Migel Joakin Eleizegi, Altzoko Handia, 1846an bidaiatu zen Londresera, bere gorputz erraldoia aurkeztera. Mende terdi pasata bertara iritsi dira Jon Garaño eta Aitor Arregi, erraldoia aitzaki hartuta “Handia” filmaren egileak. Bertaratu Londreseko BFI zinemaldian pelikula erakusteko. Donostiako Zinemaldian, Epaimahaiaren Saria jaso ondoren, “lehenengo aldia da filma Euskal Herriko Zinemaldi batetik kanpo aurkeztuko dugula” gogoratu digute. Londreseko zinemaldian “egungo ospearen kulturaren konexioa duen eta desberdin izateaz ari den” filmatzat aurkeztu dute “Giant” izenburuarekin. Pantaila Handiak bertan elkarrizketa egin zien zinegileei filma aurkeztu eta ordu batzuk lehenago.

– Londresera iritsi eta lehen gauza Eleizegieren pausuak jarraitu?
Jon Garaño – “Migel Joakinen ibilbidea egin dugu bai. British Museumera joan gara lehenenengo. Bertan omen zeudelako hezurrak. Galdetu eta esan digute ez daudela. Berez, orain dela urte gutxi batzuk arte, Irlandako gigantearen hezurrak zeuden. Baina horiek hortik kendu dituzte. Museotik Cosmorama zegoen tokira, Joakin aurkeztu zuten leku ohira joan gara, Regent kalera. Egun zapata denda bat dago hor”
– Nola espero duzue filma hartzea gaurko Londreseko estrenaldian?
“Eszitazio puntu bat dugu. Lehenenengo aldia baita “Handia” kanpoko zinemaldi batean aurkezten dugula, publiko atzerritar batekin. Zinemaldian badakizu zer dago. Baina kanpora zoazenean beti diferentea da. Gainera zinemaldi hau oso handia da. Oso zine areto desberdina ditu eta publiko desberdina. Badago jende bat festibalean ibiltzen dela baina badago beste bat areto konkretu batean ematen dutena ikustera doala. “Loreak”ekin beste zine areto desberdin batzutan egon ginen, ondorioz sentzazioa ere aldatzen da. Zinemaldi honetan ez omen daude hainbeste akreditatu. Publikoko zinemaldia da. Horrek ematen dio plus bat, pelikula testatzeko“.
– Filmaren lehen bi paseak Leicester Squaren, britaniar estrenaldi guztiak egiten diren tokian?
“Bai, VUE zinean. Orain pausua eman behar dugu Odeon zinematara. Galak eta egiten diren lekura, alfonbra gorriak egiten diren lekura (irribarre luzea). Baina gertuago gaude“.

– Londreseko zinemaldiak hemen banatzeko aukera emango al dizue? “Loreak” hemen ikusi zen? Banaketarik izan zuen?
“Ez. Netflixen bota zuten baina ez zuen distribuzio arrunta bat izan. “Handia” salmenta agente baten esku dago, “Film Factory” baina oraindik ez dugu saldu. Agian herri txiki batekin ixtear daude akordioa. Inglaterrako merkatua ez da batere erraza. Inglesezko zinea ez denarentzat oso zaila da. Izan behar du zinemaldi batetik datorren oso gauza potentea. Estatu Batuetan errezago da, merkatu handia delako, zirkuitu ezberdinak daude. Hemen gertatzen da agian ez dagoela ohiko distribuzio bat. Baina agian mugitzea hiru saio Londresen, bat Manchesterren, … alegia zine klub modukoa. Hori gertatu daiteke“.
– Baina Donostiako zinemaldian saria irabazi ondoren, ere ez?
Aitor Arregi – “Guk ilusio hori daukagu. Galdetu dugu eta esan digute sariak ematen duela oihartzuna baina ondorioak epe ertainera izango dira. Bai nabaritu dugu aste honetan, beste zinemaldietara begira, beste gozotasun batekin tratatzen dizutela. Baina hori zertan gauzatuko den ezin da esan“.
– Beraz beste zinemaldietara doa “Handia”?
J.G. – “Baditugu, baina ezin dira esan. (Irrifarra) Badakizu nola den; beraiek esaten dutenean esan behar da“.
– Zinemaldian lehen azterketa egin zenioten filmari. Kontatu nahi zenutena jendeak ulertu al du?
A.A. – “Bai, nik uste dut orokorrean baietz. Ulertzeko ere gustatu behar da. Ez bazaizu pelikula gustatzen agian ez duzu eduki dezaken azpitestua ulertuko. Guk inpresioa daukagu orokorrean gustatu zaienei joko horretan sartu direla. Manejatu ditugun kontzeptuak ulertu dira. Batzuk % 80ean, beste batzuk % 50ean eta besteak & 20ean. Beste kasu batzutan, buruan genituenak baino gehiago izan dituzte eta zuri laguntzen dizu zuk pelikulari buruz hausnartzeko. Orokorrean gustatu zaienei bai nabaritu dute ez dela bakarrik bi anaien arteko istorio bat. Guk kontatu nahi genuen garai bateko aldaketa eta mitoaren kontaketari buruzko hausnarketa. Eta aldi berean, kontzeptu horiek gaur egunera ekartzea“.
Lehen pasea egin ostean, gustura zeuden Jon Garaño eta Aitor Arregi. “Estreinekoz ez gaituzte euskarari buruz galdetu” esan zidaten. Gainera jendea hurbildu zitzaien, tartean, banatzaileren bat. “Handia” Hego Euskal Herriko eta Espainiako 92 zine aretoetan estreinatuko da ostiralean.
Please comment with your real name using good manners.