Aurtengo Berlinaleko Lehiaketa Ofizialeko lehen erdia pasata, balantze eskasa. Astelehen goizean Berlinale Palasten entzunda: “urteetako lehiaketa eskasena“. Bezperan bestelako baikortasunez begiratu zion batek. “Lehiaketa honetan fede gutxi nuen. Bi zuzendarien lana irrikitan itxoiten nuen. Eta jada gustatu zaizkidan hiru filmak ikusi ditut“. Beraz Berlinaleko Zinemaldiaren erdia, ostegunetik astelehen honenaraino, gazi goxoa.
Sebastián Lelio txiletarra iritsi arte triste oso triste zihoan Lehiaketa Ofiziala. 2013an Berlinalen “Gloria” filmearekin estreinekoz lehiatu zen eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zion Paulina García bere aktoreari. Horregatik itxaropen handia zegoen berarengan eta ez du hutsegin. Berriz txunditu gaitu aurten lehian ekarri duen “Una Mujer Fantástica” dramarekin. Beste emakume baten erretratua.
Marina (Daniela Vega) 20 urte zaharrago den gizon batekin bizi da. Gau batean gizona hiltzen da eta Marinak gizonaren familiarekin borrokatu beharko da. Familia Marinagatik utzi zuen, transexuala den Marinagatik. Juan De Dios eta Pablo Larrain anaiek ekoiztutako filma sendoa da. Hainbateten erritmo pausatuegia badu ere. Zinemaldiaren erdia falta den honetan Daniela Vega emakumezko Zilarrezko Hartza jasotzeko hautagai sendoa da. Eta filma Teddy Bear (LGTB) sari aproposa litzateke.
Txiletarra iritsi arte Ildikó Enyedi zuzendari hungariar beteranoak zuzendutakoa gustatu zait gehien. “On body and soul” filmaren bidez poesia eta lehen umore printzak iritsi ziren Berlinale Palastera. Hungariarrak hiltegi batean kokatu du amodio historio bitxi bat. Lanerako oso arduratsua baina harreman sozialerako ezgai den emakume batek eta beso batean elbarri den gizon batek gauean amets bera dutela konturatzen dira. Beste batean elkar ezagutzaren ilusioa pizten da. Eta erlazioak sortu dezaken minaren beldurra.
Zuzendari hungariarrak 1989an hartu zuen Cannesen Urrezko Kamara, Zuzendari Berriei ematen zaien saria, “Mi siglo XX” filmagatik. Harezkeroztik zortzi film luze zuzendu ditu, bat lau urtero. Lehian dauden bost emakume zuzendarietatik bat da. Une onirikoz eta metaforaz bete du filma. Zeozer falta zaio pelikula ona, borobila izateko.
Eta lehiaketa ofiziala pattala badago, beste ureetan arrantzu egin behar da. Kasu honetan umeen edo umeentzako lehiaketa den Generation saila zabaltzeko erabili zuten filma. “Estiu 1993” pelikula Carla Simon Pipol zuzendari katalandar gaztearen lehen luzea da eta duela bi urte Berlinalen bertan izan zen gidoia zorroztu ondoren filmatu zuen.
6 urte dituen Fridak (Laia Artigas) ezin du negar egin. Ez du malkorik botako osaba-izebarekin (David Verdaguer–Bruna Cusí) mendira bizitzera doanean, ezta aldiro ohi bezala odola aterako diotenean. Baina Fridak baditu negar egiteko arrazoiak. Ama Hiesaren menpe hil zaio, lehenago aita hil zitzaion bezala. Galera hori aurre egin beharko dio eta kutsatuta ote dagoen sortutako beldurrari, familia berri batean lekua topatzen duen bitartean. Benetako historia batean oinarritua, Simonek ederki islatuko ditu seme-alaben hezteak dituen zailtasunak, umeek heriotzari nola egiten dicten aurre eta HIESAk sorturiko beldurrak. Egunerokotasunaren deitaile zoragarriez ziprizdinduta.
Please comment with your real name using good manners.