jarraituko dute. Warwick Thorntonen lan hau Toronton edota Londreseko zinemaldietan lehiatu zen. Antzetaldean Hamilton Morris, Byran Brown edota oso ezaguna den Sam Neill aktoreak ditu.
Please comment with your real name using good manners.