Londreseko BFI zinemaldian Zuzendari berriak saritzeko ikurra Hegoafrikara joan da. John Trengove-ri eman diote “Inxeba (The Wound=“ filmagatik. Sexualitate aurkikuntza eta desio homosexualari buruzko filmagatik. Sundancen eta Berlinalen aritu ondoren, Londreseko epaimahaiak saritu du. Aipatzekoa, zinemaldi askotan gertatzen ari den bezala, emakumeek zuzendutako filmeak gehiago izaten ari dira Zuzendari Berrien sailetan. Eta hemen, edizio honetan, 5 film zeuden. Horien artean epaimahaiaren aipamena merezi duen Carla Simon-en “Estiu 1993”. Biak hain zuzen Oscar sarietara hautatuak. Lehena Hegoafrikak bidalita. Bigarrena Espainiak.
Carla Simon gelditu gabe dago, Berlinen Lehen Filmeei emandako saria eta beste bat jaso ondoren, autobiografikoa den “Estiu 1993“ zinemaldiz zinemaldi dabil. Londresen Zuzendari Berrien epaimahaiak jarraitu beharreko zinegile berritzat jo du. Zer esango dizuet. Maiteminduta nago filma ikusi nuenetik. Maiteminduta ama galdu eta osaba, izeba eta lehengusinarekin, familia berriarekin hiritik herrixka batera bizitzera joan den neskato horren istoriarekin. Eta maiteminduta neskato hori jokatzen duen Laia Artigas eta lehengusinarena egiten duen Paula Roblesekin. Eta nola ez berriz gurasoak bilakatutako David Verdaguer eta Bruna Cusírekin.
Gustatu ere Cannesen Zuzendari berriei ematen zaien Urrezko Kamara irabazitako “Jeune Femme“. Léonor Serraillek tentuz jarraitu du noraezean dagoen emakume gazte bat Pariseko kaleetatik. Gizonak utzi berri, ofizio gutxirekin, Paula lantxo batetik bestera doa, lagun batetik bestera. Laetitia Dosch gaztek ederki irudikatzen du galdutako neska gaztea. Hainbat zinemaldietatik pasa ondoren, azaroaren 1ean estreinatuko da Frantziako areto komertzialetan.
Eta gogo handiak nituen “Most Beautiful Island“ ikusteko. Gogoak AEBtako SXSW zinemaldi gero eta ezagunagoa irabazi zuela jakin ondoren gainera. New Yorken bizi den Ana Asensio madrildarrak ederki ezagutzen du etorkin ilegaleen errealitatea islatzen du. Narrazio antropologikoa sado ipuina bilakatzen da, etorkinen eta emakume ederren esplotazioa gailurrera eramaten duen jokoa islatuz. Tentsioa ondo eusten dio horretan. Jokoak gainera gizartearen erretratu latza eta tristea ematen digula. Ana Asensiok zuzendu eta protagonizatzen du.
Txekiako Karlovy Vary zinemaldian estreinatu ondoren, Donostiako “Culinary Cinema” sailetik pasa zen “The Cakemaker“ film israeldarra. Berlinen lan egiten duen gozogile bat Israelera joango da, hildako maitalearen alagurnaren bidez maitalearen azken nondik norakoak ezagutzeko. Jakindako giroak ditu filmak. Hasieran asko gustatu ez bazitzaidan, Israelgo gizartearen hipokresiaren erretratuarekin dibertitu naiz. Donostian Zuzendari Berrietan ere aritu zen “Cargo” belgikarra oraindik hondoratuta dago nire oroimenean. Gilles Coulierrek arrantzaleen familia baten erretratua topikoz betetzen du.

Please comment with your real name using good manners.