Mondragon Unibertsitateko ikasleen ikasgai praktiko bezala sortu zen. Aurten hamar urte bete ditu Aretxabaletan egiten ohi den zinemaldia. Ikasleen laburrak eta euskal zinegile profesional eta amateurren filmak nahasten dituen jaialdiak 54 pelikula labur emango ditu martxoaren 29tik 31ra. Eta estrainekoz, film luze bat: Juan Palaciosen “Pedaló“k zabalduko du zinemaldia. Huhezinemaren arduradun nagusiarekin Iban del Campo zinegile eta irakaslearekin iraganaz eta orainaz mintzatu da Pantaila Handian.

– Nola sortu zen Huhezinema? Zergatik sortu horrelako zinemaldi bat Mondragon Unibertsitatean?
“Ni irakasle sartu nintzen Ikusentzunezko Komunikazio Ikastaroetan eta gutxira eskaini zidaten ikusentzunezko sistemaren egitura deitu behar zen ikasgai bat. Eta pentsatu nuen onena modu praktiko batean egitea zela. Eta okurritu zitzaidan zinemaldi bat antolatzea. Zinemaldiak baitira industriaren parte bat eta horrela ikasleek harremanetan jartzen dira zinegile, kazetari eta banatzaileekin eta ezagutzen dituzte merkatuak, ordainketa, produkzioa, etab. Lehenengo urtean laugarren mailako ikasleekin hasi nintzen, klase horren bigarren lau hilekoan egin genuen”
Eta nola antolatu zineten?
“Unibertsitateko ikasleek jada egiten zituzten dokumentalak, taldeka eta fikziozko film laburrak. Orduan erabaki genuen sail bat ikasleen kortoak zinemaldian erakusteko erabiliko genuela. Eta aldi berean, deialdia egin genuen Euskal herriko profesionaleen lanak erakusteko, sari banaketa bat, masterclass bat, … hau da zinemaldi formula bat, unibertsitatea kanpora ateratzeko etab.”
Eta lantaldearen antolaketa?
“Eromena izan zen hasieran. 40 ikasle, klase osoa sartu baitzan. Hiru taldeetan banatu nituen: komunikazioa, programazioa eta finantziazioa edo programazioa. Ikasleak oso motibatuak izan ziren hori antolatzen eta bigarren urtean berriro errepikatu genuen. Eta gaur arte, nahiko ondo joan da, asentatzen joan da. Berezitasun bat du: urtero lan talde berri bat, laugarren mailako ikasleak dira lantaldea”

– Ikasleak jasotzen diren kortoak hautatzen izaten dira baina epaimahaia profesionalek osatzen dute, ezta?
“Hasieratik pentsatu genuen profesionalak gonbidatzea, eurekin harremana sortzeko. Hasieratik zuzendariak gonbidatu nahi izan genituen, ikasleek aukera gutxi baitituzte eurekin harremana izateko. Euskal Herriko zinema edo komunikazioan eskarmentu duten jendea gonbidatu dugu. Moriartitarrak (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, besteak beste) denak pasa dira, lehiatzen, master class bat ematen edo epaimahaian. Epaile ibili dira ere Koldo Almandoz, Kepa Sojo, Unai Guerra, Itziar Ituño, … Aurten Pau Urkijo, Aitor Gametxo eta Ariane Camio, GARAko kazetaria daude. Urtero ehun bat korto jasotzen ditugu. Aurten 97 eta horietatik 10 Sail Ofizialean lehiatuko dira“.
– Hasieratik bi sail izan zenituela kontatu diguzu baina azken urteetan hirugarren bat gehitu dute?
“Hasieratik banatu genuen ikasleen saila eta profesionalen edo sail ofiziala. Gero Basque Culinary Center sartu zen babesle eta beraien laguntza eskertzeko, sortu genuen Culinary, lehiaketa paralelo bat, korto motzagoak, beste formatoak, … ea zer ateratzen da edo. Aurten laugarren urtea egin dugu, orain arte ikasleen kortoekin egin dugu eta aurten estrainekoz Euskal Herri osora zabaldu dugu eta gauza oso ezberdinak, oso landuak, hamar jarriko ditugu, beste genero bezala, mikrolabur, gehienez hiru minutu izan behar dute. Bestelako narratiba dutena”
– Culinary saila bestelako zinegileei zabaltzea berritasun bat, besterik?
“Aurten 10 urte zirenez, emozionatu naiz. Iaz 3 egunotan, 32 korto jarri bagenituen. Aurten 54 labur izango dira. Besteak beste, profesionalen kortoen artean, lehiaz kanpo ere hamar bat izango baitira. Aurten estrainekoz Goiena sariari esker Aitor Gametxok sortutako lana jarriko dugu. Zinemaldiak sari horren bidez ekoiztu du lehenengo aldiz. Eta horrekin jarraitzeko borondatea dugu. Eta piska bat herrira ateratzeko, kostatzen baita herriko jendea zinera sartzea, aurten, asteazkenean pintxo pote dagoela aprobetxatuz, Culinaryko filmak udalak uzten digun Arkupe zine aretoan ikusi ondoren, egileekin poteoan joango gara eta film laburrak herriko tabernetan jarriko dituguk“.
– Eta estrainezkoz film luze bat ere …
“Bai, “Pedaló” (iaz Donostia Zinemaldian “Irizar” saria jaso zuen) filma jarriko dugu asteazken goizean. Horrekin zabalduko dugu zinemaldia. Ondoren Juan Palacios zuzendariarekin masterclass egingo dugu. Copenhagen-tik dator Juan eta ilusio askorekin. Iruditu zait ere pelikula oso egokia dela ikasleentzat. Aurrekontu gutxirekin egina. Beraiek egon behar duten egoeran hasieran. Bukatzen dutenean pelikula egin behar badute eta ez daukate finantziaziori, hor daukate eredua. Hasten gara bidaia pedalo baten gainean eta ikusi beharko da non bukatzen dugun“.

Ostiralean emango den Sail Ofizialean 10 film labur hautatu dituzte. Horregatik jada 200 euro jasoko dituzte. Hortaz gain, irabazleak 800 euroko Goiena Saria hartuko du eta Ogeita 4k 1.500 euroko balioa duen materiala utziko datorren urtean erakutsiko den film labur bat egiteko. Babes publikorik eduki ez duen film onenari 500 euroko Vértigo Saria emango zaio. Publikoaren saria eskuratzen duenak 200 euro jasoko du. Ikasleen 17 laburrak Fizkio Onena eta Dokumental Onenaren bila lehiatuko dira. Bakoitzak 300 euro saria dutenak. 100 euro jasoko du publikoaren saridunak. Hortaz gain, iaz Donostia Zinemaldiako Eskolen Topaketan Orona saria jaso zuten “24’51” Latitud Norte” eta “A quien corresponda” film mexikar eta argentinarra emango dira. Beraz aukera zabala asteazkenetik ostiralera.
Please comment with your real name using good manners.