Berlinale 2017ko Lehiaketa Ofiziala ez da oso deigarria izan. Lehen astean ikusitakoaren maila beretsuan geratu zait bigarren astea. Agian edizio honetako film borobilena Aki Kaurismaki finlandarraren “The Other Side Of Hope“ izan da. Sally Potterren “The Party“ dibertigarria egin zait. Lehiaketa ofizialaz gain, beste sailetan arrantzu eginez, oso ederrak Luca Guadagnino italiarrak zuzendutako “Call Me By Your Name“ eta Raoul Peckek egindako “I’m not your negro“ dokumentala, Panorama sailean. Eta aipatzekoa James Grayren “The Lost City of Z“ filma.

Etorri aurretik gorriz azpimarratuta nuen zuzendarietako bat Aki Kaurismaki zen. Markatuta finlandarraren estiloa maite dudalako. Eta heldutako gaia zela eta. “The Other Side of Hope“ filmarekin Kaurismaki egun European puri-purian dagoen errefuxiatuen gaia arakatzen du. Siriar errefuxiatu bat Finlandiara merkatal ontzi batean helduko da – paregabea ikatz artetik errefuxiatua nola altxatzen den- eta bertan babesa eskatuko du. Gobernuak bere eskaera bertan behera botata, klandestino egin eta tabernari batek ostatu eta lana emango dio. Bi gizarteen artean elkar ezagutza izango da. Bere umore finaz, gogorra den gai bat irentsi araziko digu. Ederra.

Eta kritiko askok ez bazuten ulertu eta batzuk mezprezatu bazuten ere, dibertitu nintzen “The Party“ filmarekin. Aitortu behar dut. Sally Potterren filmaren izenburuak bi esan nahi ditu. Kristin Scott Thomas politiko bat da. Hauteskundeak irabazita Osasun ministroa bihurtu ta lagunak baina batez ere alderdikide fidelak gonbidatu ditu festa batera. Baina bertan gauzek ezusteko bidetik egiten dute. Scott Thomasek dirdir egiten du 71 minutu dituen eta antzezlan bat ematen duen filmean. Berarekin batera Patricia Clarksonek ere errepikla onak ditu. Ametsetako antzeztaldean Timothy Spall eta Emily Mortiner daude ere. Agian nekagarria egiten zait Cillian Murphyren pertsonaia.
Eta Kaurismakik errefuxiatuen gaiari heldu badio, Teresa Villaverdek Europako beste krisi bati. Europako hegoaldea batez ere kolpatzen ari den gainbehera ekonomikoa irudikatu du “Colo“ filmean. Krisi horrek zein min egiten dion familia bati erretatu du. Une ederrak baditu ere, galtzen da. Eta galdu, gu ikusleak galdu gara “Ana, mon amour” errumaniarrarekin. Călin Peter Netzerrek 2013ean irabazi zuen Urrezko Hartza “Madre e hijo”rekin. Berri honetan bikote baten maitasun historia, urteetan zehar, irudikatu du. Menpekotasun istorioa bat ere. Beraren bitartez errumaniar gizartearen errepresioak islatu ditu. Flashback-en bitartez egiten du. Asko gustatzen ari zitzaidan baina luzeegia eta korrikan bukatzen den horietakoa iruditu zait.
Lehiaketa Ofizial eskas batean, beste sailetan egon diren harribitxiak berreskuratzea geratzen da. James Gray estatubatuarra (“El Inmigrante”) zuzendari fidagarria horietakoa da. Berlinalen bere maisutasunaren froga eman digu “The Lost City of Z“ film berrian. 140 minutuz esploratzaileen grinak eta menturak irudikatu ditu. Charlie Hunnam izar berriak Percy Fawcett soldadu eta esploratzailea gorpuztu du. Robert Pattinsonek antzezten duen soldadua izango du hasieran laguntzaile. Gero semea. Bitartean Sienna Millerrek jokatuko duen emaztea etxean geratuko da umeak hezitzen. Emakume horren istoriak harrapatu nau, zer gertatu eta nola bizi izan zuen jakitea gustatuko litzateke. Baina bestela berriz ere ederki ari da James Gray, Berezien sailean aurkeztu den film honetan.
Eta Panorama sailean ikusi ditut entzute handiarekin, merezitako entzutearekin etorritako bi film. Raoul Peck haitiarrak James Baldwin idazle afroamerikarra argira ekarri du “I Am Not Your Negro” filmarekin. 1979an Baldwinek hildako hiru borrokalari beltzenoroitzapen personala hasi zuen idazten. Martin Luther King, Malcolm X eta Medgar Evers, hiruak erahilak izan ziren. Baldwinek heriotza horietaz zer gogoratzen zuen jarri nahi zuen paperean. Ez zuen lortu. Testuei tiraka, Samuel L. Jacksonen ahotan jarrita eta oso ongi tratatutako artxibo irudiei esker beltzak AEBtan oraindik jasandako errepresioa islatu du. Toronton estrenatu ondoren, Oscar Sarietarako hautagaietako bat da.
Sundancen kritikaren txalo artean estreinatu zen “Call Me By Your Name“ film ederra. Luca Guadagnino italiarrak (“A Bigger Splash”) André Acimanen eleberri bat irudietan eman du. 1983ean Italiako iparraldean 17 urteko Elio (Timothée Chalamet) uda musika entzuten, irakurtzen eta lagunekin pasako dut aita irakaslearen laguntzaile berria, Oliver (Armie Hammer) iristen den arte. Elkar erakarpena handitzen joango da. Maitasun istoria eder hau James Ivory, Guadagnino beraren eta Walter Fasanoren gidoia du. Eta nik esango nuke Ivory zuzendari estatubatuarraren zipriztinak oso nabarmenak direla, filma izugarri aberastuz.
Please comment with your real name using good manners.