Hainbat zinemalditan arrakasta izandako hiru film lehiatu dira asteartean Seminciko 61. edizio honetan. Hiruek emakumeak dituzte pertsonai nagusien artean, ama bi eta borrokalari bat. Hiru filmak gainera beste zinemaldietan arrakasta izan ondoren gerturatu dira Valladolidera.
Valladoliden jaiotako Alberto Morais zuzendariak hainbat sari jaso zituen bere lehen filmarekin, “Las Olas” filmarekin. Hurrengoak, “Los Chicos del Puerto” filmak, Toronton izan zuen estrenaldia. Ibilbide indartsua espero zaion Moraisek lortu zuen bere hirugarren filmerako Canneseko Cinéfondation l’Atelier ezagunaren laguntza proiektua orrazteko. Hortik atera zen Montrealgo Zinemaldian mundu mailako estreinaldian eta Semincin Europako estrenaldian lehiatu den “La Madre“ film hau.
Aurrekoetan bezala belaunaldi bi nahasten ditu. Bigarren filmearekin parekatuz, nerabe bat ere da pertsonai nagusia. 14 urteko Miguel (Javier Mendo) mutikoa. Ama langabe eta ezegonkor batekin bizi da. Zerbitzu Sozialen beldur, amaren mutilagun ohi batengan joan beharko du ostatu bila. Ama hori gorpuzten Moraisen aktore fetitxe bilakatzekotan dagoen Laia Marull dugu. Bi pertsonaiak hotzak egiten dira. Pertsonai beroena agian Nieves de Medinak jokatzen duen tabernaria gertatzen zaigu. Agian orduaren eragina izango zen, baina gehiago espero nuen. Hainbestetan kontatutako istorioa gertatu zait.
Hainbat film labur egin ondoren, 2012an fikziozko bere lehen filma sortu zuen Kleber Mendonça Filho brasildarrak. “Sonidos vecinos” filma hainbat zinemalditan ikusi zen eta kritikaren txalo andana jaso zuen. Ondorioz, Cannesen Sail Ofizialean bere bigarren luzearekin “Aquarius“ filmarekin lehiatzen zela jakin zenean, kritikoek gorriz markatu zuten euren agendan. Eta ez zuen hutsegin. Canneseko lehiaketatik pasa zen film sendoenetakoen artean jo zuen kritikak.

Zalantzarik gabe, dena den, filmearen punturik indartsuena Sonia Braga aktorea da. Berau Clara da, bizitza oparoa bizi duen emakume jubilatu burgesa da, Recifeko itsasertzean dagoen edifizio eder eta zahar batean bizi dena. Auzoko bakarra da. Etxeko nagusiek etxea bota eta berria, pisu gehiagorekin, egin nahi du. Baina Clarak ez du etxea utzi nahi. Orduan etxe jazarpena hasiko da. Askoren esanetan Valladoliden Cannesen ukatutakoa lortu dezake Sonia Bragak, emakumezko aktore onenaren saria alegia.
Sundancen bi sari potolo lortu zituen “La Cienaga – entre el mar y la tierra“ film kolonbiarrak. Carlos del Castillok eta Manolo Cruzek zuzendutako pelikulak lortu zituen nazioarteko drama bati publikoaren saria eta epaimahaiaren sari berezia Vicky Hernández eta Manolo Cruz aktoreen lanari. Oraindik orain hori nola lortu duten galdetzen diot nire buruari. Peliluka sinpleegia, errazegia iruditzen bazait.

Filma idatzi eta ekoiztu ere egin duen Manolo Cruz aktoreak Alberto gorpuztu du. Distopia duen gaztea. Zingira baten ertzean bizi den den gaztearen ametsa itsasoa ikustea da. Berau etxetik 300 metrora dago. Baina mugitzea eta arnas hartzea galarazten dion gaixotasunak etxean edukitzen du gaztea, etxetik mugitu ezinik. Azkenean Vicky Hernández aktore kolonbiar ezagunak gorpuzten duen amak lagunduko du ametsa betetzen. Filma ikusi ondoren, kazetari espainolak batek galdetu zuen “Mar Adentro” eta “Mi pie izquierdo” bezalako filmak eta gero, zer berri ekartzen zuen film honek. Ezer gutxi egia esan.
Please comment with your real name using good manners.