Gaur gauean zabalduko da Dokumentalen eta Film Laburren nazioarteko jaialdi beteranoa Bilbon. Zine garaikide onena dakarren zinemaldia. Arratsaldeko 20:00tan, ohi bezala Arriaga Antzokian egingo den gala baten bidez. Emanaldian Alberto Iglesias konpositore donostiarrari emango zaio Ohorezko Mikeldia. Horrekin batera Euskal Herriko sei laburrak eskeiniko dira. Aurtengo Sail Ofizialean lehiatzen diren sei film laburrak.

Zinebik aurten 3.000 film labur baino gehiago jaso ditu. Horietatik 62 film hautatu dira Sekzio Ofizialean, Urrezko eta Zilarrezko Mikeldien bila aritzeko. Hiru generoetan daude banatuta: 24 fikziozko laburrak dira, 21 dokumental eta 17 animazioa. Lehiatuko diren euskal seiren artean, Atxur Animazio Taldea euskaldunak egindako “Areka“ emango dute. Iaz “Beti bezperako koplak” arrakastatsua egin zuen animazio ikasle, ikasle ohi eta irakasle ia lantalde berak egin du. Begoña Vicariok koordinatuta, Andoni Egañak Gerra Zibilean desagertarazitakoen oroimenez egindako bertso bat du oinarri lanak.
Bi fikzio erakutsiko dira gainera. David Pérez Sañudok Amania Films ekoizetxe gasteiztarrarekin egindako “Aprieta, pero raramente ahoga“ filman lan elkarrizketa bat eszenifikatu dute. Baina ez edozein lan. Danielek (Adam Jezierski) ‘Sigfried’ txakurraren zaindari izateko lan elkarrizketa dauka Cosme (Fernando Albizu) jabearekin. Sigfriedek izaera basatia dauka, eta argibideak zehatz-mehatz jarraitzen ez badira, errukigabea izan daiteke. Bestea Violeta Trincado gazte bilbotarrak sinatu du. “Zacarias“ filmak tximeleta efektua aztertzen du, non ustekabeko ekintza batek izugarrizko garrantzia izan dezakeen bizitza batean.
Dokumental sailean dago uzta handiena. Hiru lan, munduko hiru koxketan eginda. Koldo Almandoz donostiarrak “Plágan“ sinatzen du. Islandian grabatutako filma, turistifikazioaren izurritea islatu nahi du. Aitor Gametxo lekeitioarrak berriz Wrocla-en filmatu zuen “Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia)“, Poloniako hiri horretako gormutuekin egindako pelikula. Iñigo Salaberria donostiarra berriz Japoniara joan da “Lo-Ibiltariak“ errodatzeko. Lotan ohetik jaiki eta ibiltzera ematen direnak islatu nahi ditu Tokioko metroko bidaiariekin.

Aurtengo lehen Ohorezko Mikeldia Alberto Iglesias donostiarrak jasoko du,hainbat zine musika zoragarrien sortzaileak. Julio Medemen filmeei musika jartzen hasi zen (“Vacas“, “La Ardilla Roja“, “Tierra“, …). Egun Pedro Almodovarren konpositorea da (“Todo sobre mi madre“, “Hable con ella“, “Julieta“, …). Almodovarren bi filmeetarako musika, “Volver“ eta “Los Abrazos Rotos“ filmeetako musikari esker Europako Zine Akademiaren sariak lortu ditu. Hirugarren EFA saria “Tinker Tailor Soldier Spy“ film britaniarrari esker lortu zuen. Izan ere, Iglesias ibilbidea egiten ari da nazioartean. Horrela Oscar sarietarako hiru izendapen ditu, tartean, goian aipatutako espien filma. Zinebiren azken egunean, hurrengo larunbatean, emango da bigarren Ohorezko Mikeldia.
Please comment with your real name using good manners.