Gauzak ondo udazkenean gure pantailetan izango dugu Joseba Sarrionandiaren unibertsoa irudietan jarri duen film kolektiboa. Kuban bizi den Matxitxa, hainbat euskal musika taldeen manager ohiak Euskal Herriko hainbat zinegile bildu eta Sarriren literatutik abiatuta filma egiteko proposamena egin zien. Zinegileek gogotsu ekin diote Kuban babes hartutako idazlearen obrari begiratua botatzeko. Hamabi zinegile, hamabi begirada, hamabi pieza biltzen da “Gure Oroitzapenak” filmean. Puzzle hori ekoizten, Adabaki Ekoizpenetxea ibili da.
Sarrionandiaren lan aberatsa antzerki, dantza ikuskizun eta adibidez Asier Altunaren “Topeka“ film laburraren oinarria izan da. Baina batez ere kantagintzan erabili dute, bere poemekin hogeita hamar kantu baino gehiago omen dira. Adabakitik gogoratzen digutenez baina “Joseba Sarrionandia luzaro irudirik gabeko poeta izan da. Izoztuta balego bezala, hogeita hamar urtez zuri beltzeko argazki bat izan da euskaldunontzat“. Orain Sarri irudietan agertu nahi dute, hori du helburu “Gure oroitzapenak“ filmak.
Kubatik eragindako auspoak hainbat zinegile Sarrionandiaren unibertsoan murgiltzeari eraman zituen. “Guk eta haiek uste baitugu mundu hori oso zinematografioa dela“, dio Lutxo Egiak, Adabakiko arduradunetako batek. Filmean parte hartutako hamabi zuzendarien artean bederatzi euskaldunak dira: lau gizon (Oskar Alegria, Asier Altuna, Josu Martinez eta Fermin Muguruza) eta bost emakume (Mireia Gabilondo, Itziar Leemans, Ane Muñoz, Maider Oleaga eta Maialen Sarasua). Horiekin batera, Özcan Alper armeniarra, Eugène Green frantziarra eta Carlos Quintela kubatarrak osatzen dute puzzlea.
Zuzendarietako horietako “askok obra ez ezik, pertsona ere ezagutzen zuten“, gehitzen du Egiak. Esaterako Carlos Quintelak Habanan ezagutu du Sarrionandia. Idazlea ere den Green berak eta Alperrek “ondo ezagutzen dute itzulitako lan literarioak. Baina badituzte harekiko beste lotura batzuk, miresmenekoak eta afektiboak“. Dena den, eurek dioten moduan “nortzuk diren baino gehiago, interesgarria da nola murgiltzen diren Sarriren mundu literarioan, nola hurbiltzen diren idazlearengana, pertsonarengana eta, kasik, esan genezake, pertsonaiarenagana ere bai“, azpimarratzen dute.
90 minutu izango dituen luzemetraia josteko Sarrionandiaren elementu poetiko zenbait erabili dituzte. Sarrionandiaren poema eta ipuinetatik abiatuta piezak “elkarren ezberdinak izango dira oso, formalki zein estetikoki“. Eta bidaia osatu dute “Kurdistango Diyarbakir-etik laurogeiko hamarkadako Bilbora; Paris eta bertako Gare du Nord trenbidetik Dunkerkeko hondartzera; Lisboako giro goxotik paisaia elurtuetara; Lehen Munduko Gerran Baigorri ingurutik Habanako arte modernoko galeria batera“. Filmean Sarriren testuetan agertzen ohi diren elementuak aurkituko ditugu, esaterako “itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, besterria, gerra, maitasuna, noraeza, tortura, eta abar“.
Filmak euskal zinema langile askoren parte hartzea izan du. Eta gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzaren eta Iurretako Udalaren laguntza jaso du. Webgune jarri dute martxan “www.adabaki.eus/gureoroitzapenak”. “Gure Oroitzapenak” Sarriren testuekin “zuzenean hitz egin gabeko solas bat du, dialektiba bat“. Sarri, gu bezala, “emaitzaren zain gelditzen da“, orain.
Hasteko hemen making-off
Please comment with your real name using good manners.