Asteartean hasiko da Canneseko zinemaldiko 71. edizioa. Munduko zinemaldi entzutetsuena. Eta agian zine merkatu handiena. Profesional, prentsa eta zine jarraitzaile akreditatuen artean 40.000 lagun biltzen dituen erakuslehio zabala. Eta horretara hurbilduko da euskal zinema. Inoiz izan duen partehartze zabalarekin. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako film bat, “Beste Egun Bat Bizirik”, Sail Ofizialean lehiaz kanpo arituko da. Arantxa Echevarria bilbotarrak zuzendutako “Carmen y Lola” Zuzendarien Aste ezagunean lehiatuko da. Eta estrainekoz, Zineuskadik babestuta, euskal zine enpresek lehioa izango dute “Marché du Film”-ean.
Esanguratsua da oso Raúl de la Fuente nafarrak eta Damian Nemow poloniarrak zuzendutako “Another Day of Life“ filma Sail Ofizialean izango dela. Emanaldi berezien barruan izango da Kanaki Films ekoizetxe donostiarrak animazioa eta irudi erreala nahastuz egindako filma. Raul de la Fuentek eta Amaia Remirez ekoizleak Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarraren liburu bat moldatu nahi zuten, Angolako Gerra Zibilean, kazetariak jasandako hiru hilabeteko mentura kontatzen zuena. Animazioan Platige Image poloniarren laguntza izan dute. Filmean gainera Walking the Dog belgiarrek, Animation Fabrik eta Wuste Film alemaniarrek eta Puppetworks hungariarrek parte hartu dute. Euskal eta nafar gobernuen laguntzaz gain, ETBren parte hartzea du euskaraz “Beste Egun Bat Bizirik” izenburua izango duen pelikulak. ICAA, Eurimages eta Europe Creative-ren laguntza izan du luzeak. Eta lehiaz kanpo arituko bada ere, lehen edo bigarren filmeei ematen zaien Urrezko Kamara jasotzeko hautagaia
Adierazgarria da estrainekoz Zineuskadik stand-a jarriko duela “Marché du Film“, Canneseko Azokaren barruan. Cinema from Spain eremuan, lekua izango dute Etxepare Institutuak eta Eiken Clusterraren laguntzaz antolatuta. Bertan katalogoa banatuko da 43 proiekturekin. Horietako 18 garapenean daude, 13 ekoizpenaren une batean edo bestean daude eta 12 bukatuta edo 2017an estreinatu dira. 19 dokumentalak dira eta 24 fikziozko luzeak. Osotara 28 enpresen lanak ikusi ahal izango dira liburuxka horretan. Horietatik 9 zinemaldian izango dira. Aipatutako Kanaki Films ekoitzetxea izango da. Horiekin batera, Pimpi&Nella ekoizetxeak Iratxe Fresnedaren lan berria “Cold Lands” erakutsiko du eta Dilubitoon Studioa ia amaitzear duen “Elkano, Lehen Mundu Bira“. Atera Films eta Barton Films banatzaileak gurera gero zer ekarri bila joango dira.

Txintxua Films-ek ere zinemaldian antolatzen diren ekitaldi batean parte hartuko du. BS2BO (Best Seller to Box Office) deritzan ekitaldian “Karmele“ deritzan proiektua “salduko” diete nazioarteko koproduktoreei. Liburuen moldaketetatik filmak egiteko balio duen ekitaldi honetan Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” moldaketa defendatuko dute Asier Altunak eta Marian Fernandezek. Uriberen nobela Gerra Zibilean hasi eta Europan II. Mundu Gerran euskal diasporak egindako lana erakusten du. Aurrera ateratzen lortzen badute proiektu esanguratsua izango da, epokako filma.
Arantxa Echevarria bilbotarrak bi emakume gazte ijitoen arteko amodio istorioa kontatu nahi zuen. Horretarako aktore ez profesionalak hartu zituen. Gidoi sari-laguntza bat jaso, filmatzen hasi eta Cannesen hautatzea lortu du. Zuzendarien Aste garrantzitsuan lehiatuko da Ciro Guerra, Jaime Rosales edota Gaspar Noé ezagunekin batera. “Carmen y Lola“ filma Urrezko Kamara lortzeko ere lehiatuko da. Guztiaren berri Pantaila Handian ematen saiatuko gara.
Please comment with your real name using good manners.