CANNESetik
Emakumeen borroka Canneseko alfonbra gorrira iritsi da. Hain juxtu lehian Kurdistango emakume gerlarien erretratua egiten denean eta “Un Certain Régard” sailean emakume izateko gazte baten gurutze-bidea kontatzen den egunean. Aurtengo Epaimahaiaren buru den Cate Blanchett aktorea bera eta duela hiru urte Canneseko Ohorezko Urrezko Palma jaso zuen Agnès Varda zuzendaria buru zutela, 82 emakumek Canneseko eskailerak igo zituzten, elkarri besoa emanda, zine industrian dagoen ezberdintasuna zalatzeko. Frantzian sortu den 2020 urterako 5050 eskatzen du, hau da, bi urte barrurako zinemaldietan ematen diren pelikulen erdia emakumeek zuzenduta izatea eskatzen duen mugimenduak sortu du.

Protesta hori hain zuzen izan da Zinemaldi honetan Sail Ofizialeko Lehian emakume batek zuzendutako film bakarrenetakoaren alfonbra gorrian. Lastima Eva Hussonek zuzendutako “Les Filles du Soleil“ hain hutsala, gehiago esango dut, hain lotsagabea izatea. Husson historia egiten ari diren gerlari batzuei omenaldia egin nahi die. Kurdistanen emakumeez osatuta dagoen batailoa fikzionatzen du. Horretarako Frantzian aski ezagunak diren bi aktoreen konplizitatea izan du. Kasting horrek zineetara eramango du publikoa baina sineskortasuna galtzen du.

Erreportari frantsez bat, Mathilde, Siriako Kurdistanera joango da. Atzen “mamu” bat utzita, emakume gerlarien egunerokoa erretratu nahi du. “Emakumea, bizitza eta askatasunaren” lelopean borrokatzen dira, Bahar deritzan buruzagiaren pean. Bahar yadizi gutxiengoko abokatua da, integristek bahitutakoa. Ihes egin ondoren, osatu du bataiola. Mathilde gorpuzteko aktore eta zuzendaria den Emmanuelle Bércot izan du. Donostiako Zinemaldiako 2016ko edizioa zuzendu zuen “La Doctora de Brest” filmarekin zabaldu zuena. Bere bestelako mamuak dituen Bahar antzezteko Golshifteh Farahani aktore franko-irandarra hartu du. Filme feminista bezala aurkeztu dute. Gogoak nituen ikusten, baina film ikusi dugun emakume kazetari batek baino gehiago suminduta atera gara zine aretotik. Filma ez da sineskorra eta lotsagarria iruditzen zait une askotan.
Bestelakoa gertatu zait “Un Certain Régard” sailean ikusi dudan lanarekin. Guztiz hunkituta atera naiz kontatzen duenagatik eta aktoreak egiten duen paperagatik. Lukas Dhont zuzendari gazteak “Girl“ bere lehen filma luzea egin eta Cannesen lehiatzeko aukera izan du genero identitatearen inguruan ari den filmarekin. Eta lehen lanak saritzen dituen Urrezko Kamara jasotzeko hautagai sendoa. Begirada fina. Unerik gogorrenak ere onargarri gertatzen zaizkt. Victor Polsterren antzezkizunak saria merezi du.
Lara, 15 urteko neska bat da, mutil baten gorputzan jaioa eta dantzaria izan nahi duena. Familia lagun badu ere, egoera dramatikoa da, eta luze egiten zaio bidaia. Balletak dituen eskakizun gogorri aurre egiteaz gain, nerabetasunak dituen zailtasunen erdian izango dugu Lara. Benetako historia batean dago oinarritua. Victor Polster ez da transexuala berez baina aktore izugarria da. Eta ikusleetako askok zalantzan jarri genuen pelikularen minutu askotan sexua egokitzen ari zen neska izango ote zen.
Lehiaz kanpo, Sail Ofizialean zegoen, beste batek amorrua sortu dit, liburu on bat hain gaizki moldatzeagatik pantailara. Cannesek azken aldian martxan jarri duen gauerdiko saioan eman dute HBOk ekoiztutako “Fahrenheit 451” filma. Filma baino telefilm eskasa Ramin Bahrani zuzendari irano-estatutabatuarrak. Michael B. Jordan aktorea Montag suhiltzaile gaztea da, liburuak erretzeko bere betebeharra zalantzan jarriko duena Clarisse erresistentea ezagutzen duenean. Clarisse Beatty kapitainaren informatzailea da. Beattu kapitaina Michael Shannon zoragarriak antzezten du. “Broadwalk Empire” serien FBI agente anker baina aldi berean, mamuez beteriko pertsonai hori ederki gorpuztu bazuen, hemen karikatura baino ez da. Bahraniren film honek ez dut zerikurisik 1966an François Truffaut egindakoarekin.

Seigarren egunean lehian bigarren emakume zuzendariaren filma, Donostian askotan ikusi dugun japoniar maisua eta lehiaz kanpo probokatzaile baten azken lana.
Please comment with your real name using good manners.