Abenduaren bukaera film laburren uzta errepasatzeko aukera omen da. Edo hori iritzi diote zine programatzaileek. Santomas egunean, urteko egun laburrean, hainbat laburren emanaldi izan ziren Angelun, Bilbon, Donostian, Eibarren eta Gasteizen. Film laburren promozioa egiteko “Egun Laburrena” ekimenaren laugarren edizioa izan zen. Orain Tabakalerak film laburren aurkezpen bat programatu du. Eguberri egunean, bi emanaldietan nazioarteko zinemaldietan ibilitako zazpi film labur emango dituzte. “Urterik laburrena” izenburupean Canneseko Film Laburren Urrezko Palmatik hasi O Condeko zinemaldian dokumental labur onenaren saria jaso zuenarerte ikusteko aukera izango ditugu.
Arratsaldeko zazpietako saioan lau film labur emango dira. Iaz Europan dagoen zine indedependientearen jaialdi garrantzitsuenean, Rotterdamen, aurkeztu zuen Keira Espiñeirak bere lehen labur dokumentala. “Tout le monde aime le bord de la mer“ Ceutan eta Tarifa artean filmatu zituen Europara salto egin nahi duten etorkinen errealitatea eta ametsak ekartzen dizkigu. EFA, Europako Zine Akademiako sarietara izendatua zegoen.
Velasco Broca zinegile gasteiztarrak Indian hartu zuen babes hiru urtez. Hor hasi zen “Nuestra amiga la luna“ filma errodatzen. Ganges ibaiaren ertzean bizi den Hadji aniztasun funtzionala duen gazte hindua da. Duen apurra galdu ondoren, jatorri errusiarreko gidari espiritual batek dizipulutzat hartuko du. Nazioarteko estreinaldia Locarnoko Zinema Jaialdian (Suitza) egin zuen.
“Notes from Sometime, Later, Maybe“ filmak iraganeko dokumentalistak eta gaurkoak lotzen ditu. 1939an, Depresio Haundiaren bukaeran, Hego Dakotako herri bateko biztanle batek kamara eskutan herritarrak filmatu zituen. Laurogei urte beranduago zinegile bat herri horretara joango da material horren bila. Roger Gomezek eta Dani Resinesek zuzendutako dokumental hau Busan eta “Visions du Réel” zinemaldi ospetsuetan aurkeztu ondoren, Portugaleko Vila de Condeko Curtas Zinemaldian Dokumental onenaren saria jaso zuen.
Eta Vila de Condeko Zinemaldi horretan, animaziorik onenaren saria jaso zuen “Decorado” filmak. Uniko euskal etxearekin egindako filmean, Alberto Vázquez galiziarrak mundu agertoki zoragarri batean aktore negargarriak jarri ditu. Underground animazio hau Annecyko animazio-zinemaldi ospetsuan estrenatu zuten. Donostiako Beldurrezko Zine Astean Zilarrezko Melies Saria Europako film laburrik onena jaso zuen eta Goya Sarietarako izendatu dute.
Bigarren emanaldia 20:15tan hasiko da. Eta hasi Toronton mundu mailako estrenaldia izan zuen “Montañas ardientes que vomitan fuego“ filmarekin. Samuel M. Delgado kanariarrak eta Helena Girón galiziarrak Lanzaroten dagoen “La Corona” inguruan egindako filma da. Uste dutelako sumendi-hodiak espazioen eta denboren arteko ontzi komunikatuak direla eta erresistentzia esperimenta daitekela hodi horietan.
Tabakaleran eskolak emandako Elena López Rieraren bigarren laburmetraia da “Las Vísceras“. Udako arratsalde heze batean, emakume batek untxia kolpe lehor batekin hilko du. Denek heriotzaren eguneroko erritualari begira daude. Locarnon egin zuen mundu mailako estrenaldia filmak.
Eta dena borobiltzeko Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen film laburra. Juanjo Giménez zuzendariak aparkaleku bateko segurtasun zaindari batzuen istorioa kontatu du “Timecode“n. Diegok gaueko txandan egiten du lan. Lunak egunekoan. Elkar ez topa egitera kondenatuak daude. Goya saria lortzeko hautagai sendoena da eta Oscar sarietan azken txanpan dauden hamarren artean dago.
Please comment with your real name using good manners.