Arrakastaz ari da “Hor Kanpoan. Zientzia eta Zientzia zikloa”. Filmategitik esan didatenez aretoak bete eta bete ari dira Azkuna Zentroa eta Donostiako Physics Centerrekin batera antolatu duten film sorten emanaldietan. Ziur naiz gauza bera gertatuko dela geratzen diren “Alien”, “Gravity” edo “The Martian”ekin.
Ostegun honetan Donostiako Tabakalerako zine aretoan, askoren haurtzaroan trauma modukoa sortu zuen 1956ko filma emango dute. “Invasion of the Body Snatchers“ (La Invasión de los Ladrones de Cuerpos) Don Siegelek zuzendu zuen eta askoren esanetan komunisten inbasio baten alerta moduan erabili nahi zuen. Kaliforniako hiri txiki batean, oso gauza arraroak hasi dira gertatzen: pertsona batzuen portaera hainbeste aldatu da non harridura ez ezik beldurra ere eragiten baitiete senide eta lagunei. Babazorroak beldugarri bihurtu zituen Siegelek. Ostegunena gaztelerazko azpitituluekin emango dute. Eta Igor Campillo fisikaria eta Euskampus Fundazioko zuzendariak aurkeztuko du.
Otsailaren 22an Rafael Rebolo astrofisikariak eta CSICeko ikerlariak eta Kanariaseko Astrofisika Institutuko zuzendariak “Gravity“ aurkeztuko du. 2013an Alfonso Cuarónek zuzendu zuen filmak 7 Oscar irabazi zituen zuzendari onena eta film onenaren Oscar sariak, tartean. Ontzitik kanpo satelite bat konpotzen ari direla, bi astronautak istripu larria izan eta espazioan flotatzen geratzen dira. Zabor espazialaren jasa batek harrapatuko ditu. Bereak eta bi egin beharko dituzte lurrera itzultzeko. Sandra Bullock eta George Clooney zituen protagonista nagusi. Hori aurretik, hitzaldia emango du 19:00tan Rebolo entzutetzuak.
Eta zientzia fikzio eta beldurrezko zinemaren klasikoa bilakatu dena Donostian martxoaren 1ean eta Bilbon martxoaren 7an pantailaratuko dute. “Alien, el octavo pasajero” filmak monstruoa egin zuen ezagun eta Ripley tenientea jokatzen duen Sigourney Weaver. Lurrera bueltan, Nostromo kargontziako tripulariak esnatuko ditu ordenagailuak. Gertu dagoen planeta batetik transmisio misteriotsua jaso du. Tripulariak hori ikertzera doaz. Ridley Scottek 1979an zuzendu zuen luzeak Oscar bakarra irabazi zuen efektu berezientzako. Donostian Fernando Cossio kimikaria eta Ikerbasqueko zuzendariak aurkeztuko du saioa. Bilbon berriz Naia Pereda fisikaria eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Radioterapia Unitatekoak egingo du. Bietan azpitituluak gazteleraz dira.
“Alien” hura egindako Ridley Scottek ia 20 urte beranduago berriz heldu zion zientzia fikzioari. Matt Damon protagonista nagusi duen “The Martian“ (Martetarra/Marte) 2015ean zuzendu zuen. Marterako misio tripulatu batean, Mark Watney utziko dute lankideek hiltzat. Baina astronauta bizirik dago eta irudimena martxa jarri beharko du Lurrekoei jakinarazteko bizirik dagoela. Martxoaren 3an Donostian emango dute euskarazko azpitituluekin. Eta Agustín Sanchez-Lavega astrofisikariak aurkeztuko du saioa. Berak ere aurkeztuko du Bilboko saioa, martxoaren 21ean eta euskara eta gaztelaniazko azpitituluekin.
Eta zikloa ixteko, klasikoen artean klasikoena: H.G. Wellsen nobelan oinarritutako “The War of the Worlds“ (La Guerra de los Mundos). Byron Haskin ezezaguna zaigun zuzendariak 1953an burutu zuen. Ameriketako Estatu Batuetako herrixka baten zerutik zeozer erortzen da. Meteoritoa delakoan herritarrak hurbildu eta bertatik begi moduko bat atera eta izpi hilgarri bat aterako du. Ontzi martetar bat da. Mundu osoan antzeko ontziak ari dira lurreratzen. Aldi berean lurreko hainbat partetan gertatzen ari den inbasioa da eta bonba nuklearrak ere ezin du berau gelditu. Donostian martxoaren 15ean emango dute. Bilbon egun bat lehenago. Bi kasuotan Txomin Romero Informatikan ingeniaria eta DIPCko Superkonputazio Zentroko zuzendariak aurkeztuko ditu saioak. Azpitituluak bietan gazteleraz.
Please comment with your real name using good manners.