Nork esango zigun duela 10 urte Musika Dokumentalen Jaialdi batek sortu eta bizirik iraungo zuenik Donostian. Gorabehera nahikotxo izan ditu Dock of the Bay, donostiar zale batzuek sorturiko zinemaldiak. Baina hor dirau, oztopo guztien gainetik, zutik. 10. urteurreneko edizio hau guretzako, 10.000 ikusleentzat, ikusle-entzule gaituztenentzat egin dute.
Eta gaur zortzi hasiko den zinemaldiak irekiera berezia izango du. Aurten, estrainekoz Literatura Nobel Saria abeslari bati, Bob Dylani, egotzi zaiola aprobetxatuz, D. A. Pennebakerrek 1967an egindako “Bob Dylan: Don’t Look back“ dokumentalarekin hasiko dute edizioa. 23 urte zituela Bob Dylanek Erresuma Batuan egindako bira azaltzen du dokumentalak. Dylan bera, Joan Baez eta Donovan, besteak beste agertzen duen dokumentala bizitzan behin ikusi beharreko filmatzat jotzen dute antolatzaileek. Antzoki Zaharrean 17:30tan emango dute. Berau “Paint it black” deitu duten sailean emango dute. Lehiaketik kanpo dagoen sail honetan musika dokumentalen hautapenen atzerabegirako bat eskaintzen da.
Sail horretan ere zendu berria zaigun Leonard Cohen kantari kanadiarraren inguruko film bat, “Bird On A Wire“, 1971ko bira jasotzen duena emango dute igandean. 1971ean Tony Palmer kontratatu zuen Cohenen managerrak kantariaren inguruko dokumentala egiteko. Azken bertsioa ez zuten onartu. 2009an Palmerrek originalak lortu eta dokumentala berregin zuen. Igandean Tony Palmer bera Antzoki Zaharreko publikoaren aurrean izango da filma defendatzeko.Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 14ean, “The Who: The Kids Are Alright“ ikusteko aukera izango dugu. 1979an Jeff Stein elkarrizketei, kontzertuei eta kontzertu atzean gertatukoari esker bandaren eromena islatzen saiatu zen.
Lehiaz kanpo den beste sail bat, “Perfect Day” sailean berriki nazioartean egindako filmak emango dira. Osotara zazpi luze aurkituko ditugu. Horien artean, ikusiko ditugu The Everly Brothers bikotea, Blur talde britaniarra, edo Thor rock bandaren ingurukoak. Edota Rolling Stonesek Latinoamerikan egindako bira kontatuko digun filma izango dugu. Musikan zeresana izan duten Danny Fields ekoizleak (besteak beste, Lou Reed, Jim Morrison edota Iggy Pop eta The Stoogesen ekoizlea), Fat Mike hardcore musikari eta ekoizleak eta musikari anitz erretratu dituen Mike Rock argazkilariak ere filma bana dute sail honetan.
Baina zer izango litzateke zinemaldi bat lehiaketa gabe? Zortzi egun hauetan sarien bila arituko diren zortzi film luze izango ditugu. Batek, “Sound of Roots“, Euskal Herrian ska eta reggaeren historia arakatzen du. Antxón Notariok, Ainara Mentxakak, Ane Cerratok eta Javier Blancok zuzendutako filma ostegunean ikusiko da. Espainian ekoiztuak daude lehiatzen diren hiru luze: batak, “Sad Vacation“ zintak, Sid Vicious eta Nancy Spungen punk bikotea du protagonista, besteak, “Geometría del Esplendor“ filmak Madrilgo Mobidaren talde mitiko hori argira atera du eta hirugarrenak, “Moz and I“ filmak, Morriseyren jarraitzaile sutsua den DJ bat aurkeztu digu. Horiekin Mexikoko mariatxiak, Georgiako skaterrak edo Beyonceren zaleen fenomenoa arakatzen duten dokumentalak izango dira. Eta Sundance zinemaldian Zuzendaritza Onenaren saria jaso zuen “All These Sleepless Nights“ dokumental poloniarra. Aurretik Cancer Moon talde bilbotarraren inguruan egin nahi duten dokumental mokau bat emango dute.
Horiek epaitzen hiru gizon eta bi emakume. Felipe Cabrerizo historialari, musika esataria eta idazlea, Alejandro Díaz Sevillako Zinemaldiko programatzaile buru, Kikol Grau errealizadorea eta iazko irabazlea, Leire Apellaniz ekoizle eta zine zuzendaria eta Virginia García Pino irakasle eta zine zuzendaria.
Aurten ere ez da zine mintegia faltako. Zinema dokumental musikalaren narratiban garrantzitsu izango den alde bat aztertuko da. Aurten dokumentatzeko, kontatzeko, iritzia emateko eta are programatzeko ekintzek jarrera kritikoa duela eta bai zine modalitate horrekiko, bai eta ikusgarritasuna eta balioa hartzen duten narratiba eta lengoaiekiko ere. Hori aztertuko dute. Irekiera eta itxiera festak izango dira gainera eta kontzertu pare bat. Sarrerak ekitaldi guztietarako salgai daude Dock of the Bay webgunean bertan (http://www.dockofthebay.es/2017/eu/) edo Donostia Kultura (http://www.donostiakultura.eus) eta Sade Zinematan (http://www.gruposade.com).
Programa guztia ondorengo esteka honetan ikusiko duzue: http://www.dockofthebay.es/2017/eu/programa/. Hori eskeiniko dute 10. edizio honetan, erreflexio hau sortu duen edizioak: “atzera begiratzean, gaztetua ikusten dugu gure burua, ilusio handiz eta erne beti. Ibilitako bideari begiratzeak hunkitzen gaitu. Saihestezina da“. Hurrengo hamar urteei osasuntsu heldu diezaioten.
Please comment with your real name using good manners.