Asteazkenean, udaberriarekin batera, Aretxabaletan zinema loratuko da. Ostirala bitartean Huhezinema, HUHEZI eskolak sorturiko zinemaldia izango da martxan. Jada ohikoak diren sail ofizial, Mondragon Unibertsitateko ikasleen laburren atala eta Kutixi saileei, websaileei eskainitako tartea zabaldu dute antolatzaileek. Aurten gainera Mundukide Saria (Giza Eskubideak eta Justizia Soziala hobekien txertzatzen duen film laburra saritzeko ikurra) eta MU ikasleen sailean Argazki Onenaren saria sortu dira. Osotara 30 film eta 5 websail ikusteko aukera izango da egunotan Aretxabaletako Arkupe aretoan.
Jaialdia hasteko, Kutixi sailean lehiatzen diren 5 filmak eta MU ikasleen 10 filmak emango dira asteazken goizean. Arratsaldean berriz Drama FX enpresa donostiarreko partaideek emango dute masterclass-a. Aurten Goya saria jaso dute “Handia” filmean egindako lanagatik. Film honez gain, “Errementari”n egindako lana azalduko dute. Gero Aretxabaletako plaza platoa bilakatuko dute efektu berezien zuzeneko erakustaldia egiteko.
Ostegunean berriz azken urteetan Huhezinemako harribitxia. Donostia Zinemaldian egiten ohi den zine eskolen topaketan parte hartzen du Huhezinemak. Topaketa horretan aritutako bost film emango dira. Horietako batean, ESCACeko “L’Home Llop“eko gidoilaria den Beñat Iturbek esplikatu du filmaren prozesua. Proiektatuko diren filmeen artean, Orona saria jaso zuen “Zeit Der Unruhe“, Berlineko Film Conservatoryko filma eskainiko dute. Arratsaldean berriz, bost websail eskainiko dira. MUko ikasleek egindako “Zirzekora“-ren estrenaldia egingo dute. Olatz Beobide eta Pedro Fuentes “Nomofobikoak“ saileko sortzaile eta aktoreak eta zuzendariak euren saila erakutsiko dute. “Txoministak” saileko Edurne Azkarate aktorea ere Aretxabaletan izango da. Eta Lander Camarero New Yorken filmatzen ari den “The Coffee Advisors“eko lehen kapitulua eskainiko da.
Ostiralean berriz Sail Ofizialean hautatu diren 10 film emango dira. Tartean, zuzendari konsagratuak, hots Pablo Malo edo Koldo Almandozen azken laburrak edo berriago diren Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola edo Ana Gonzalez eta Andrea Landaluce bikoteek egindakoak. Horiek epaitzeko Banatu Filmak-eko Zuzendari Nagusia den Aitor Arenas, Edurne Azkarate antzerkigile eta aurkezlea eta Maider Fernández hezitzaile eta zinegilea arituko dira. Ondoren, sari banaketa eta bukaera festa egingo dute.
Please comment with your real name using good manners.