Suitzako italiar aldean, Maggiore aintziraren bazterrean dago Locarno. 1946tik gainera Suitzan dagoen zinemaldi nagusienetako egoitza da. Locarnoko zinemaldiak ezaguna da zinema independiente, egile zinemako filmak jasotzeagatik. 71. edizioak asteazkenean hasi eta abuztuaren 11rarte, besteak beste, Spike Lee, Hong Sangsoo, Ethan Hawke eta Antoine Fuquaren azken filmak erakutsiko ditu. Azken bi zinegile hauek herri turistiko honetara iritsiko dira. Baita Meg Ryan. Aktore estatubatuar ezagunak Leopardo Klub saria jasoko du, Donostia Saria moduko bat. Brumo Dummont frantziarrak Ohorezko Leopardo saria jasoko du. Edizio hau Carlo Chatrianek zuzentzen duen azkena da. Izan ere, Berlinale gidatuko du hemendik aurrera.
Zinemaldiaren sari nagusia, Pardo d’Oro (Urrezko Leopardo)ren bila, nazioarteko lehiaketan, 15 film arituko dira. Tartean Hego Koreako zuzendari ezagunaren, HONG Sangsooren edota Errumaniako Radu Munteanen azken filmak. Donostiako Urrezko Maskorragatik lehiatu zen Philippe Lesage kanadiarra Sail Ofizialean izango dugu lehian ere. Donostiako Zinemaldian ikusi genuen “Hitchcock/Truffaut” dokumentalaren zuzendaria Kent Jones estatubatuarra bere lehen fizkiozko luzearekin arituko da. Argentina, Txile, Frantzia, Britania Handia, Italia, Suitza, Taiwan eta Singaporretik datoz beste filmak.
Berdintasunaren aldeko akordioa sinatu behar du Locarnoko zinemaldiak. Baina Sail Ofizialean berdintasun hori oso urrun dago. Lehian dauden 15 filmeetatik hiruk emakumeek zuzendu dute, eta horietatik bat, erdibana gizon batekin. Beste sailetan emakume zuzendari gehiago topatzen ditugu. Laida Lertxundi bilbotarra Datorren Zinema deritzan sailean lehiatuko da. Elias Querejeta Zine Eskolako zine sailaren arduraduna izango denak “Words, Planets“ film laburra eramango du. Lehiaz kanpo Ana Schulz donostiarraren “Mudar la piel“ dokumentala aurkeztuko da. Cristóbal Fernándezekin batera zuzendu duen filmean aita, Gernika Gogoratuzeko ekintzaile izan zen Juan Gutiérrez eta horren laguntzaile izan zen Roberto Flórezen erretatu egin du. Flórezek Gutiérrez espiatu zuen Espainiako gobernuarentzat. “Sr y Sra” ekoizetxe donostiarrarekin egin dute.
Zinemaldien honen irudia izaten da Piazza Granden gauero ospatzen diren zine emanaldiak. 8.000 ikusleekin aire librean egiten den zine areto handiena bihurtzen da. Hor ikusiko dira egunotan Spike Leeren “BlacKKKlansman“, Ethan Hawken “Blaze“ eta Antoine Fuquaren “The Equalizer” filmaren hurrengoan. Bertan emango da Cristina Gallego eta Ciro Guerra kolonbiarrek zuzendutako “Pájaros de verano“. Lee-rena eta azken hau Cannesen lehiatu ziren. Locarnoko hainbat film ziurrenik Donostiako Zinemaldiko “Perlak” eta “Zabaltegi” saileetan ikusiko ditugu.
Please comment with your real name using good manners.