Zinemaldiaren hilabetean sartuta, ohikoa izaten dut hainbat zinemalditan ikusitako harribitxi batzuk gomendatzea. Batez ere, zuetako askok horrelako informazioa eskatzen eta eskertzen didazuelako. Gogoratu 65. edizio honetarako saio guztietarako sarrera salmenta irailaren 16an, igandea, goizeko 9:00etatik aurrera hasiko dela Zinemaldiaren beraren kanal guztien bitartez.
Eta gomendioen zerrenda hasteko, “Perlak” deritzan sailean ikusiko ditugun batzuk. Ondorengo bostak azken Canneseko Zinemaldian estrenatu ziren.
ZINMA WOJNA (Cold War). Pawel Pawlikoski zuzendari poloniar beteranoak “Ida” filmarekin Oscarra irabazi ondoren, Cannesen gonbitea jaso zuen Urrezko Palmaren bila aritzeagatik. Eta Donostian, “Perlak” sailean ikusiko dugun berri honekin Zuzendari Onenaren saria eskuratu zuen. Guztiz merezitakoa.
Filmak amodio-istorio sutsu bat kontatzen du Gerra Hotzaren erdian. Dantza eta kanta herrikoien talde bat osatzeko musiko bat Polonian zehar bidaiatuko da. Bidai horietako batean edonola herri uztea nahi duen neska batekin topo egingo du. Urteetan luzatuko den eta Polonia, Jugoslavia eta Frantzian zehar handituko den amodio-istorioa hasiko da horrela.
NORI GUSTATUKO: Amodio istorioak, Gerra Hotzaren ingurukoak, zuri-beltza eta plano ahaztuezinak maite dituztenei.
Zinemaldian eskapo egiten zaizu, urriaren 5ean estreinatuko da aretoetan.
PETRA. Jaime Rosalesek ia beti Cannesen estreinatzen du. Izan Zuzendarien Aste (Quinzaine des Réalisateurs) prestigiotsuan edota Zinemaldiaren atal desberdinetan. “Petra” zoragarria azken Zuzendarien Astean lehiatu zen. Eta prentsa maiteminduta utzi. Memoriarekin, gordetakoa ateratzeak ekarri dezakenarekin jolasten du zuzendari katalanak.
Petra aita ezagutu ez duen emakume bat da. Artista ezagun baten etxean bekadun iristen da, berau aita duela esateko. Eta horrek ezusteko trajedia greziarra sortuko du. Bárbara Lenniek, Alex Brendemühlek, Joan Botey ezezagunagoak eta Marisa Paredesek osatzen dute trajedia hau. Gidoia bestek beste Michel Gaztambidek sinatzen du. Aktoreak itzel daude. Eta gidoiak Goya saria merezi du.
NORI GUSTATUKO: Lennie eta Rosalesen zaleei, gidoi sendoak eta trajedia indartsuak maite dituzteneei.
Urriaren 19an iritsiko da zine komertzialeetara.
PAJAROS DE VÉRANO. Beste hau ere Canneseko Zuzendarien Astean izan zen. Ciro Guerrak duela hiru urte txundituta utzi zuen kritika “El Abrazo de la Serpiente” filmarekin. Horretako ekoizlea izan zen Cristina Gallegorekin batera zuzendu du Donostian ikusiko dugu berria. Kolonbiako narkotrafikoaren jatorria azaltzen omen duen egiazko istorio batean oinarritua dago.
Guajirako basamortuan, Wayuu familiak marijuana merkatua kudeatuko du, 1970eko hamarkadan Estatu Batuetako gazteek kontsumoa suspertzen dutenean. Narkotrafikoak kultura baten suntsipena ekar lezake.
NORI GUSTATUKO: Errealismo magikoa, western-a, pertsonai femenino indartsuak, kultura ezezagunak eta argazki txundigarria maite duteneei.
Espainian banatzailea badu baina honek ez du oraindik jakitera eman estrenaldi data.
GIRL. Canneseko azken edizioan, hasiberriak eta beteranoak nahasten dituen “Un Certain Régard” sailean, kritika aho zabalik utzi zuen Lukas Dhont zuzendaria belgikarrak. Gay tematika eta heltzeaz, gizontzeaz aritzen ziren lau film labur egin ondoren, gazte transexualen arazoak erretratzeari ekin dio “Girl” filmean.
Lara, 15 urteko neska bat da, mutil baten gorputzan jaioa eta dantzaria izan nahi duena. Familia lagun badu, egoera dramatikoa da, eta luze egiten zaio bidaia. Victor Polster ez da transexuala berez baina aktore izugarria da. Eta ikusleetako askok zalantzan jarri genuen pelikularen minutu askotan sexua egokitzen ari zen neska izango ote zen. Lan paregabe horregatik “Un Certain Régard” saileko gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen. Saileko FIPRESCI saria, kritikoek ematen duten saria eskuratu zuen filmak gainera. “Queer Palm” eta “Urrezko Kamara”, lehen edo bigarren filmeei ematen zaien sariak ere eraman zituen Belgikara.
NORI GUSTATUKO: Antzezlan itzelak eta generoen identitatea edota gai sozialak aztertzen dituzten filmak maite dituztenak.
Zinemaldia bukatzear, ostiral horretan, irailaren 28an, estreinatuko da aretoetan.
BESTE EGUN BAT BIZIRIK (Another Day of Life). Ryszard Kapuściński kazetari poloniarrak kazetarien belaunaldi desberdinak liluratu ditu. Askok gerra korresponsalaren bere bizitza errepikatu nahi genuen. Raúl de la Fuente zuzendari eta Amaia Remirez ekoizle nafarrrek Afrika goitik behera ibilitako komunikatzailea ere miresten duten. Bere liburuak harrapatuta daude. Horregatik, Kapuściński-ren historia bati heldu nahi zioten. Eta zinera aproposena egokitzeko Gerra Hotzaren erdian, Angolaren deskonolizazioa kontatzen duen “Another Day of Life” liburua iruditu zitzaien. Liburuatik tira, kazetariaren historia kontatzeari ekin diote. Horretarako, Poloniarekin eta beste hiru herriekin koprodukzioan sartu dira. Eta Damian Nemow zuzendari poloniarrarekin batera ekin diote dokumentala eta animazioa nahasten dituen historia honi.
De la Fuente Angolako pasarte horretan Kapuściński-ren kideak zirenak aurkitu eta elkarrizketatu ditu. Animazioak berriz eurek gogoratutakoa irudikatzen du. Biak ederki uztartzen dira. Erritmo bizia du filmak. Cannesen Sail Ofizialean lehiaz kanpo izan zen.
NORI GUSTATUKO: Gerra Hotzeko historiak, gerra korrespontsalen historiak eta animazio pelikulak maite dituztenek.
Urriaren 26an Euskal Herriko zineetan izango da.
Please comment with your real name using good manners.