CANNESetik
Japonia izan dugu amets egiteko tokia astelehenean. Hainbateten Donostian izan dugun Hirokazu Kore-eda maisuaren eta japoniar zine berriaren ikurretako bat Ryusuke Hamaguchiren azkenak izan baitira lehian Croisetten. Biak familia eta amodio disfuntzionalekin. Horiekin batera, azken urteetan telebistan babes hartutako eta afroamerikar zinemaren eredu deigarrena, Spike Lee itzuli da zinera eta Cannesera. Prentsa barrez lehertzen jarri du Trumpen gehiegikeriak gogora ekarri duen Ku Klux Klanen inguruko filmak.
Hikokazu Kore-Eda (Tokio 1962) ohiko bat da Cannesen. Zazpi aldiz hautatu dute bere pelikuletako bat zinemaldi honetan eta aurtengoarekin bosgarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean. Duela bost urte gainera, Epaimahaiaren Saria jaso zuen “De tal Padre, Tal Hijo” filmarekin. Horretan hain maitatua duen gaia, familia, izan zuen abiapuntu. Berri honetan, “Manbiki kazoku“ (Espainian “Un asunto de familia” bezala estrenatuko da) ere horri heldu dio. Familia dago filmearen erdian. Baina gutxinaka ikusiko dugun bezala familia berezia dugu guztiz.

Soldata eskasekin, lapurreta txikiekin, egunerokoa ateratzen duen Shibata familiak neskato bat aurkitzen du, hotz, etxean gurasoek bakarrik utzitako neskatoa. Berarekin eramaten dute. Euren etxean baina ez da beste aho bat kabitzen. Amona, arreba gaztea eta semea bizi dira Shibata bikotearekin, gela bakarreko pisu txiki batean. Baina neskatoa gurasoen partetik tratu txarrak jasaten dituelaren susmoa dute eta lekua egingo diote etxean eta bizitzan neskatoari. Familia normal bat, dena ondo doa, ezustekoa gertatzen den arte.
Yasurijo Ozu maisuaren iturritik edanda, egunerokoa itzel zizelkatzen du Kore-edak. Familiaren begiratu gazigozo, ederra. Horretan lagun, antzezlan paregabeak. Esaterako “De Tal Padre, Tal Hijo”n aitarenana egin zuen Lily Franky, hemen ere aitaren paperean. Edota amonarena egiten duen Kirin Kiki Koreedaren azken filmeetan egon da eta Naomi Kawaseren “Una pastelería en Tokio” filmeko protagonista maitagarria da. Bihotza harrapatu zigun. Euskal Herriko ikusleek ere hori konprobatzea dute. Golem banatzaileak zinemaldia hasi aurretik erosita baitzuen.
Arte eskolan hezitua da Ryūsuke Hamaguchi (Kanagawa 1978) zuzendaria. Duela hiru urte egonaldi artistiko baten ondoren, “Happy Hour” edo Frantzian “Senses” egin zuen, bost ordutako filma. Aktore ezprofesionalekin. Lau emakumezko aktoreek saria jaso zuten Locarnon. Filma hirutan zatitu zuten zine areoetan jartzeko. Frantzian arrakasta nahikoa izan zuen eta horrek bere lehen partea hartzea Canneseko Lehiaketan ahalbideratu dio. Amodio bitxi baten istorioa da “Netemo Sametemo” (Asako I & II).

Tomoka Shibasaki idazlearen eleberri batean oinarrituta Asako neskaren istorioa kontatzen digu. Lehen maitasuna galduta, bihotz hautsita dago, lehen mutilaren itxura bera duen gizon bat aurkitzen duen arte. Seduzio jokoa hasiko da. Gutxinaka konturako da hau ez dela bestea bezala. Bestalako gizon bat da. Agian helduegia naiz film hauetarako baina hotz utzi nau. Aspertu egin naiz.

Bestelako gertatu zaigu Spike Leeren azkenarekin. Barrez lehertzen aritu gara “BlacKKKlansmann“ ikusten genuen bitartean. Liburu batean oinarritua hau ere, Ron Stallworthen autobiografian oinarritua. Denzel Washingtonen semeak, John David Washingtonek gorpuzten du Stallworth. Berau, polizia afroamerikarra, 1970eneko hamarkadan Ku Klux Klaneko herriko atalean sartzea lortu zuen. Horretarako Adam Driverrek jokatzen duen polizia zuri bat erabiliz.

Adam Driver Zinemaldia hau itxi beharko luke filmean ikusiko dugu “The Man Who Has Killed Don Quichotte”. Ez da errepikatzen duen bakarra. Ku Klux Klaneko buruzagiaren paperan Topher Grace dugu. David Robert Michellek zuzendutako “Under The Silver Lake”, Sail Ofizilean dagoen beste bat ere dago. Gracen pertsonaiak “America First” esaten zuen bakoitzean denek Etxe Zurian egun dagoen gizontxoa buruan genuen. Egungo egoera raziala gogoratzeko azken urtean Ku Klux Klanek astindutako Charlottesvilleko iazko abuztuko istiluak ere sartu ditu metrajean. 1989an “Do The Right Thing” Cannesen aurkeztu zuenetik, Leek bost aldiz izan ditu filmak hemen, hiru Lehiaketan. Honekin zerbait eraman beharko luke.
Debekua jaso zuen zuzendariaren itzulera, frantziar kuota eta Zuzendarien Astean guretako bat biharko kronikan
Please comment with your real name using good manners.