Aurtengo Canneseko edizioa oso ona izan da. Horren adierazle, Donostia Zinemaldiaren 66. edizioan, “Perlak” atala osatzen duten 17 filmeetatik, 11 Kosta Urdineko zinemaldi horretatik ekarri dituzte. Aurreko post batean gomendatu nituen jada batzuk. Orain beste batzuk azpimarratu nahi ditut zuen zerrendetan jartzeko. Canneseko Zinemaldiko Sail Ofizialetik bi ikusi gabe geratu nintzen (Donostian “Perlak” sailean izango den “Ash Is Purest White” eta Donostia Saria jasoko duen Hirokazu Kore-Edaren “Manbiki Kazoku/Shoplifters“) baina guztiz gomendagarriak omen dira. Hortaz gain, Berlineko bat eta Venezian kritika eta epaimahaia txundituta utzi dituen beste bi.
BLACKKKLANSMAN. Azken urteetan telebistan sartuta, Spike Lee zuzendari afroamerikarraren azken zine filmak algarak ekarri zituen Cannesera. 60. hamarkadan gertatutako benetako istorioa bati heldu dio, besteak beste, arrazista txuriei eta horiek egindako martxeei eta Trump-i barre egiteko.
Ron Stallworth (John David Washington) Coloradoko polizia beltza da. Ku Klux Klanen infiltratzea lortzen du. Horretarako polizia lagun txuri bat (Adam Driver) erabiliko du, arrazisteei aurpegia eman behar denean zuria izango Ron. Erritmoz, komediari eta satirari ondo helduta itzuli da Spike. Algara batean izango zara filmearen parte luze batean eta aldi berean, erreflexiorako bidea da izango da. Aktoreak ere itzel daude.
NORI GUSTATUKO: komedia, satira, historia garaikidea eta arrazakeriaren inguruko gaiak maite dituztenei.
Iparraldeko hainbat zinematan Zinemaldiarekin bat emango dute, baina Hegoaldeko areto komertzialetan azaroaren 2an estreinatuko da “Infiltrado en el KKKlan“ izenburuarekin.
SE ROKH (Three Faces). Film honek ex aequo gidoi onenaren saria jaso zuen Canneseko azken edizioan. Sarietara ohituta dago Jafar Panahi, Veneziako, Locarnoko eta Berlineko sari nagusiak irabazita baititu. Baina azken urteetan bezala, zuzendari eta gidoilari irandarrak ezin izan zuen iruditxoa jaso. 2010tik Irango gobernuak debekatu dio filmak egitea edota kanpora joatea. Berarentzat filmak egitea ogibidea eta errezistentzia bidea da.
Horrela “hiru aurpegi” honetan, emakumezko aktore baten hiru aurpegiak, hiru uneak jasotzen ditu. Aktore izan nahi duen neska gazte batek bideoa bidaltzen dio aktore ezagun bati (Behnaz Jafari). Bideoan bere buruaz beste egin duela esaten du aktore izateko ametsa ezingo bait du bete. Orduan aktoreak Panahi zuzendariari eskatzen dio bererakin neskaren herrira joatea, gauza horrela izan den edo ez jakiteko. Han Ayallotahen Iraultza baino lehen aktore garrantzitsu bat aurkituko dute; iraultzak Iran aldatu zuenean, aktore izateari utzio ziona.
NORI GUSTATUKO: Irandar zinema, salaketa zinema eta aldi berean, zinema poetikoa maite dituztenei.
Ipar Euskal Herrian Cannes bukatu eta berehala ikusi bazuten, Hego Euskal Herrira azaroaren 23an estreinatuko da.
