Biarritzeko ikusentzunezko jaialdian, FIPAn, egunotan Hegoafrikan bizi den Pablo Pinedo Bóveda gasteiztarra lehiatu da. Hegoafrikan hala moduz egindako txaboletan bizi direnen inguruan egin duen “Noma“ dokumentalarekin. Izenburua izen bat da, emakume beltz gazte batena. Janari azkarra egiten irabazten duen apurrarekin txabola eraikitzen duen emakumearena. Ama eta bi semeekin, bat elbarritua, bizi den gaztearena. Durbaneko zinemaldian Amnesty International Human Rights saria lortu ondoren, “Noma” dokumentalak Biarritzen izan du nazioarteko estrenaldia. “Pantaila Handia”k Pinedo Biarritzen elkarrizketatu zuen, aste honetan Tenerifeko “Miradas Doc” zinemaldian parte hartu baino lehen.
– Zergatik kontatu nahi zenuen Nomaren istorioa?
“Bi urte neramazkien jada kaleratzeak grabatzen. Aktibista modura, “giza ezkutu” gisa, poliziaren errepresioa arintzeko. Bideo material hori gainera hainbatetan epaiketan erabili da. Frogatzeko jende hori batzutan hilabeteak egin zituztela bertan bizitzen. Izan ere, Hegoafrikako konstituzioaren arabera, 24 ordu egiten badituzu egitura batean, hots txabola batean, zure etxea bilakatzen da eta hortik botatzeko epaile baten agindua behar duzu. Prozesu luzea denez, poliziak beste agiri bat erabiltzen ohi du, lortzen errezagoa dena, baina horren bidez ezin ditu kaleratzeak egin“.
– Eta horrela ezagutu zenuen Noma?
“Bai. Esan bezala kaleratzeak urteetan dokumentatu ondoren, kaleratze baten atzean dagoen istorioa kontatu nahi nuen. Baldintza horretan dagoen lagun bat nola bizi den. Ze sufritu behar duen. Eta txapazko txabola bat egiteko jasan behar duena. Gero poliziak botatzeko eta duen apurra lapurtzeko. Hori azalarazi nahi nion, pribilegiatua den gizarteari, gehienbat zuria den gizarteari, sensibilizazio eza handia baitago. Eta horrela hasi nintzen Noma jarraitzen”.
– Dokumentalean ikusten denez, Noma oso baldintza txarretan bizi zen. Nola dago orain?
“Garai horretan Noma lanean zegoen. 300 euro irabazten zituen zazpi egunetan, hamar ordu egunero lan egiten. Kontratuan orduen salneurria arkatzaz zegoen, jabeak aldatzea zuen edozein unetan. Orain langabe da. Nik lagundu nahi dut, eta diru bilketa egitea pentsatu dut. Hezkuntza eman nahi genion – Nomak erizaintza ikasi nahi omen du. Hegoafrikak Kongotik ekartzen baititu erizainak. Eta aldi berean, semea zaintzeko – Baina agian etxea ematea izango da onena. 60 mila euroren truke agian txabola eta etxeak dauden auzo batean etxea eraikitzea luke“.
– Bera bizi den txabolen hiri horretan, Marikanan zenbat jende bizi da?
“30.000 bat esango nuke. Berehala sortu eta handitu zen. Inoiz ez dut horrelakorik ikusi. Hamar txabolekin hasi zen. Bi egunetara, hirurogei ziren. Eta astebetean, hirurehun txabola. Dokumentalaren hasieran esaten den modura hegoafrikarren % 13 bizi da horrela. Hegoafrikak bera baino okerrago dauden Malawi eta Zimbabueko etorkinak jasotzen ditu, baina asentamentuan gehienak hegoafrikarrak dira“.
– Eta Marikana zergatik?
“Hegoafrika da mundu mailako platino bigarren ekoizlea. Johannesburgeko probintzian platino mehategi asko dago. Horietako batean, mehatzariak greban jarri ziren, gero beste mehategietako langileen elkartasuna lortu zuten. Inguruko muino batean, Marikanan biltzen ziren. Polizia sartu eta 33 hildako eragin zituen. Mehatzari horiek bezala euren zergatiaren alde odolez borrokatzeko gai direla aditzera eman dute txabolen hiriko biztanleek, horregatik Malikana izena eman zioten.”

