Annemarie Jacir palestinar zineman iraultzailea izan da. Belenen jaio baina Jordanian bizi den zuzendariak markak hautsi ditu: Cannesek hartu zuen emakume arabiar baten lehen laburra berak zuzendu zuen, berarena da ere palestinar emakume batek zuzendutako lehen luzea eta Jacirren hiru luzeak Palestinaren hautagaiak izan dira Oscar sarietarako. Tartean, azkena, “Wajib”. Honetan, Palestinatik kanpo bizi den gazte bat etxera itzuliko da arreba ezkontzekotan dagoelako eta aitari gonbidapenak banatzen lagunduko dio. “Road movie” honen bidez Nazareteko kristau palestinarren komunitatea ezagutuko dugu. Locarnoko zinemaldian estreinatu zen eta saritu zuten. Ostiralean Hego Euskal Herriko zinema aretoetan “La Invitación de Boda” bezala estreinatzen da. Londreseko BFI zinemaldian, Sail Ofizialean, aipamena lortu zuen; orduan, hitzegin genuen Annemarie Jacirrekin.
PANTAILA HANDIAN – Hasierako eszenan aita kotxean ikusten dugu pentsakor irratian eskelak entzuten dituen bitartean. Heriotza gertu somatzen du?
ANNEMARIE JACIR – “Pozten naiz horretaz ohartzeaz. Irrati saio horrek egunero ematen du hildakoen berri. Ez dakit zuenean horrelakorik duzuen. Bai, heriotzarekin obsesionatuta dago. Egunero entzuten du. Bere bizitza bukatzear dago. Hori somatzen du. Eta hori bizitzaren beste une garrantsitzu baten den, ezkontza baten erdian“.
P.H. – Semea berriz atzerrian bizi den palestinar bat da, herrira itzultzen dena. Zu bezala kanporatutako bat al da?
A.J. – “Nitan bi aldeak daude. Palestinarra sentitu eta kanpoan bizitzera behartutako palestinarra. (Israelek ukatu zion Palestinara itzultzeko baimena, film baten nazioarteko aurkezpenaren ondoren). Dualitate hori ez nuen nahita egin. Gauza bera gertatzen zen 2012ko “When I Saw You” filmean. Ama eta seme bat dira, biak errefuxiatuak dira. Ez dira kanpotarrak, kanporatutakoak baizik. Shadi (Saleh Bakri) pertsonaia ez da kanpotar bat. Palestinan hazitakoa da, baina istilu batzuk tarteko, babesteko kanpora bidalitakoa. Eta orain ez du itzuli nahi“.
P.H. – Baina ez du aitaren iritzi bera; aldatu du?
A.J. – “Bai, iritzi desberdina du. Ez nuke esango erradikalagoa. Bera kanpoan bizi da baina ez du irudi inozente bat. Ez da Palestina zer den ez dakien kanpotarra. Aitarentzat Palestinako egoera eguneroko ogia da, bertan bizi behar du. Semeak aldiz kanpoan du bizitza eta lana eta horregatik hain da kritikoa. Gainera beste gaia da non dagoen etxea, nongoa naiz. Shadik ez zuen alde egitea nahi. Aitak behartu zuen. Eta orain ez du itzuli nahi. Aitak orain semea faltan botatzen du, batez ere orain alaba ezkondu behar dela“.
P.H. – Semearena egiten duen Saleh Bakrik zurekin urteetan egin du lan. Baina lehengo aldiz jarri duzu Mohammed Bakri aitarekin lanean. Nola izan da?
A.J. – “Esan genezake Saleh nire bikote artistikoa dela. Hasieratik nirekin egon da. Baina ez dut inoiz lan egin bere aitarekin, oso aktore ezaguna dena gainera. Hasieratik, gidoitik, nuen garbi Salehek egingo zuela pertsonaia. Baina aita … Oso gizon elegantea da. Gehienetan pertsonaiatik gertu dagoen aktorea hartzen dut. Baina konturatu nintzen biek, aita seme izaki, zeozer berezia emango ziotela filmari. Zaila da familiarekin lan egitea. Askotan gehiago irekitzen zara kanpotarrekin familiarekin baino. Urduri nengoen baina horrekin amestu nuen eta ametsetan sinesten dut. Eurei esan nien nire kezka eta ondo ulertu zidaten“.

P.H. – Filmak gainera guri agian ezezagunago zaigun palestinar komunitate bat azalaratzeko balio du, ezta?
A.J. – “Bai Nazareteko palestinarrei buruz da filma ere. Israelgo herritarrak izatera behartuta daudenak. Askok ez dakite Israelen bizi diren palestinarrak direla. Gehienek errefuxiatuak dituzte buruan. Teorian beste Israelgo herritarren eskubide berdinak dituzte. Baina bigarren mailako herritarrak dira. Ez dute gauza bera kobratzen. Eta palestinar eskolek ere diru gutxiago jasotzen dute. Jendez gainezkako auzoetan bizi dira. Baina interesgarriena da umorez betetako jendea dela. Hori agertu nahi dut filmean, umorez eta maitasunez beteriko jendea dela“.
P.H. – Hirugarren aldiz Palestinaren hautagaia izan zara Oscar sarietarako. Garrantzitsu al da?
A.J. “Nik ez diot estatubatuarrek ematen dioten garrantzia ematen. Aldi berean, gustagarria da Palestina ordezkatzea. Palestinarrengatik, imaginatzen dut gauza bera izango dela euskalduneei dagokienez. Hain ikustezinak egin gaituzte eta borrokatu behar dugu gure istorioak ikusentzulego zabal bati aurkezteko. Horregatik da garrantzitsu niretzat Palestina ordezkatzea“.
Please comment with your real name using good manners.