Asteazkenean Irandar zinegile ospetsu bi Seminciko 61. edizioko Sail Ofizialean. Horiekin lehian, bere lehen film luzea, luze arrakastatsua, egin duen zuzendari tuneziarra. Lehiaren maila igo den eguna da gaurkoa.
Lau film labur, saritutako film laburrak burutu ondoren, Mohamed Ben Attiak bere lehen film luzea Berlinen, Sail Ofizialean lehian, erakusteko aukera izan zuen. “Inhebek Hedi“ (Hedi) filmak arrakastaz bukatu zuen Berlinalea. Lehen film onenari saria eskuratu zuen eta Majd Mastoura antzezleak gizonezko aktore nagusiaren saria, Zilarrezko Hartza, etxeratu zuen. Atenaseko Zinemaldian ere pelikula onenetzat jo zuten.

Hediren bizitza amak disenaitu du. Amak erabakitako neskarekin ezkontzekotan dago, ametsak dituen Rym gazte alaia (Rym Ben Messaoud) ezagutuko duenean. Emakume hau askatasun bolada izango da ordurarte arauei men egindako mutilarentzat. Udaberri Arabiarren ondorengo Tunezen girotuta, tradizioa eta modernitatea, konbentzionalismo eta haustura arteko borroka agertzen du. Tunezen iraultzak ekarritako aire berriak batzuentzat agian gehiegi izan zirela aditzera ematen du. Freskoa, zinean aktore hasi berriekin egina. Ez nau guztiz bete, hala ere.
“Aprósito de Elly” eta batez ere “Nadir y Simin, una separación” zoragarria, Oscar saria lortu zuen pelikula zoragarria filmatu ondoren, Asghar Farhadi irandarra izena duen zuzenaria da. Eta ondorioz, ikusmina sortzen duena. Cannesen lehiatu zen gaur Semincin ikusi den “Forushande (The Salesman)“ honekin. Bertan aktore eta gidoi onenaren sariak eskuratu zituen. Gustukoa izan nuen, baina egia esan saria merezi zuten hobeagoak zeuden.
Bikote gazte batek etxea utzi beharko du etxean arrakaladak sortzen direnean. Antzerkigileak, “Muerte de un viajante” antzezlana prestatzen ari dira. Antzerkiko lankide batek etxea alokatuko die. Eta bertan gertakizun nazkarri bat suertatuko da. Gertakizunak sortuta eta antzezlana aurrera doala bikotearen bizitzan ere arrakalak sortuko dira. Cannesetik eta Valladolidetik pasa ondoren, azaroan Frantzian eta abenduan Espainian du estrenaldi komertziala.

Aitortu behar dizuet. Reza Mirkarimiren izenak ez zitzaidan ezaguna egiten. Dokumentatu eta ikusi dut bederatzi film zuzendu dituela eta hainbat zinemaldietan sariak jaso. Agian horregatik gutxi espero nuen Valladolidera ekarri duen “Dokhtar“ (Alaba) honetatik. Iranen emakumeek jasaten omen duten egoera salatzen du. Iran hegoaldean bizi den Setarehek aita zorrotza du. Ezin jasan eta emakume gaztea Teheranera joango da, hain zuzen, aizparen ezkontzerako konpromezua ospatu nahi dutenean. Horrek etxean zalaparta sortuko du. Asko gustatu da eta espero dut Semincitik pasa ondoren, banatzaile espainiarrak erostea eta zine aretoetan ikusteko aukera izatea.
Please comment with your real name using good manners.