Duela 25 urte baturik eusten zuen itsagarria pitzatuta, Yugoslavia gerra latzen erdian hiltzen zen. Gerrak gizartean arrakala sakonak sortu zituen Kroazian eta Bosnian lehenik, gero Kosovon. Testuinguru horietatik abiatzen duen Dalibor Matanic kroaziarrak bere “Bajo el sol” (Zvizdan) filma, emakume serbiar eta gizon kroaziar baten arteko maitasun istorioa, debekatutako amodioa. Hiru partetan kontatuta dagoen filma Cannesen “Un Certain Regard“ sailean aurkeztu eta epaimahaiaren saria eskuratu zuen duela 2 urte.
Hiru partetan, hiru hamarkadetan dago zatituta. Lehena 1991an kokatzen da, gerra aurretik, tentsio etnikoen erdian, Ivanek eta Jelenak Kroaziako kostan igeri egin eta elkarri musukatzen diote, gertu dauden herriak utzi eta Zagrebera, Kroaziako hiriburura, alde egiteko planak egiten dituzten bitartean. Jelena serbiar jatorrikoa da, Ivan berriz kroaziarrak. Eta Jelenaren nebak ez du begi onez ikusiko bien arteko harremana. Bigarrenen zatia, 2001an girotuta dago eta Natasa eta Ante ditugu protagonistak. Natasa serbiarra herrira itzuliko da amarekin. Neba gerran hil diote kroaziarrek eta ezin du bat bera ere barkatu. Nekez onartuko du etxea berreraikitzeko Ante gazte kroaziarra kontratatzea. Hirugarren zatian, 2011ra salto egiten dugu. Europa Batasunean sartu da Kroazia, gerrak hondatutako etxeak berrituta daude eta Zagrebetik kostara gazte batzuk doaz, musika jaialdi batean partehartzeko. Luka jaialdira joatearekin bat herrira itzuliko da. Gurasoak bisitatuko ditu eta Marija, gurasoen baimenik gabe maitatu zuen emakume serbiarra.
Hiru bikoteak gorpuzteko aktore bikote bera hautatu du Matanic-ek. Etorkizun oparoa izan dezaken Tihana Lazovicek (Zadar 1990) emakumearena egiten du, Goran Markovicek (Split 1985) gizonarena. Azken batean istorio desberdinak baina maitasun bera baita. Gerrek eta mendeetako gorrotoek zapuztuko duten maitasun bera. Hori gainditu beharko dute. Bigarren zatian neskak esaterako mutilari botako dio: “neba txakur baten moduan hil zuten” eta horri mutilak erantzungo dio “hori nire errua izan al zan?“. Aktore biek zoragarri heltzen diote sumindutako maitasuna irudikatzeari, larritasun, erru eta erredentzioa duen narrazio batean. Hiru istorioa horien gainetik bikoteak ere edozein bikote baten ibilbidea gorpuzten du pelikulan zehar. Antzezlan hauek hainbat zinemaldietan aktore onenaren saria ekarri zieten bi aktore gazte hauei. Zalantzarik gabe, jarraitu beharreko gazteak.
Lehen ikustaldian, zatiren bat gainditzen da besteetara. Baina filma osorik marka uzten duen horietakoa da. Ederki erabiltzen du balkaniarrek hainbeste maite duten musika. Irudiek hainbatetan “Centauros del Desierto”, John Forden, irudi mitikoren bat gogora ekarri dit. Izan ere, lehioek eta ateek izugarrizko garrantzia dute. Markoztatuak agertzen dira pertsonaiak. Bizi duten giroan zarratuta baitaude, gorrotoak, giroak giltzapetuta. Horiek eta ura, itsasoko ura garbitzailea da elementu garrantzitsua.
Kuriositate modura esan, zuzendariak eta bi aktore nagusiek elkarrekin lan egin dutela “Novine” telesailean, kazetaritza eta ustelkeriaren inguruko telesail kroaziarrean. Gora aipatutako “Bajo El Sol“ filma maiatzaren 12an estreinatuko da Euskadi eta Nafarroako hiriburuetan.
Please comment with your real name using good manners.