Donostiako Zinemaldian Zuzendari Berri sailen pareko da Semincin egiten den “Punto de Encuentro“ saila. Bertan lehiatzen diren filmak zuzendarien lehen edo bigarrena dira. 2009tik lehiaketa da eta bere epaimahai propioa du. Aurten sail horretan Kroaziatik, Mexikotik, Perutik eta Israeldarretik etorritako lanak ikusteko aukera izan dut. Eta esan behar dut orokorrean maila nahiko ona izan duela.
Veneziako sail batean estrenatu zuten eta bertan euromediterranear film onenaren saria jaso zuen “Ne Gledaj Mi U Plat“ (Deja de mirar mi plato) pelikulak. Hana Jusic kroaziarrak bere lehen luzea Kroaziako kostaldeko hiri txiki batean girotu du. Gazteek uzten duten hiri horretan bizi da Marjiana (Mia Petricevic). Aita zorrotza duen familia disfuntzional batean. Aitari iktusa ematen dioenean, bizitza hankaz gora jarriko zaio. Ondo zuzenduta dago, ondo eramanda, baina “deja vu” izan dut, gaia astinduegia iruditu zait.
Ikusitakoa ere Joel Calero peruarraren “La Última Tarde“ filma, estiloan behintzat. Izenbururekin jada Valladoliden atzerabegirakoa duen Richard Linklaterren “Before …” trilogiaren oihartzuna dugu. Izan ere Perun aktore ezaguna den Lucho Cáceres eta Katerina D’Onofrio urte askoren ondoren elkartzen den bikote bat da. Ezkerreko gerrilari ohiak dibortzioa sinatzeko biltzen dira. Ordu batzuz bikote eta militante iragarani astindua emango diote. Ezkerreko militantza hori gaia ere bada Calerok aurkezpenean aditzera eman zuenez. Perun bizi den ezkerraren loraldiak eta militante ohi diren lagun batzuen berbaldiak sortu zuten filma egiteko gogoa Calderongan. Linklaterren trilogian bezala, hemen ere aktoreek landu dute hizketa. Neurritsu eramanda, gurean ere sumatu daitezken oihartzunak ditu filmak. Agian zinemaldi honetan gehien interesatu nauen filmeen artean dago. “La Última Tarde” Limako Zinemaldian aurkeztu zen eta publikoaren eta gizonezko aktore onenaren saria jaso zituen.
New Yorkeko Tribeca zinemaldian aurkeztu eta Berlinalen “Panorama” saileko publikoaren saria jaso zuen “Junction 48“ (Cruce 48) Udi Aloni israeldarraren bigarren fikziozko filmak. Tel Aviveko aireportutik gertu dagoen Lod herri palestinarrean bizi da Kareem. Egunez “call center” batean lan egiten du, gauez rap saioak ematen dituen. Saio horietan bere herriak sufritzen duen egoera salatuko du. Kareem gorpuzten Tamer Nafar rap kantaria. Bere errealitatearen islada edo, raperoak idatzi ditu filmean entzuten diren kanta asko eta gidoian lagundu du. Aloni zuzendari israeldarraren aspaldiko laguna omen da. Ulertzen dut zergatik gustatu zitzaion publiko alemanari. Polita, batzutan politegia, batez ere, erromantikoak izan nahi dituen pasarteak. Baliogarria ere palestinarrek duten egoera islatzeko.
Buñuelen tokeak ditu Berlineko “Forum” saila arrakastatsuan lehiatu zen “Maquinaria Panamericana“ filmak. Joaquín del Paso mexikarrak zuzendu duen lehen fikzio luzeak komedia ikutuz berez drama dena kontatuko digu. Ostiral goiz batean, lanetako makina saldu eta konpontzen duen enpresa batean, langileak astebukaerako prestatzen ari dira. Baina enpresako jabea lantokian hilda azaltzen denean, enpresaren benetako egoera ezagutuko dute. Enpresa porrot egoeran dago, ez dago dirurik jubilazioetarako ere. Egoera ezkutatzen saiatuko dira langileak. Ironia eta surrealismoa dira nagusi hainbat zinemaldietan saria jasotako film honetan. Dibertigarria, tarteka zaila duela mailari eustea, baina pentsatzen uzten zaituen horietako bat.
Please comment with your real name using good manners.