Asteazkenean hasiko da, Nantesen, ia Loira ibaiaren bokalean urtero ospatzen den Espainiar zinemaren jaialdia.
Nanteseko zinemaldi aren 27. edizio honetako kartela Rossy de Palmaren aurpegia erabiltzen du. Eta hain zuzen Almodovar neska ezagun hau Nantesen izango da Almodovarren azkena “Julieta“ aurkezteko. Film horretako protagonistak, Emma Suarezek, hartuko du zinemaldiaren omenaldia. Eta besteak beste, Julio Medemek 1993ean Suarezekin filmatu zuen “La Ardilla Roja“ emango dute egunotan Nantesen.
Medemen lan bat ikusteko aukera bakarra ez da izango. Apirilaren 2an, zinemaldia ixteko, “Kalebegiak“ edo frantsesez eman den izena “Donostia, je t’aime” taldekako filma emango dute. Bertan parte hartu du Julio Medemek beste 14 zinegileekin batera. Ez da euskal ordezkari bakarra izango. Fizkiozko Sail Nagusian lehiatuko diren zortzi film luzeen artean Rotterdameneko zinemaldian Pedro Aguilera donostiarrak estrenatu zuen “Demonios tus ojos“ izango da. Dokumentalen sailean, bost filmeen artean, Leire Apellaniz galdakaorrak egindako “El Último Verano“ eta Mikel Rueda bilbotarrak zuzendutako “Nueva York. Quinta Planta“ lehiatuko dira. Hortaz gain Justin Websterrek Donostiako zinemaldian estreinatu zuen “El Fin de Eta“ izango da lehian.
Lehen filmen sailean Koldo Almandoz donostiarraren “Sipo Phantasma“ eta Pedro Rivero bilbotarraren eta Alberto Vázquez galiziarraren “Psiconautas“ lehiatuko dira beste hiru pelikulekin batera. “Psiconautas”en anaia den “Decorado“ film laburra, Vázquezek Uniko ekoizetxe bilbotarrarekin egindako filma izango da laburmetraien lehian. Bertan ere, lehiaketan arituko dira Kepa Sojo laudiotarraren “Hileta” eta Jon Garaño donostiarraren eta Jose Mari Goenaga ordiziarraren “Renovable“. Aurrean Oscar sarietarako lehian izan den “Timecode” filma dago. Zinemaldi honek “Euskal lehioa” deritzan saila du eta bertan, aurreko batzuez gain, Arrigorriagako Iratxe Fresnedak Mirentxu Loyarte zinegile iruindarra gogora ekartzeko egindako “Irrintziaren Oihartzunak” eta Juan Barrerok Marmoka Filmak ekoiztetxe bilbotarrarekin egindako “Chillida“ dokumentalak erakutsiko dira. Loyarteren “Irrintzi“ eta “Ikuska 12“ ere izango dira ikusgai eta Mikel Ruedaren “Caminan“ film laburra.
Gernika bonbakatu zutela eta Pablo Picassok “Guernica” margotu zuela 80 urte betetzen diren urtean, Nanteseko zinemaldiak “Guernica sur la grande toile” (Guernica pantaila handian) zikloa antolatu du. Sei film emango dira, tartean historiko batzuk: 1937an Miguel Pereyrak egindako “Frente de Vizcaya y 18 de Julio“ eta Nemesio Sobrevilak egindako “Guernika“, 1950an Alain Resnais eta Robert Hessensek filmatutako “Guernica“ eta 1979an Pedro Oleak egindako “Ikuska 2“. Horiekin batera, iaz Koldo Serrak zuzendutako “Gernika“ fikzioa eta Hannot Mintegiak zuzendutako “Gernika. Markak“ dokumentala. Serra eta Mintegia Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Joxean Fernandezek, gidatuko duen ezbaian izango dira, Miguel Francisco eta Michel Lefebvrerekin batera.
Please comment with your real name using good manners.