CANNESeko Zinemalditik
Nonbaiten irakurri dut Cannes’70 azken urteetako politikoena izan nahi duela. Ez dakit edizio osoa. Larunbata behintzat nahiko politikoa izan da. Hasi lehian zeuden bietatik: 1990eneko hamarkadan Frantzian gobernuaren eta botika enpresen aurkako ekintza eza salatu zuten aktibisten erretratua den “120 batttements per minute“ eta gure gizartearen satira politikoa eta morala den “The Square“. Tartean, Barbet Schroederrek oparitu digun dokumentala Birmanian musulmanen aurka ari den monje budista baten inguruan.

Robin Campillo ezagunagoa da gidoilari bezala zuzendari bezala baino. Besteak beste, Laurent Cantetek zuzendu eta Urrezko Palma irabazi zuen “La Clase” filmaren idazlea da. Zinemaldi honetan ere, “Un Certain Regard” sailean, Cantetek duen pelikula berriaren, “L’Atelier” filmaren gidoilaria da. “120 Battements par minute” bere hirugarren filma da. Aurrekoak “Eastern Boys” filmak Veneziako Orizontti, zinemaldi horretako sail garrantzitsu baten lehen saria irabazi zuen.
Honetan Campillok 1990eneko hamarkadaren hasieran kokatzen gaitu. Mitterrand eta Fabius dira Frantziako presidente eta lehen ministroa. HIESAk 10 urtez hiltzen du jada, eta Pariseko ACT-UP plataformako ekintzaileek euren ekintzak ugaltzen dituzte gizartean (politiko, botika enpresa, LGTB komunitatean bertan) dagoen ekintza falta borrokatzeko. Taldera iritsi berri da Nathan (Arnaud Vilois). Berau aspaldi kutsatuta dagoen Seanek (Nahuel Pérez Biscayart) duen jarrera iraultzailearekin txundituta geratuko da.

Bi ordu eta hogei minutuko filmak taldearen bilerak eta ekintzak tartekatzen ditu eta nola ez poetikoak suertatzen diren festak eta une musikalak. Ederki egituratuta, denbora konturatu gabe pasatzen da. Baten baino gehiagori “Philadelphia” ekarriko dio gogora, baina hori gainditzen du. Filmaren aktoreak ere izugarri daude. Karrera sendotzan ari den Adèle Haenel baina batez ere, nik ezagutzen ez nuen Nahuel Pérez Biscayart. Zilarrezko Palma jasotzeko batzuen kinieletan dago jada, zinemaldiaren zati handia geratzen bada ere. Frantzian abuztuaren 23an du estrenaldi data jarrita. Baina ikusi behar sariren bat jasotzen duen eta aurreratzeko aukera dagoen.

Donostian Tabakaleran izan zenean, Ruben Östlund zuzendari suediarrak “Pantaila Handian” blog honi bere hurrengo proiektuari buruz luze eta zabal hitzegin zion. Suediako gizartearen tolerantzia ezbaian jarriko zuen “The Square“ luzeak. Horretarako karratua zen arte lana sortu zutela eta esan zigun. Karratua santutegi bat litzateke, tolerantzia eta elkartasunaren santutegia. Ba proiektu horren estrenaldia orain, Canneseko Lehiaketan izan da. 2014ean “The turist”ekin “Un Certain Regard” saila irabazi ondoren, orain Lehen Mailara igo da Östlund.
Filma Christian aurkeztuz hasten da. Dibortziatutako aita eta arte garaikideko museo bateko kontserbatzailea dugu Christian (Claes Bang danimarkarra). Ingurugiroarekin kezkatua, gizarte erakunde hainbatetan kolaboratzailea. “The Square” erakusketa prestatzen ari da. Bertan bisitariei gonbitea egiten zaie: urkoarekiko betekizunak gogoratzeko. Baina telefonoa eta dirua lapurtzen diotenean bere erreakzioa elkartasunetik urrun dago. Gainera komunikazioa kanpaina batek barregarri utziko du.

“Mad Men” telesaileko Elisabeth Moss estatubatuarra eta Dominic West britaniarra antzeztaldean. Euren pertsonaiak arrazoi komertzialen menera sortu ta ematen dute. “The Square” film irregularra da, sketchez sortua. Gizartearen erretratu krudela bai, erreflexiorako behartzen zaituen horietakoa. Baina bi ordu eta hogei minutuekin luzeegia. Bai “120 battement par minute” eta “The Square” Espainian ikusiko dira. Jakin berri baitugu Avalon banatzaileak erosi dituela eskubideak.
Barbet Schroeder izen haundi horietako bat da. Lehiaz kanpo “L’honorable W“, Birmanian musulmanen aurkako gorrotoa astindu duen monje budista bati buruz. Monje haundinahaia, Trumpen mireslea. Jarraitzaileen etxeko bideo eta Iphon irudiak, argazkiak eta elkarrizketa nahastu ditu, besteak beste, Wirathu, monjea beraren elkarrizketa. Proposamen kuriosoa ez bait nuen mugimendua eta sortutako ankerkeriak ezagutzen. Eta hain pertsonai maltzurra ere ez. Pantailara adi egon naiz, gainera, Schroeder-rek paraleloki erakusten baitugu egungo propaganda ereduak – DVD, sare sozialak, … Agian telebistako erreportai batetik gertu egotea leporatu dakioke.
Michel Franco mexikarrak hainbeste maite duen gaiari heldu dio
“Las Hijas de Abril” filmean: puskatutako familia edo familia desagertuak. Hemen Emma Suárez yoga egiten duen aldedutako ama da, leun baino irmoki kontrolatzen ditu Mexikon aita desberdinetatik izandako bi alabak. Zaharrena lodikotea, itsusi samar, kopiadenda batean egiten du lan. Gazteena berriz nerabe oraindik haurdun dago. Mutil lagunarekin bi alabak bizi diren etxean jartzen dira bizitzen alaba jaio bitartean. Amak baina beste plan batzuk ditu. Filma ondo garatua dago, erredikiluak izan zitezken uneak sineskor bilakatuta, antzez lanak oso baliogarria. Baina ez nau guztiz harrapatu, nahiko hotz utzi nau. Beste bat arterarte Mr Franco.
Please comment with your real name using good manners.