Psiconautas filmeko zuzendaritako batek, Pedro Riverok, besteak beste, bultzatuta Bilbon sortu berria den Animakom Zinemaldiak lehen edizioa bukatu berri du. Emakume zinegile biri zinemaldiaren saria emanez hasi bazen, asteburuan sari gehienak emakumeei emanez bukatu zen. Animazioan emakumeek duten indarra azpimarratuta geratu da horrela. Asteazkenetik iganderarte umeentzako taillerrak, animaziozko film labur batzuen emanaldia eta batez ere lehian aritu diren ikasleen eta bestelako sailek osatu dute jarraitzeko borondatez sortu den zinemaldiaren lehen atal hau.
Lehen edizio honetan emakume animatzaileak omendu nahi zituzten. Horrela asteazkenean Ann Marie Fleming kanadiarraren “Window Horses“ filmak zabaldu zuen Animakomen lehen urte hau. Maitasunaz, poesiaz, historiaz eta kulturaz ari zen animaziozko film hau. Ostegunean berriz Anna Solanas zuzendaria eta Núria Riba animatzailea omendu zituzten. I+G Stop Motion ekoiztetxearen bitartez, 15 urtez txotxongilo animazioa egin dute. Besteak beste, iaz Alcala de Henaresen zinemaldi ezagunean saria irabazi zuen “Cavalls Morts“ filma. Animakomeko aurtengo kartela euren panpinetan zegoen oinarritua.
Epaimahaiak eman dituen zazpi sarietatik sei emakumeek zuzendutako filmek hartu dituzte. Horrela ikasleen sailean Renata Gąsiorowska poloniarrak eta bere “Pussy“ filma izan zen garaile nagusi. Grand Prix saria lortu zuen ia 40 festibaleetan egondako film labur honek. Emakumearen masturbazioa errebindikatzen du filmak. Epaimahaiaren saria “The Noise of Licking“ filmak jaso du. Nadja Andrasev hungariarrak zuzendutako filma erotismoaz ere ari da, era esperimentalago batean. Hirugarren saria edo epaimahaiaren aipamena “Penelope“, Heta Jäälinoja estoniarrak egindako filmak hartu du. Ulisesen zain dagoen Penelope modernoa, edozein gizon hartzeko prest ez dagoena.
Beste sailean, Nagusian deitu genezake Short Films Competition, deiturikoan hiru sariak ere emakumeek zuzendutako filmeetara joan dira. Dahee Yeong korearrak zuzendatutako “The Empty“ filmak oso harrera ona izan zuen Annencyko zinemaldi ospetsuan. Baina ez zuen irabazi. Animakonem lortu du Grand Prix, sari nagusia. Ekoiztetxe frantziar baten laguntzari esker, Yeongek emakume baten memorian gizon bat nola jolasten duen irudikatu du. Bigarren saria edo Epaimahaiaren saria, “Nighthawk“, Spela Cadez esloveniarrak egindako filmak hartu du. Stop Motion teknikaz eginez, abere bat hilda agertzen da errepide bazterrean. Poliziak garbitu behar duenean, hilda ez, zeharo moskortuta dagoela ikusiko da. Aberea esnatzen da eta istorioa martxan jarriko da. Epaimahaiaren aipamena berriz Soetkin Verstegen belgikarrari egotzi zaio, “Mr. Sand“ filmagatik. Aarhus 2017 Europako Hiriburutza Kulturalaren babespean egindako laburmetraia zinemaren hastapenari maitasun istorio bat da.
Epaimahaiak zazpigarren sari bat erabaki zuen. Euskal film onenari ex aequeo Jon Zurimendiren “El angulo recto no existe” eta Javi Prietoren “Nunca Pasa Nada” filmeei eman diote. Zinemakumeak Gara elkarteak emakumezko zuzendari onenaren saria eman zion Britt Raes belgikarrari eman zion “Catherine” film dibertigarragatik. Bilboko Berrikuntza Faktoriak berriz berritzaile saria “Corp.“, Pablo Polledri film argentinarrari eman zion. Azkenik Euskal Gidoigileek gidoi onenaren saria “Outsider” Estatu Batuetan HegoAsiako emakumeek sufritzen duten indarkeria salatzen zuen filmari eman zioten.
Animakomeko lehen edizio honetan Begoña Vicario animatzaile euskaldun ezaguna, munduan dagoen animazio zinemaldi nagusiko, Annency Zinemaldiko programatzaileetako bat den Sébastien Sperer eta ni ibili gara epaimahaian. Ohore bat izan da eta oso gustagarria maila oso ona baitzegoen. Bertan jakin dugu gainera, hurrengo Annencyko zinemaldian bi euskal film izango direla lehian. Isabel Herguerak eta Izibeñe Oñederrak Kalebegiak proiekturako egindako “Kutxa Beltza“ eta Uniko ekoizetxe bilbotarrak ekoiztu duen “Contact“, Alessandro Derotti Novellik zuzenduta Sail Ofizialean lehiatuko dira.
Please comment with your real name using good manners.