Gaur jakingo da Londreseko zinemaldiko 61. edizio honetako zein filmek eramango du zuzendaritza bereizgarri, burutsu eta suspergarriena duen filmari ematen ohi dioten saria. Zinemaldiko Sari Nagusia. Horren bila, 12 pelikula daude. Gehientsuenak Cannesen, Locarnon eta Venezian saritutakoak. Tartean Veneziako Lehiaketa nagusian lehiatu zen emakume zuzendari bakarraren, Vivian Qu-ren, “Angels Wear White” filma. Venezian ez bezala, Londresen emakumeek zuzendu edo ko-zuzendutako lau film izan dira Sail Ofizialean.
Cannesen txundituta utzi ninduten “Loveless” eta “120 BMP” filmez gain, ikusi berrien artean, agian gehien gustatu zaidana, Venezian saritutako “Lean On Pete“ izan da. Andrew Haighek kolpatu ninduen “45 years” zoragarriarekin. 45 urtez senarra izandakoaren sekretu batek Charlotte Ramplign-ek gorpuzten duen emakumea nola puskatzen duen irudikatu zuen hartan. Bere laugarren luze berri honetan, amak utzitako eta aita galdu berritako nerabe bat jarraituko du. Huckleberry Finn modura, Estatu Batuak zeharkatuko du gizontxoak etxe baten bila. Charlie Plummer gazteak zoragarri islatzen du barne mina. Gure barruraino sartzen den mina. Horregatik Venezian aktore berri onenaren saria hartu zuen. Veneziatik pasa ondoren, filma Toronton eta Telluriden eman zuten, Londresera etorri aurretik.

Ederra ere “Wajib“ palestinarra. Annemarie Jacir zuzendariaren hirugarren filman Nazareth-ko komunitate palestinarra arakatzen du. Bertan bizi den eskola irakasle batek Italian bizi den semearekin batera alabaren ezkontzarako gonbidapenak banatuko ditu ezagun eta lagunen artean, etxez etxe. Irakaslea bakarrik geratuko delaren beldurrez, semea Palestinara bizitzera itzultzen saiatuko da. Semeak berriz Italian geratu nahi du. Jacirren film guztitan lan egindako Saleh Bakri da semea. Aita berriz Salehen benetako aita, Mohammad Bakri aktore eta zuzendari palestinar ezagunak jokatu du. Estreinekoz biontzat. “Wajib” film hau Palestinak bidaliko du Oscar sarietara.

Emakume batek zuzendutako luze bat, “The Breadwinner“, kuriosoa egin zitzaidan. Nora Twomey irlandarrak Talibanen garaiko istorio bat dakarkigu animazioko film honetan. Hamaika urteko Parvana guraso eta helduago den aizparekin eta neba txiki batekin bizi da Kabulen. Talibanek aita gartzeleratzen dutenean irudimena martxan jarri beharko du familia laguntzeko. Beldurrak uxatzeko irudimenari, ametsei ere eragiten die. Marrazki mota desberdina erabililtzen da horiek irudikatzeko. Bitxia, emakumeen publiko batekin lerrokatu daiteke. Kanada, Luxenburgo eta Irlandaren arteko koprodukzio honek Angelina Jolie du ekoizle.
Eta urduri, oso urduri jartzen du “Thoroughbreds“ filmak. Cory Finleyk zuzendu duen lehen film luzea Connecticuteko aberatsen auzo batean girotu du. Bertan bizi dira Lily (Anya Taylor-Joy) eta Amanda (Olivia Cooke). Amandaren amak Lily kontratatzen duenean alaba ikasketekin laguntzeko umeetako erlazioari helduko diote berriz. Amandak gaixo zegoen familiako zaldi hil du eta horrek Lily erakartzen du. Plan baterako laguntza izan daitekeelakoan. Tartean duela gutxi hildako Anton Yelchin aktore errusiarra dago filmean. “Las Diabólicas” eta “Criaturas Celestiales”en zantzuak aurkitu daitezke filmean. Haiek bezala gure barruak mugituz.
Please comment with your real name using good manners.