CANNESetik
Eta eskandalua berriz iritsi da Cannesera. Duela zazpi urte Canneseko Zinemaldiak Lars Von Trier pertsona non grata ebatzi ondoren, aurten partehartzeko gonbitea egin diote. Lehiaz kanpo “The House That Jack Built” (Jackek eraikitako etxea) aurkeztu du eta pentsa eta akreditatu askok aretotik atera dira filma bukatu baino lehen. Kritika txarrak ere jaso ditu Stephane Brizé frantziarraren azkena, berau Sail Ofizialean. Eta harrera hobeagoa “Carmen Y Lola”, Bilbon jaiotako Arantxa Echevarríarena. Berau Zuzendarien Astean estrenatu da.
Aurtengo altxorretako bat zen Lars Von Trier daniarraren azkena. Askok zale amorratuak dira. Probokatzaile peto peto, bere zinema ez da erdizka gelditzen. Canneseko ohiko horietakoa zen. Bederatzi aldiz Lehian izan zen zinemaldi honetan. Duela zazpi urte, “Melancholia“ aurkeztu zuenean, Hitlerren inguruko adierazpen polemikoa egin zuen eta txantxetan nazia izan nahi zuela esan zuen. Ondorioz, Canneseko Zinemaldiak “persona non grata” izendatu zuen. Baina berriro alfonbra gorria jarri diote, Matt Dillon aktore estatubatuarra protagonista duen serieko hiltzailearen erretratu hau aurkezteko, “The House That Jack Built” aurkezteko.

Garai bateko nerabeen bihotzekoa, Matt Dillonek Jack bizkorra gorpuzten du. 1970eneko hamarkadan hasi eta 12 urtez bera jarraituko dugu. Seriean hiltzaile bilakatu zuten hilkeetei Jacken ikuspuntutik hurbiltzen digu Von Trierrek. Hilketak arte lantzat jotzen duen hiltzailearen ikuspuntutik. Filmak Bruno Ganz eta Uma Thurman ditu aktore. Biolentzia tonaka omen dago, esplizituegia. Elkarrizketa bat tarteko ez nuen ikusi. Baina akreditatuak dozenaka irten zirela jakin nuenean gogo gutxi izan nuen, egia esan.
Sail Ofizialean Lehian, duela hiru urte arrakasta lortu zuen Stéphane Brizé zuzendaria eta Vincent Lindon aktorea. 2015ean Cannesen lehiatu zen lan munduaren erretratu bortitza den “La Loi du Marché” filmari esker Vicent Lindonek gizonezko aktore onenaren saria eskuratu zuen. Formula errepikatu du Brizék Cannesen aurten aurkeztutako “En Guerre” honetan. Lindon istiluetan dagoen enpresa batzordeko bozemalea da Laurent Amédeo. Murrizketak eta soldata jeitsierak onartu badute ere, enpresak Fantziako erdialdean dagoen lantokia itxi eta 1100 langile kalean jarri nahi ditu. Euren lanpostuak babesteari ekingo diote.

Brizé faltsu dokumentalaren itxura eman nahi izan dio Frantzian azken urteetan gertatzen ari diren lan istiluen isla izan nahi duen filmari. Telebista berrien aurkezpenak erabiliz eta sindikatuen eta negoziazioen arteko batbateko elkarrizketak erabiltzen ditu horretarako. Lindon berriz ere izugarri dago. Niri gustatu zait, tentuz egindako iruditu zait baina batek baino gehiago hutsalegia iruditu, indartsua baina su-artifizialean, ezerean geratzen dena.
50 urte bete ditu Canneseko Zinemaldiarekin bat egiten den “Zuzendarien Astea”. Antolakuntza eta epaimahai ezberdindua duen ekitaldiak publiko bera du: Canneseko zinemaldia jarraitzen dugun komunikabide eta industria bera. Horregatik benetan ikustoki garrantzitsua da “La Quinzaine des Réalisateurs” horretan hautatu izana. Eta horrela ulertu Astearekin batera duela 50 urte Bilbon jaiotako Arantxa Echevarriak berak. Bere lehen luzea “Carmen y Lola“ agertoki honetan estrenatzea “mirari eta ametsa” da.
Filmak amodio istorio bat kontatzen du. Neska ijito gazte batzuena. Ezkontzeko adinan daudela, elkar ezagutzen dutenean. Bata gizon batekin prometitu dute, besteak gero eta argiago du neskak maite dituela. Nesken arteko adiskidetasuna dena pixkanaka maitasun istorio, ederra, bilakatzen da. Eta matxista den ijitoen gizarte bati eta gero eta indartsuagoa den eliza ebangelikoari aurre egin beharko diote. Aldarrikapen bezala funtzionatzen duen istorioa. Kritikak oso ondo hartu du.

Iparamerikar independientea, hegokorear heldua eta Galaxien Gerra bederitzagarren egunean
Please comment with your real name using good manners.