Datorren urtean beteko da munduari lehen bira emango zuen barku espedizioa abiatu zela Sevillatik. Magallanes portugaldarra kapitain zela abiatu ziren bost barkuak. Hiru urte beranduago iritsi ziren Juan Sebastian Elcano getariarra buru zela. Eta hori gogoratzeko Dilubitoon Studio euskal ekoizpen etxea “Elcano, Lehen Mundu Bira” animaziozko filma egiten ari da. Haurrentzako filma datorren urtean mendeurren hori gogoratzeko estrenatuko dute Angel Alonsok zuzenduta.
Joseba Beristain (Azkoitia, 1978) ari da egunotan soinu-bandan lanean bere estudioan. Dilubitoonek bidalitako oharraren arabera: “Oso proiektu interesgarria da eta ilusio handia egiten dit. Oso musika desberdinak lantzeko aukera ematen didan film bat delako. Adibidez, abentura handi baten inguruko filma denez, epopeia haren goreneko uneak edo arrisku uneak girotu ahal izateko musika sinfonikoak konposatzeko aukera ematen dit“. Gainera Beristianek filmak dituen lokalizazio geografiko desberdinek ematen dioten aukera azpimarratu du. “Toki horiek girotzen lagunduko duten musikak sortu beharra dut, hau da, estilo brasildarreko musika, Cebukoa, Moluka uharteetakoa… Erronka zoragarria da niretzako eta asko gozatzen ari naiz musika estilo berrietan ikertzen.” Metrajearen 80 minutuetan zehar banatutako 60 musika minutu inguru izango dira.
Filmaren zuzendariak, Angel Alonso egunotan musiken egokitasuna pelikulako sekuentzia desberdinetan gainbegiratzen ari da Beristainekin elkarlanean. Alonso baikorra da oso, “Joseba Beristainek oso ondo ulertu du nik nahi nuena, hain film berezirako bilatzen ari nintzen musika estiloa, alegia. Entzuten ari naizen maketak oso gustoko ditut eta erritmo onean goaz iraileko grabaketetara iritsi ahal izateko”.
Irailean grabatuko dute soinu banda Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak EOSren egoitzan, Miramonen. Fernando Velazquez (Getxo, 1976) orkestra-zuzendariak eta soinu banden konpositoreak zuzenduko du grabaketa. Goya saria jasotako Velazquez gustura lanarekin: “10 urte baino gehiago dira Joseba ezagutzen dudala, eta oso pozik nago, bere eskutik, abentura honen partaide izango naizelako. Talentu handiko pertsona da, musikari aparta. Asko pozten nau Elcano handiaren eta bere balentria unibertsalari buruzko filme honen soinu-bandaren grabaketan parte hartu ahal izateak”
Beristainek dionez, “grabaketa egunak emozionanteak izango dira, ziur, baita urduritasun eta ardura egunak. Egun gutxitan denbora guzti honetan zehar egindako lana grabatu beharko da, baina oso ederra izango da musika notek bizia eta arima nola hartzen duten ikustea Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musikarien eta Donostiako Orfeoiko ahotsen bidez.”
Bestalde, Donostiako La Oreja de Van Gogh taldeak filmaren kantua sinatuko du. Dibulitoon Studio ekoiztetxeak aspaldi zuen bere animazio ekoizpen batean La Oreja de Van Gogh taldearekin lan egiteko gogoa. Beste alde batetik, Donostiako taldeak gogo handia zuen filme baten musikan parte hartzeko: “Sortu ginenetik izan dugu gogoa pelikula baten musikan parte hartzeko, eta urte guzti hauetan zehar hainbat proposamen jaso baditugu ere, film hau ezagutu arte ez gara ausartu pausoa ematera. Abentura liluragarria, anbizio handiko proiektua, gure herriko ekoizpen bat… aukera perfektua! Guretzako ohore handia da horren gertaera garrantsitsu baten ospakizunean parte hartu ahal izatea eta horregatik, Elcanoren ispiritu aintzindarian inspiratuko gara. Lehenengo aldiz ere, euskeraz eta ingelesez idatziko dugu.” Kantua hiru hizkuntzetan abestuko du taldeko bokalista den Leire Martinezek, euskeraz, ingelesez eta gazteleraz.
Hortaz gain, Enrike Solinís-ek (Bilbo, 1974) eta 2006an Bilbon sortu zuen musika aintzineko Euskal Barrokensemble bere taldeak parte hartuko dute. Duela gutxi estreinatu dute Donostiako Kursaalean “Juan Sebastian Elkano: Euskal nabigazioaren urrezko aldiko kantu eta dantzak” obra. Eta horren errepertorioko pieza batzuk egokitzea eskatu die Joseba Beristainek Solinísi.

Beristainek jada lan egin du soinu-banden konpositore bezala Dibulitoon Studioren hainbat ekoizpenetan, tartean, Teresa eta Galtzagorri, Adiskidetasunaren magia (2017, Animazioko Film Onenaren Goya sarietara izendatua) eta Mystikal (2010) filmeetan. Hain justu, Mystikal filmaren soinu-bandan, Donostiako Orfeoiak parte hartu zuen ere.
“Elcano, Lehen Mundu Bira” filma euskal ekoizpen bat da eta Eusko Jaurlaritza eta ETBren babesa, besteak beste ditu. 100 profesionaletatik gora ari dira 3D teknologiadun film luzean. Jada Errusian, Txinan, Polonian, Ekialde Ertainean eta Turkian pelikula banatzea lortuta dago.
Please comment with your real name using good manners.