Gehien itxaroten nuen eguna izango zen ziurrenik. Hautapen Ofizialean, Yorgos Lanthimos greziarraren eta Michael Haneke austriarraren eguna zen. Eurekin askok maite duten Hong Sangsoo korearra. Gehiago espero banuen ere, mailari eutsi diotela onartu behar dut. Hanekek bere buruaren erretrospektiba egin du, Europa burgesa honen egungo erretratua egiteko; Lanthimosen azken ordua Lanthimos bere onenean da. Hong Sangsoo ere uste baino gehiago gustatu zait. Beraz, hiru film Hautapen Ofizialean genuen honetan, nahiko maila altua.
“Canino” eta “Alps” filmeengatik ezagutu genuen Yorgos Lanthimos berriz da Canneseko Lehiaketan. Eta berriz ingelesez nazioarteko aktoreekin filmatutako luze batekin: “The Killing of A Sacred Deer“ (Orein sakratu baten hilketa) . Duela bi urte Epaimahaiaren Saria jaso zuen “Langosta” filmeko aktore bera Colin Farrell hartu du berriz Irlandako eta Britania Haundiko diruarekin egindako film honetan. Oraingoan baina Rachel Weiszen ordez, Nicole Kidman da Farrellen bikotea. Deigarria batez ere, bikote honen erlazioan, familian sartuko den hirugarren laguna. Barry Keoghan aktore irlandar gaztea Greengrassen “’71” filmean ikusi genuen eta gertu Nolanen “Dunkerke’n.

Aitzinako Greziako Euripides dramaturgoaren lanetatik edan du Yorgos Lanthimosek Steven eta Anna, bi medikuren (Colin Farrell eta Nicole Kidman) eta seme-alaben istorioa kontatzeko. Oparo bizi dira laurak, zoriontsu, 16 urteko (Barry Keoghan) gaztetxoa euren bizitzan sartzen den arte. Gaztetxoa hilabete batzuetatik ezagutu ondoren, Stevenek etxera familia ezagutzera gonbidatuko du. Erabakia uste baino larriagoa izango da.

“Langosta”rekin jotako bidetik heltzen dio honetan. Agian areagotu. Lanthimos komertziala ikusi dut, familia kobentzional bat aurkeztuz. Beldurrezko antzinako pelikuletan bezala mehatxua jasango du familia horrek. Hasieratik misterioa indartzen, azpimarratzen du. Lehengo eskenetatik zure buruan ideia sortu baduzu, sexualitatea tartean, erratuta zaude. Beste alde batetik eramango zaitu zuzendariak. Gizakiaren ankerkeria ustiatuko du. Azken zatian, Lanthimosen onena, maite dudan Lanthimos agertu zait. Osotara gustatu zait.
Hanekeren zale naizela aitortu dut. Beraz ikusminez espero nuen “Happy End“ hau. Batez ere, bereak diren beste filmeetako “La Pianista”ko Isabelle Huppert edota “Amour”eko Jean-Louis Trintignant aktore izugarriak baditu antzeztaldean. Huppertekin egiten duen laugarren filma da. Trintignatek “Amour”en lan egin ondoren, antzerkira bueltatuko zela, zinea utziz esan omen zuen. Baina Hanekek berriz konbentzitu du. “Amour”ekin bere bigarren Urrezko Palma duela bost urte irabazi ondoren, austriarrak zortzigarren aldia du Hautapen Ofizialean.
Isabelle Huppert Anne da, Calaiseko eraikuntza eta garraio enpresa garrantzitsu baten burua da. Familiako etxaldean bizi da, familiako beste kideekin batera, tunelaren bestaldean senargaia duen bitartean. Aita (Jean-Louis Trintignant) dementziaren lehen urratsetan marokiar bikote batek zaintzen du. Etxearen beste pisu batean Isabellen seme medikua (Mathieu Kassovitz) emaztea eta besoetako semearekin bizi da. Beste erlazio batetik izandako alaba nerabea etorriko zaio bizitzera. Hortaz gain, bere sekretu txikia du. Beste semea, enpresaren kudeaketa hartzera deitutako semeari (Franz Rogowski), istripu bat tarteko, gizarte kontzientzia sortuko zaio.

Filmean Hanekeren aurreko film batzuren erreferentziak izango ditugu. Esaterako “Benny’s video” eta “Amour”. Ohiko gaiak ere jorratuko ditu: normalak ez diren familiak, errua zapuzteak dakarren mina, belaunaldien arteko mendekua. Lehen filmeko bideo zintak hemen iphonez nerabe batek filmatutako irudiak bilakatu ditu: youtube eta sare sozialen fenomenoa ere arakatuko ditu 75 urteko zinegileak. “Happy End” hau Europako goi mailako burgesiaren erretratu bortitza da. Errefuxiatuen afera sartuta, aberatsa den Gure europear gizartearen erretratua. Ez dakit berau ikusteko egin nuen hiru ordutako ilarak nekea sortu eta behar duen modura ikustea utzi nauen. Berriz patxadaz dastatu horietako dela uste dut. Baina kritiko batzuei baino gehiago gustatu zait.
Agian beste begi batzuekin ikusi dudalako baina Hong Sangsoo korearraren berria gustura ikusi dut. Berlinen “Bamui haebyun-eoseo honja” (On The Beach at Night Alone) Lehiaketan sartu zuen eta Min-hee Kim aktoreak Emakumezko Aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen. Hiru hilabete beranduago “Geu-Hu“ (Hurrengo Eguna) dago Canneseko Hautapen Ofizialean. Hori gutxi ez balitz, Isabelle Huppert antzezle duen “La Cámara de Claire” filma aurkeztu du zinemaldian, lehiaz kanpo. Lehian dagoen honetan ohiko maitasun hirukia eta alkoolean zalantza esistentzialak kitatzen saiatzen den gizonezkoa da protagonista. Azken urteetan, gidoia arintzera, lekuei eta antzezleei sortzeko askatasun gehiago emateruntz jo du. Batzuetzat maisua da Hong Sangsoo.
Zuribeltzean ezkontzaz kanpoko maitasun erlazio bat kontatzen du. Eta horrek gizonarengan sortutako ezinegon esistentziala. Bongwan editore desleial bat da, bulegoko langilearekin emaztea tronpatzen du. Maitaleak utzi ondoren, beste neska bat, neska eder bat kontratutako du. Hain zuzen, emazteak bere desleialtasuna ezagutuko duenean. Baina maitalea itzultzen da, bere antzinako postua eskatuz. Paneo eta zoom mugimenduez lagunduta, konposizio sinpleez lagunduta vodevil kutsua duen komedia existentziala burutu du. Ohi bezala kutsu biografikoa ikusi diot nik filmari. Izan ere, zuzendariak “Ahora asi, antes no” eta “La Doncella”ko izarra den Min-Hee Kimekin maitasun istorioa hasi zuen oraindik gizon ezkondua zela.
Please comment with your real name using good manners.