– Dokumentalean boterean dagoen Mandelaren, ANC alderdiarekin oso kritiko dira Malikanako biztanleak. Zergatik?
“Askorentzat Mandelak herria saldu du. Beno, Mandelan pertsonalizatzen dute. Bera jarri baitzuten boterea aldatzeko negoziaketetan. Botere politikoa lortu zuten, baina botere ekonomikoa ahaztu zuten. Enpresa askoren jabeak Londresen edo kanpoan daude. Bestalde, poliziaren jerarkian, postu garrantzitsuetan zuriak daude. Gainera ANC eta sortu diren beltzen alderdietan ustelkeri kasu asko dago“.
– Zuria den klase pribilegiatua esnarazi nahi zenuela diozu. Durbaneko zinemaldian estrenatu zenuten. Nola hartu zuten?
“Kezka duen jendeari asko gustatu zaio. Egunkarietan gehien errepikatu den esaldia da “a film that humanise the housing issue” (kaleratzeei giza ertza ematen dion filma). Durbanen Amnesty International Human Rights Saria lortu zuen. Eta ondoren, bi areto komertzial independieetan astebete egon zen. Ea Hegoafrikako “Goya” sarietarako izendatzen duten eta saria lortu. Horrek bisibilitate gehiago emango lioke filmari“.
– Dokumentala zuribeltzean filmatu duzu. Zergaitik?
“Arrazoi desberdinak daude. Batetik Apartheid gogora ekarri nahi nuen. Filmaren hasieran, artxibo irudi batzuk daude. 1950eneko hamarkadako filma bat da. Apartheid erregimenak hirietatik kanporatu zuen jende asko -beltzak-, apenas zerbitzurik ez zituzten lekuetara eraman zituen. Beltzak gehiago kontrolatzeko. 1950ean gertatzen ziren irudi horiek orain 2014ean errepikatzen dira: baldintza berdintsuetan bizi, eta indarkeri bera sufritzen dute. Paralelismoa egin nahi nuen. Apartheid bukatu zenetik 20 bat urte pasa dira. Orain bozkatu dezakete, baina bestela berdin daude”.
– Eta Neorrealismoa kutsua dago ere?
“Bai aurrekoaz gain, Neorrealismoa italiarraren eragina dago bai. Sicaren “Ladron de Bicicletas” filmeko soinu banda ere erabiltzen dut. Batetik, asko maite dudalako neorrealismoa. Eta aldi berean, paralelismoa ere dago. Gerra ostean, 1950ko hamarkadan, italiarrek hiriko ateetan, langabe zeuden txiroen errealitatea kontatzen zuten, gizarte drama azpimarratzen, egun Hegoafrikan sufritzen duten moduko egoerak islatzen”.

– Eta nola bukatzen du Gasteizko mutil bat Hegoafrikan?
“Andoainen Escivin ikasi ondoren, Bartzelonara joan nintzen. Han bideoak egiten genituen diskoteketarako. Zinean gehiago sakondu nahi nuen eta Italiara joan nintzen. Bertako zine eskena oso garrantzitsua da. Lau urte eman nituen eskolak hartzen eta lanean. Malawira dokumental proiektu batekin joan eta hegoafrikarrak ezagutu. Horiek esan zidaten Hegoafrikan aukera asko zeudela. Industria garrantzitsua da, kanpoko ekoizpenak jasotzen ditu. Zortzi urte egin ditut jada, gehien bat argazki zuzendari modura. Baina jada hasi naiz nire dokumentalak zuzentzen eta ekoizten“.
– Beste proiekturen bat duzu esku artean?
“Pedro Sánchez PSOEko buruzagitzatik kendu zuen bileraren inguruko film labur bat idazten ari naiz. Fikziozkoa
. Baina oraindik idazten ari naiz. Politikarekin erlazioa duten istorioak beti“.
Please comment with your real name using good manners.