LAS HEREDERAS. Cannes zoragarri izan bada, Berlin lotsagarri. Ezer gutxi erreskatu zitekeen. Horien artean bakarrenetakoak Marcello Martinessik zuzendutako hau. Martenissiren fikziozko lehen luzea honi esker estrainekoz sartzen zuen Paraguayk film bat Zinemaldi garrantzitsu batean. Berlinen kritikaren FIPRESCI saria jaso zuen, Zinegintza berria saritzen duen Alfred Bauer saria eta Emakumezko aktore onenaren saria, Ana Brunentzat. Donostian Horizontes Latinos saila zabalduko du eta Gehitu elkartearen Sebastiane Latino saria jasoko du.
Chiquita (Margarita Irún) eta Chela (Ana Brun) klase oneko bikote bat da. 60 urterekin dirua motz eta oinordetzan jasotako hainbat gauza saltzeari ekiten diote. Ustelkeria leporatuta Chiquita gartzela sartzen dute. Chelaren babes eza ikusten da baina aldi berean, honen askapenerako bidea erakutsi. Ana Brunen lana oso txalogarria da. Bere isiltasunekin gauza asko kontatzen du. Begiraden eta isiltasunen filma da. Amodioa itogarria izan daitekela aditzera ematen du.
NORI GUSTATUKO: Tematika LGTBI eta amodio istorioak maite dituztenei.
Espainian banatzailea du baina oraindik ez dute jakitera eman noiz emango dute zinemetan.

ROMA. Nire faboritoen zerrendan zegoen Alfonso Cuarónen azkena. Bukatu berria den Veneziako zinemaldian kritikaren txaloak ikusita, gorago egin zuen nire zerrendan. Orain Urrezko Lehoia, sari nagusia irabazi duela jakinda, galduezin horietakoa bilakatu da. “Perlak” sailetan izango da.
Roma Mexiko hiriko auzo ezaguna da. 1970eneko hamarkadan klase ertaineko familia baten bizitza, urtebetez duten bizitza kontatzen du Cuarónek. Netflixen pean egin du txikitan zaindu zuten emakumeei maitasun gutun hau. Erretatu horren bidez, garai horretako klase ezberditasunak eta garai politiko iraultzaileak hurbiltzen dizkigu. 17 urteren ondoren, espainiarrez, egin duen lehen filma da eta aktore ez profesional eta ez ezagunak uztartuz, tartean Yalitza Aparicio, filmatu du. Duela gutxi Twitter sarean zuzendari mexikarrak zioen “memoria da garenak saretzeko erabiltzen den haria“. Filmaren izaera erdi autobiografikoa aditzera emanez.
NORI GUSTATUKO: autobiografia eta borroka soziala maite dituztenei.
Netflixen abenduan zabalduko du bere plataforman, hainbat zine aretoetan ere estreinatu nahi dute.

LES FRÈRES SISTERS (THE SISTERS BROTHERS). Jacques Audiard zuzendariak Thomas Bidegain gidoigile zuberotarrarekin idazten ohi dituen film gehienak maite ditu. Ondorioz, gogoz itxoiten nuen besteak beste Nafarroan, antzeztalde estatubatuar ezagun batekin filmatu duten umore beltzeko western-a. Zuzendari frantziarrak ingelesez filmatu duen lehen filma.
Charlie Sisters (Joaquin Phoenix) eta honen anaia, Eli (John C. Reilly) hiltzaile gupidagabek dira. Indarkeria mundu batean bizi dira. Elik baina bizitza normala izatearekin amesten du. Baina euren nagusiari (Rutger Hauer) urrea lapurtu dion kimiko baten (Riz Ahmed) atzetik joan beharko dute. Detektibe (Jake Gyllenhaal) baten laguntza izango dute. Filma Patrick deWitt kanadiarraren izen bereko nobelan dago oinarritua eta azken honen eskubideak John C. Reillyk erosi zituen duela urte batzuk. Hain zuzen Bidegainek zuzendu duen lehen film luzearen aktore nagusia.
NORI GUSTATUKO: Westerra eta anaien arteko maitasun istorioak maite dituztenek.
Frantzian irailaren 19an estreinatuko da. Iparraldeko hainbat zinematan beranduago eskainiko da.
Please comment with your real name using good manners.