Gaur zabalduko da zinezagile eta zinezaleen askoren agendeetan dagoen zinemaldia. Agian zinemaldien zinemaldia da Cannes. Zazpi hamarkadez eraikitako ospea. Eta 70 urte betetzen dituen urtean, inoiz baino segurtasun handiagoa izango du, Nizako kamio erasoa gertatu eta egiten den lehen zinemaldia baita. Ohi bezala izar zaparrada izango da. Besteak beste, Nicole Kidman, Clint Eastwood eta Will Smith espero dira Frantziako Erriberan. Azken hau Pedro Almodovar zuzendari espainiarra buru duen epaimahaiaren kide da. Lehiaketa Nagusia epaituko dute. Uma Thurman “Un Certain Régard”eko epaimahai buru izango da.
Claudia Cardinaleren erretratu baten begiradapean zabalduko da aurtengo edizioa. Irudi polemikoa, aktore italiarra photoshopez “argaldu” bait zuten. Zalaparta hori apalduta, bestea sortu zaio, zabaldu eta ordu batzuk lehenago zinemaldiari. Lehiaketa Nagusian parte hartuko duten bi film Netflix telebistako plataformak ekoiztu ditu. Hurrengo urteetarako, zine aretoetan zabaltzea helburu izango dute luzeak bakarrik onartuko dituela esan du jada Canneseko zinemaldiak. Hori egingo du zinemaldiak zabalduko duen filmak. Berehala egongo da Frantziako zine aretoetan “Les fantômes d’Ismaël“ . Kritika gero eta gehiago maite duen Arnaud Desplechin zuzendari frantziarraren azkena. Errodaje baten bezperan zuzendari bati maite izan duen emakumea agertzen zaio. Desplechinekin batera, bere aktore fetitxeak, Mathieu Almaricek eta Marion Cotillardek eta Charlotte Gainsbourgekegingo dute alfonbra gorria babestutako Palais de Festivalerako igoera. Hasierako gala Monica Bellucci aktore italiarrak gidatuko du. Jada 2003an egin zuen lan hori.
Zinemaldien zinemaldia bada ere eta denek bertan estreinatu nahi badute, urte makalak ere izaten ditu. Cannes’70 baina, paperean behintzat, on horietakoa ematen du. Sail Nagusian lehian dauden 19 filmeetatik ikusmin gehien Michael Haneke austriarrak zuzendutakoak sortu du. Isabelle Huppert buru duen filmak hirugarren Urrezko Palma eskura diezaioke austriarri. Lehena litzateke hori lortzen. Bi Urrezko palmekin daude, besteak beste, Dardenne anaiak, Francis Ford Coppola eta Ken Loach. Niri ere paperean gehien interesatzen zaidan zuzendaria da.

Naomi Kawase japoniarraren “Hikari“, Andrey Zyagintsev errusiarraren “Nelyubov“, Kornél Mondruczó hungariarraren “Jupiter’s Moon“, Ruben Östlund suediarraren “The Square“, François Ozon frantziarraren “L’amant double“ eta Yorgos Lanthimos greziarraren “The killing of sacred Deer” ere gorriz markatuta ditut. Greziarrekin Colin Farrellek errepikatzen du. Oraingoan Nicole Kidmanekin. Australiarrak lehian izango den bitan parte hartu du. Sofia Coppolaren agundupean jarri da, epokako drama batean, Kirsten Dunst eta Elle Fanningekin batera. Izarrak ere Noah Baumbachen Canneseko estrenaldian. “The Meyrowitz stories“ filmean Dustin Hoffman, Adam Sandler, Ben Stiller eta Emma Thompson zuzendu ditu.
Netflixekin borrokatu bada ere, telebistarako bi ekoizpen aurkeztuko ditu lehiaz kanpo. Urrezko Palma irabazi duen emakume bakarraren, Jane Campionen “Top of the Lake“ eta izugarri ixaroten den David Lynchen “Twin Peaks“ seriaren jarraipeneko lehen bi atalak. 70. urteurreneko gertaerak deitu die. Alejandro González Iñarrituren errealitate birtualeko proiektu bat aurkeztuko da. Lehiaz kanpo, Roman Polanskiren, Claude Lanzmannen eta Barbet Schroederren filme bana. Eta aipagarria Alfonso Cuarón mexikarra eta Clint Eastwood estatubatuarrak zine eskola bana emango dutela. Aurten 25 urte betetzen baitira Eastwoodek “Sin Perdón” filmatu zuela. Lau Oscar irabazi zuen zinta Classics deritzan sailean emango da. Berau zabaltzen 1992an Epaimahaiaren Saria jaso zuen “El Sol del Membrillo“ emango dute. Karranzako Victor Erice zuzendariapean digitalizatu eta berritu den kopia aurkezteko Erice bera hurbilduko da Cannesera.
Please comment with your real name using good manners.