Gaur hasten da askorentzat zinemaldien zinemaldia dena. Ez, nagusiena delako. Ez du A maila ere ez. Baizik eta BFI London Film Festivalek hemendik eta handik, zinemaldi handietan eman eta askotan saritu diren filmak pantailaratzen dituelako. Askok gainera Britania Handian aurrestrenaldi modura izaten dira. Gaur hasi eta hurrengo asteko igandeararte 225 film luze emango dira, 77 herrietatik etorrita. Iaz lehiaz kanpo “Handia” eman bazuten, aurten ez dago Euskal Herriko ekoizpenik. Bilbon jaiotako Arantxa Echeverriaren “Carmen y Lola” izango da ikusgai, hori bai. Bertan izango da blog hau.
Eta hasteko, Toronton mundu estrenaldia izan zuen “Widows” filmak emango dio hasiera. Viola Davis buru duen alargunen lapur talde batek gizonek bukatu gabe utzitako lapurketa burutu behar dute. 1983ko telebista serie britaniar bat moldatu du Steve McQueen zuzendariak. Michelle Rodriguez, Elizabeth Debicki eta Cynthia Erivo daude antzeztaldean. Baita Colin Farrell, Robert Duvall eta Liam Neeson ere. Lehen kritikek txalotu zuten pelikula esanez, “izarrez betetako filma non entretenimendua mezuarekin nahasten den“. Zinemaldia ixteko berriz Stan ‘Laurel’ eta Ollie ‘Hardy’ komikoen bikoteari omenaldia egiten dion “Stan & Olllie“ filma emango dute mundu estrenaldian. Belaunaldi osoak farrez lehertzen jarri zituen bikotea gorpuzten Steve Coogan eta John C. Reilly daude Jon S. Bairden zuzendaritzapean.
Zinemaldi guztiek bezala lehiaketan hainbat sail ditu. Besteak beste, Film Onena, Lehen Film Onena edota Dokumental Onena saritzen dira. Aurreko ediziotan “Ida” edo “Un Prophète” Sail Ofizialean 10 film lehiatzen dira aurten. Tartean, Donostiako Zinemaldian lehiatu zen Peter Stricklanden “In Fabric“. Cannesen saritu zuten Alice Rohrwacheren “Happy As Lazzaro“ eta Cristina Gallego eta Ciro Guerraren “Pájaros de Verano” filmak ere izango dira. Edota Venezian estreinatu ziren László Nemesen “Sunset” eta Zhang Yimouren “Shadow“. Gogo handia dut Ben Wheatleyren azkena ikusteko. Robert Redforden azken antzezlana izan daitekena, David Loweryren “The Old Man and the Gun” filmeko antzezlana ikusteko aukera izango dugu eta Nicole Kidmanek Karyn Kusamak zuzendutako “Destroyer“ filman egiten duen lan paregabea ere ikusiko dira BFI London Film Festivaleko Sail Ofizialean.
Lehen edo Bigarren Filmak saritzeko sortu zen “Sutherland Award” besteak beste Bertolucci, Antonioni edota Fassbinderrek jaso dute. Sari zaharrenetako da zinemaldian. Lehiatzen diren hamar filmen artean, Cannesen aurkeztu eta saritu zituzten Paul Danoren “Wildlife“ eta Lukas Dhonten “Girl“ lehiatuko dira. Baita Donostiako Zinemaldian sail beretsuan lehiatu eta aipamena jaso zuen Celia Rico Clavellino andaluziarraren lehen luzea “Viaje al Cuarto de Una Madre“. Bera da Sail honetan lehiatzen den bost zuzendarietako bat. Izan ere parekotasuna lortu da lehiatzen diren zuzendarien artean sail honetan. Bost emakume, bost gizon. Zinemaldiak aspaldi egin du berea emakumeen filmak programatzearen esfortzua. Horrela ezagutzera eman dute, 225 film luzeen artean, ehuneko 30a emakumeek zuzendu dutela. Laburrak gehituta, ehuneko 38 dira, osotara.
Dokumentalen lehiaketa saila eta film laburren lehiaketa sailak ere garrantzitsu dira. Dokumentalen sailean esaterako Berlinalen ikusi zen “Teatro de Guerra“ hibridoa lehiatuko da. Lola Arias idazle, kantari eta zuzendari argentinarrak Malvinaseko gerrako sei beteranoak jarraituko ditu. Kuriosoa izango da gerran aurkari izan zuen Britania Haundian nola hartzen duten. Film laburren sariaren bila Donostiako Zinemaldian Tabakalera-Zabaltegin lehiatu zen Lucile Hadžihalilović zuzendariaren “De Natura“ izango da lehiakide.
Lehiaz kanpo, Berlinale eta Venezia irabazitako “Touch Me Not“ eta “Roma“ aurkeztuko dute. Alfonso Cuarón zuzendariak gainera jada sarrerak agortuta dagoen hitzaldi bat emango du. Zinemaldi desberdinetan saritu dituzten beste film batzuk eta Atzerriko Hizkuntzan Oscar sarietara aurkezten diren gutxienez hamar bat pelikula. Aukera ederra beraz hamar egun honetan.
Please comment with your real name using good manners.