Ikastaroa amaitzear daude zine-klub desberdinak. Zine proposamenez oparoa izan den egitarau bati bukaera emateko Gernikakoak han eta hemengo filmak bildu ditu. Batetik eskualdeak duela 80 urte jasandako bonbardaketa gogoan, gerra kontrako ziklotxoa antolatu dute, Donostian eta Bacifin saria jasotako film bana eta Urdaibaiko biofesrari buruzko dokumental bat ere emango dituzte maiatza bitartean.
Donostiako zinemaldiko prentsa eta publikoa farrez lehertzen jarri zituen James Franco aktore eta zuzendari estatubatuarrak. Tommy Wiseau zuzendari eta aktore misteriotsuak egindako “The room” filmaren “making-off” modukoa egin baitzuen. “The Disaster Artist“ filmak Wiseau Los Angelesera nola joan eta filma nola sortu zuen kontatzen du. Luzea esan bezala prentsa eta publikoaren gustokoa izan zen. Eta baita epaimahaiarena: Zinemaldiko Urrezko Maskorra eman baitzioten. Zine-Klub Gernikak apirilaren 20an programatuko du.
Hurrengo astean, asteartean eta asteazkenean, Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenaren inguruan, gerraren aurkako ziklo laburra antolatu dute. Horrela, asteartean, apirilaren 24ean, II. Mundu Gerra bukatu eta berehala gertatutako istoria bati heldu dion filma emango dute. “Land of Mine“ filmak gerra ostean Danimarkan preso hartutako soldadu alemaniarrak minak garbitzen nola jarri zituen kontatzen du. Gehienak nerabeak ziren. Martin Zandvliet-ek zuzendutako filma Oscar sarietan lehiatu zen, atzerriko filmeen sailean. Gainera Sundance, Londres eta Tokioko zinemaldietan, besteak beste, lehiatu zen.
Asteazkenean, apirilaren 25ean berriz, Norvegiak Oscarretara bidalitako “La Decisión del rey“ pantailaratuko dute. Eric Poppe zuzendariak II. Mundu Gerran gertatutako beste pasarte historikoari heldu dio. 1940eneko apirilaren 9an naziak Oslon sartzen dira. Norvegiako erregeak erabaki bat hartu behar du. Duela bi urteko Berlinalen aurkeztu zuten filma.
Ostiral horretan bertan inguruko kontuak ekarriko dituzte. Urdaibaiko erreserbaren iragana eta batez ere, oraina erretratu zituzten iaz dokumental batean Alberto Rojok eta Joserra Plazak. “El Latido de Urdaibai“ filmak Unescok duela 30 urte biofesra erreserba bihurtutako paisaiak eta jendea filmatu ditu.
Maiatzaren lehen ostiralean eta zikloa bukatzeko nazioartean sariak jaso dituen filma. “Niñato“ dokumental eta fikzioaren arteko narrazio bat da. Adrián Orr zuzendari madrildarrak laguna zuen rapero bat jarraitu du hainbat urteetan. Langabezian, gurasoen etxean bizi eta hiru seme-alaba bere kargu ditu raperoak. Dokumentaleetan entzute handia duen “Visions du Réel” zinemaldi suitzarrean Begirada Berriko sailean Epaimahaiaren saria jaso zuen. Argentinako Bacifi-n ere dokumental onenaren saria eskuratu zuen.
Please comment with your real name using good manners.