Donostiakoa Giza Eskubideen Zinemaldia: XV. ediziorako hainbat gomendio

Hamabost urte beteko ditu aurten Donostian Giza Eskubideen zerrenda zein den ezagutzeko baliogarri den zinemaldiak. Urte hauetan zine aretoetan arrakasta izan duten fikziozko film hainbat, zeresana eman duten dokumental asko eta solasaldi interesgarri hainbat eskaini dituzte. Oso interesgarria dirudien edizio honetako egitaraua osorik eman dute gaur ezagutzera. Martxoaren 31tik apirilaren 7ra egingo den zinemaldiako egitarau horretatik hauek nire proposamenak.

Sevillako Europar Zinemaldian ikusi nuen eta harrezkeroztik zale amorratua naiz. La Mano Invisible Isaac Rosa idazle sevillarren eleberri bat zinera ekarri dute. Nobelak bezala filmak sektore ezberdineko langile batzuk aurkeztuko dizkigu. Bostak enpresa misteriotsu batek kontratatu ditu euren ofizioa aritzeko industria-nabe batean. Inoiz ikusiko ez dugun publiko baten aurrean lan egingo dute zentzurik gabeko erakustaldi batean. David Macian zuzendari gaztearen lehen luzea da. Antzeztaldean besteak beste Josean Bengoetxea euskal aktorea dugu. Apirilaren 1ean, larunbatean, “zergatik eta zertarako egiten dugu lan?” izenburupean aurkeztuko da.

Gauza bera esan dezaket Tatiana Huezok zuzendutako Tempestad dokumentalari buruz. Iazko Berlinalen ikusi nituen filmen artean txalogarrienetakoa iruditu zitzaidan. Salvadorren jaio baina familiarekin Mexikon errefuxiatuta hazi zen zuzendari honek lagun baten istoriari tiraka burutu du filma. Laguna hilabete batzutan inongo arrazorik gabe narkotrafikoak kontrolatzen zuen kartzela batean “desagertu” zuten. Horri alaba bat desagertuta dagoen emakume baten istorioa uztartu dio, Mexikoren aurpegi desatsegin bat aurkezteko. Filmak Hegoamerikako zinea saritzeko ematen diren “Fénix” hiru sari lortu zituen, besteak beste, dokumental onenaren iruditxoa. “Narkotizaturiko Mexiko” titulupean emango dute saioa apirilaren 5ean.

Aurkeztu den zinemaldi askotan sariak irabazi eta irabazi ari da “Slava” (Glory) film bulgariarra. Kristina Grozeva eta Petar Valchanov zuzendari bikoteak 2014ean Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berrien saria lortu zuten “La Lección” lehen luzearekin. Euren bigarren luze honetan trenbideetako langile batek miloiak aurkitu eta poliziaren esku utziko ditu. Gizalege ekintza honek baina bizitza hankaz gora jarriko dio. “Ustelkeriaren aurkako borroka, Bulgariarentzako erronka” izenburupean emango den film honek zinemaldia itxiko du.

Biarritzeko FIPAn Pablo Pinedo Bovedaren lehen dokumental luzea “Noma” ikusteko aukera eta zuzendariarekin hitzegiteko aukera izan nuen. Pinedo gasteiztarrak Hego Afrikan eraiki du bere ibilbide profesionala. Mandelaren herrian populazioaren zati handi bat txaboletan bizi da. Tarteka, poliziak botatzen dituen txaboletan. Horietako bat, bizitza aurrera atera nahirik, eraiki du Noma, bi mutikoen ama. Emakumeak txabola nola eraiki eta poliziak nola eraisten duen erakusten du dokumentalak. Ostegunean emango dute “26 urte Apartheid gabe” izenburu duen saioan.

1937an Gipuzkoako 14 herrietatik mila bat emakume etxeetatik bota zituzten tropa frankistek. Seme-alabeekin atera ziren nora joan jakin gabe. Bizkaira lehen gero Frantziara joan ziren inoiz lortu zen garaipen errepublikar baten zain. Horien istorioa ezkutua ezagutzera eman zuen iaz aurkeztu zen Ama, nora goaz? dokumentalak. Iban Gonzalez zuzendariak emakume horietako batekin solasaldian izango da filma igandean proiektatu ondoren. Hain hurbil baina hain urrun, hain ezkutua izan den gai bati heltzeko unea.

Artearen aurkako zentsura eta errepresioa izenburupean Andrzej Wajda maisu poloniarraren azken filma etorriko zaigu. Powidoki” (Afterimage) filmak Wladyslaw Strzemiński pintore famatuaren historia dakarkigu. II. Mundu Gerraren ostean, Unismoaren teoriaren sortzaile eta momentu horretako artista plastiko gailenetakoa dena Łódź-eko Arte Eder Eskolan dihardu irakasle lanean. Poloniako agintariek ez dute begi onez ikusten bere lana, asko urruntzen delako inposatzen saiatzen ari diren errealismo sozialeko doktrinetatik. Strzemińskik ez die jarraitu nahi Partiduaren aginduei eta bota egin dute unibertsitatetik eta artisten elkartetik. Polonian azken urteetan komunismoaren garaiari egiten ari zaion errebisionismoaren eredu litzateke.

“Beti bezperako koplak”. Lan kolektiboa

Hemeretzi film luze eta hemezortzi film laburren artetik badago zer aukeratu. Saioek 4,5 euro kostatzen dute. Victoria Eugenia antzokian ematen dira. Horietaz gain, kultur etxeetan saioak eta erakusketa anitz.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online