Duela ia bost urte David Rodriguez Losadak (Donostia 1981) hainbat lagunen laguntzaz “La Noche del Ratón” bere lehen film luzea zuzendu zuen. Arratoitxo hori Donostia Zinemaldian solte utzi zuen, profesionaleek erabiltzen duten Cinando sarean, eta tartean horri ezker, filma kanpoan hainbat zinemalditan aurkezteko aukera izan zuen. Besteak beste, Zuzendari Berrien Sailean lehiatu zen AEBtako Santa Barbara Zinemaldian. Orain Rodriguez Losadak Madrileko off antzerkian, antzerki alternatiboan, ari diren aktoreak hartu eta Shakespearen “Richard III” antzezlanaren eszena bat irudikatu du. “Lady Off” bigarren luzearekin Zinemiran izango da, Euskal Zinemaren Irizar Sariragatik lehiatzen.

– Zer ikusiko du ikusleak?
“70 minutu inguruko film bat, Shakespearen “Richard III” antzerlanaren inguruko eszena konkretu baten inguruan aritzen dena. Antzeztalde batek nola prestatzen duen eszena hori ikusiko du: paraleloki ikusiko du emakumezko aktoreak etxean nola lantzen duen, eszena horren irakurketa nola egiten duten aktoreek, entsaiu bat eta obraren taularatzea eszenategian publikoaren aurrean nola egiten duten. Eszena hori zalantzan jartzen dugu. Izan ere, Ricardok Lady Ana limurtzen omen duen unea da. Erregearen arerio nagusia izan da Lady Anaren gizona. Berau eta honen aita hil ditu Ricardok. Gizonaren gorpua aurrean duela erregea Lady Ana seduzitzen saiatzen da. Eta hasieran, pertsonai horrek duintasunez, orma jarriz erantzuten dio. Baina laugarren edo bosgarren orrian, Shakespearek duitasun hori kentzen dio pertsonaiari“.
Horrek erakarri zizun?
“Bai. Shakespearen lanetan emakumeen papera hori da. Egia da horrelako lanetara ikuspegi historiko batetik hurbildu behar garela. Baina beti arreta eman dit eszena horretan Shakespearek hasieran Lady Anari amorru bat, borrokatzeko gogo bat ematen diola eta segituan hori kentzen diola. Lady Anak hildako senarrari egiten dio negar, normala da suminduta egotea. Baina beste zeozer dago. Erregeari gogor erantzuten dio hasieran, hitz borroka bat dago. Hori onartzen dio Shakesperek. Baina berehala hori desagerterazten du eta pertsonaia papina bilakatzen da Ricardo IIIren eskuetan. Horri lotuta jakin nahi dut emakumezko aktore batek nola egin dezakeen berea egoera hori. Nola hasierako duintasun duen pertsonai hori berea egin, gero sinesgarri egiteko pertsonaia duen bira sineskaitz hori. Izan ere, aktore on batek hurbildu behar da pertsonaiera, ulertu, zein motibo dituen, horiek egiteko. Eta lehen motiboari heldu badiozu nola pasa bigarrenera“.

Antzerkiaren inguruko erreflexioa al da?
“Ez genuen erreflexio orokorra egin nahi. Eszena konkretu hori hartu nahi genuen eta jakin nola egiten zioten aurre aktoreek. Izan ere, Shakespearek idatzitakoa iraingarria izan daiteke gizonezko aktorearentzat ere. Jakin nahi genuen zein punturaino sentimendu iraingarri hori paperean dagoen eta noraino eurek hori islatzen duten. Nola eragin diezaieke, nola onartu eta baimendu. Horregatik fikzio bat sortu dugu non aktoreei egoera bizitzen utzi diegu, inprobisatuz eta hori ia dokumentatuz. Gure begirada dago baina askatasun hori utzi diegu.”
– Baina gidoia badago, ezta?
“Gidoia baino gehiago hasiera puntua aditzera eman diegu, bidea erakutsiz, egoera argituz. Baina pertsonaien egoera bizitzen utzi diegu nola bukatuko den esan gabe. Nola egoerak emakumezko aktorea eragiten duen ikusi nahi genuen. Ondorioz, kamara desberdinekin egindako toma luzeak egin ditugu. Batzutan 40 minutukoak, oso intentsoak. Hamar edo hamairu orri dituen testu batetik horrelako luzerak zituzten tomak. Emozionalki ni eta aktoreentzat oso intentsoa izan da, baina oso interesgarria, egiazko gertatzen zen“.

Horrek nola baldintzatu du errodaia?
“Beti mugimenduan egon gara. Inportanteena zen eurek libre izatea mugitzeko. Hiru kamara erabili ditugu eta soinu aldetik bi pertiga dena jasotzeko. Horrek esan nahi du tomeetan une asko ezin direla erabili, kamara batak bestearen espazioan sartzen baitzen. Gainera antzoki alternatiboa izaki, lantaldeko bost kide sartuta gehitxo zen. Nik kameretako bat ibili dut, esaterako. Lan egiteko era hau oso neketsua zen aktoreentzat batez ere, baina lehen egoeratik bigarrenera aldaketa zegoen, emozionalki nola babesten diren ikusten duzu. Hirugarren edo laugarrean beste kontu batzuk azalaratzen ziren. Gainera tomeen artean puzzlea osatu behar izan dugu. Filmak lau une narratibo ditu, paraleloki aletzen direnak“.
Marta Fuenar aktoreak Lady Anarena egiten du. Richard IIIren paperean Mateu Bosch izango da. Biek antzeztuta zuten “Richard III” antzezlana. Yeyo Vayeyo zuzendariarena egiten du. Jaione Azkona euskalduna emakume aktorearen pisukidea da eta bere lehen laguntzailea papera osatzen. Lepanstrit eta Pecado Films ekoizetxearen lana da.
Please comment with your real name using good manners.